argia.eus
INPRIMATU
Hau beste gauza bat da!
Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2011ko otsailaren 09a

Topic txotxongilo zentroan emanaldi on bat gozatzea baino askoz plan hoberik ez da egongo, neguko arratsalde baterako. Sartu gara urtarrilaren 29an, bi heldu eta lau umeak. Antzezlana frantsesa omen da, Théâtre pour deux mains taldearena, baina lasai, Poligoniara bidaia honetan ez omen dute asko hitz egiten. “Hobe, belarri pixka bat egin dezatela”.


Egurrezko oholtza pitzatu bat besterik ez eszenan. Grisez jantzitako gizon bat atera da. Ixiltasuna. Mantso mantso doa oholtzara. Pausa. Lurretik arotzen metro horietako bati tira dio, ahal duen goraino, besoa luza-luzatuta, eta bat-batean askatu du (sustoa). Pausa luuuze bat... Hesteak harri ditugu lagunak eta biok (lau piztiak aspertzen badira akabo!). Katxiporretekin ohitutako haurren erantzunak beste aukera bat eman dio artistari. “Noraino iristen dira zinta horiek?” “Zergatik ateratzen dute soinua?” “Zer egin nahi du horiekin?” “Niri beldurra ematen dit / ba niri ez!”. Oholtzako egurrezko pieza bat altxatu du, eta irudi jokoa hasi da. Begiak dituzten lauki batzuk marmarrean hasi dira. Haurrak barre eskandalosoan lehertu dira, ordurarteko tentsioa hausteko “nola hitz egingo du ba horrek! Lauki bat da eta!”. Lauki marmarti denen artean bat bultzatu dute (lauki “oso” izateko puska bat falta duena) eta taldetik erori da. Laguna eta biontzat magia da, nola arraio mugitzen dira zurezko lauki horren begiak, nola uztartzen oholean proiektatutako irudiak objektu errealekin? Haurrentzat ere badute indarrik bai eroritako lauki horrek, bai gainerako pertsonaiek: denak dira geometrikoak, eta irudimenaren esku geratzen da bakoitza zer den asmatzea. Bi hankako makila luze bat “jirafa dela!” dio batek, “zaldia!” ondokoak. Urpean dabilena, berriz, buzealaria da edo txipiroia edo txitxarea (bakoitzaren begien arabera). Hainbat abenturaren ostean, zirkoko eszenak publikoa bero bero dela amaituko du obra: aurkezle berritsuaren esanetara, akrobatak lurretik ateratako zinta horietan behera dilindan jaitsiko dira (“eroriko da edo ez?”), eta musikaren erritmora txaloka ari gara denok. Lau kakanarruek saio osoa pasa dute “niri ez zait gustatzen... bai, bai, orain gustatzen zait” kritika eginez.
Irtetean pentsatu dut zerbait desberdina jaso dugula gaur. Haurrentzako obra gutxik jartzen gaitu publiko osoa buru-lanean, imaginazioa astinduz, interpretazio zehatzetatik libre, sentsazioei adi. Haurrengan estimatzen ditugun gaitasun horiek aktibatuta. Artelan ederra izan da, bai irudiz, musikaz, ideiaz... Gaur dauden aukerekin, zer kultur eskaintza ematen diegu txikitatik?