argia.eus
INPRIMATU
899. emendakina: legearen barruan, baina ez hain
Unai Brea @unaibrea2 2011ko otsailaren 13a

Espainiako Gobernuan PP zegoen garaian sortu ziren “omnibus” legeak: urte amaieran onartu behar dira, oso prozedura azkarra dute eta praktikan edozer gauza sar daiteke barruan. Petronorren kontzesioa luzatzea, berbarako. Cristina Alvarezek, Meatzaldea Bizirik-en abokatuak, azaldu digunez, “lege hauek ez dira osoko bilkuran eztabaidatzen; hala, dagokion batzordera emendakin bat iristen da, batzordeko kideek entzun dute emendakin hori aurretik adostuta daukatela alderdi bik, eta irakurri ere ez dute egiten. Aldeko botoa ematen dute eta kito”. Dena legearen barrukoa da, zer esanik ez, baina zilegitasunaz luze eztabaidatu daiteke. Izan ere, jurista askok kritikatu du sistema hau.

Petronorri beste 30 urteko egonaldia bermatuko dion zorioneko 899. emendakina Ekonomia Jasangarriaren Legearen barruan sartu da, baina izatez beste lege biri eragiten die: Kostaldearena eta Hidrokarburoena. “Hau, azken batean, Kostalde Legearen erreforma bat da, baina beste izen batekin”, dio Alvarezek.

Alabaina, EAJk eta PSOEk adostu dutena ez da aldaketa txiki bat: Kostalde Legearen espirituaren aurkakoa da erabat. Alvarez ziur dago 899. emendakina Espainiako Konstituzioaren kontrakoa dela, hark espresuki dio-eta itsas eremu publikoa babestu behar dela. Hala ere, arau berria nekez salatu daiteke Auzitegi Konstituzionalean. “Herritarok oinarrizko eskubideen urraketak salatzeko bakarrik jo dezakegu Konstituzionalera, eta ingurumena ez da oinarrizko eskubidetzat hartzen”.