Gezurtiaren estrategia

Antton Olariaga
Antton Olariaga

Kattalinek bere urtebetetzea ospatu behar du erdigunean zaharberritu duen etxebizitza puskan. Aspaldian da lagunokin ez dela egoten eta, jai gose, nahi du denok joanda ederra egin dezagula.


Nik etxean gelditzea erabaki dut, baina ezin diot hola esan. Herri ezjakituriak kontrakoa aldarrikatu arren, adiskide on bati gehienbat esan behar zaio gezurra. Astelehenean odola atera behar didate (hemen komentatu nahiago ez dudan zerbaiterako) eta ez nabil oso adoretsu. Nirean lasai egotea komeni zait. Festara Ander joango balitz sikiera. Ander joango balitz birpentsatuko nuke. Agertuko nintzateke seguruenik. Baina bera ez dago Kattalinek e-mailean erantsi duen konfirmatuen zerrendan.


Lan kontuengatik, Logroñora joan behar dudala erantzun diot. Urteak dira ez naizela Logroñon egon.


Izan dut arreta handia aitzakiarako hitz zehatzak aukeratzerakoan. Natural itxura izan behar du. Neure burua gehiegi ez desenkusatu. Deitorea ez puztu ere. Gogoan dut behin irakurritako saiakera, gezurtiaren estrategiari buruzkoa, Apuleioren Urrezko Astoako Hemo pertsonaiaren gezurren aztarna testualei, aporistikoei buruzkoa. Irakurleak jakin lezake, hitzei kasu emanez, iruzurretan ari dela Hemo, baina bahitzaileek ez dute asmatzen. Gezurra hitz kontu bat da, ez imintzio konturik. Ironia gauza bera (bere burua autoironikotzat aldarrikatutako idazle batzuei trufa edo buru-trufa aurkituko dien txerririk ez da sortu, beraiek aitortu arte, testutik at, noski). Ironikoak nahita uzten ditu arrastoak. Gezurtiak, antza, nahigabe. Horrexegatik, idazketan arreta berezia jartzen dut. “Kattalin maitea”, hasi naiz.
Larunbatean etxean gelditu naiz. Eta astelehenean, ospitalean, odola atera berri, Kattalin topatu dut kafetegian (gertagarriaren baitan zegoen, zer txandatan ari zen, erizain egiten baitu lan). Festan oso ongi pasa zutela esan dit, kristoren parranda, faltan bota nindutela, ea ni zer moduz Logroñon. Irudipena izan dut tonu berezian, burlaizez, galdetu didala. Susmorik ote du?


Kontatu diot Actual jaialdia zela-eta kudeaketa kontu batzuk konpontzera joan behar nuela, kultur hornidurarenak eta bide batez Micah P. Hinson-en kontzertura gelditu nintzela bertako lagun batzuekin. Sin más. Buelta bat eman genuen lehenago, bai. Laureal kalean txanpi tapa ospetsuak dastatu. Batek Alcampo supermerkatuan aurpegiko krema batzuk erosteko aprobetxatu nahi zuen, urre partikuladunak, on-onak, oso merke (bederatzi eurotan!) saltzen dituztenak; dermatologoek ere gomendatzen dituzte. Gehiegi hitz egiten ari naizelako sentsazioa dut baina Kattalin da erasaten didana. Espolón Pasealekuan izan al naizen ere galdetu dit. Bertan ateratako argazki bitxi bat (Francoren zaldiaren barrabilei egina) erakustekotan egon naiz baina mobila etxean utzi dut. Irribarre maltzur batez, Ander ez ote dudan Logroñon ikusi galdetu dit. Bera ere hara joan zelako larunbatean, egun pasa eta kontzertu berera. Aztoratuta (zer esan orain?), ezetz erantzun diot. Zer dela-eta atera du orain Anderrena? Tranpa al da? Farol bat? Zer demontre ari zen Ander Logroñon?!


Kontzertura berandu heldu nintzela, eta hiritik gehiegi ibili ere ez, azaldu arren, Kattalinen itxurazko ez sinetsia handituz doa. Zer esango ote zion Anderrek? Neure burua gezurtatzen ari naiz?


Azkenik, tortura honekin amaitzeko, bide laburrena hartzea erabaki dut:


“Gezur gehiagorik ez, Kattalin. Zerbait aitortu behar dizut.”


“...”


“Logroñon... zera... Ander eta biok... elkarrekin ibiltzen hasi gara”.


“Ez zenuen esan beharrik. Berak dagoeneko kontatu dit”.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude