argia.eus
INPRIMATU
Zipriztinak
Xabier Etxaniz Erle 2011ko otsailaren 02a
Euskaldunok infernura. Aurreko batean Bartzelonako lagun bat etorri zen Gasteiza bere amarekin. 90 urteko amona xarmanta zen eta oso sinpatikoa. Gustura egon nintzen beraiekin hiriko eta probintziako bazterrak erakusten; halako batean, baina, kotxea gidatzen ari nintzela amonatxoak bota zidan: “Euskaldun guztiok infernura joango zarete”. Ni zur eta lur geratu nintzen, ikaratuta. Orduan amonak jarraitu zuen gure paisaiei begira: “Paradisua ezagutu duzue”.

Goxokiak.
Mahai baten inguruan gaude, bazkaltzen, lasai asko, herrialde ezberdinetako pertsonak kongresu baten aitzakian bilduak. Nire ezkerrean katalan bat dago eta eskuinean galiziar bat. Aurre-aurrean emakume musulmana dugu, zapiaz estaltzen du ilea eta mahai gaineko ardoa baztertuz laranja zukua eskatu du. Euskaldun batekin ari da hizketan eta bazkari bukaeran irribarrez mahai azpitik kutxa bat atera eta goxokiak eskaintzen dizkigu guztioi. Pozik dago bart bukatu da ramadana eta gurekin ospatu nahi du. “Oso eskuzabalak dira, beti dute detailetxoren bat besteekin” entzuten dut nire ondoan.

Burka. Burka eramatea debekatu omen dute hainbat lekutan. Noiz debekatuko diete prozesioetan bizkarra zauritzen dutenei kolpeak ematea? Noiz kenduko dituzte gurutzeak gure mendi tontorretatik? Noiz esango diete mojei ilea erakusteko? Besteen erlijioaren ezaugarriak ikusten ditugu etengabe baina kristau erlijioa ikusezina zaigu, naturala.

Heriotzaren aurrean.
Txilen jasoa, iragan urte hasierako lurrikaran. Hotel batean dago koadrila handi bat. Herrialde eta adin ezberdinetakoak dira. Goizeko lauretan lurra mugitu eta eraikina belarra haize egun batean bezala mugitzen da. Behera jaitsi behar da, irten hoteletik, arriskua dago eta.

Heriotzaren aurrean badira beldur direnak… batzuk galtzontzilotan jaisten dira –toalla txiki batekin–, emakume bi nahiko dotore –pijama, bata eta lepoko zapia ere jantzi dute “hotz egiten du ordu hauetan”–, bada pijama plantxaturik duena ere, baina guztiak zur eta lur geratzen dira emakume bat ikustean, altxatu, aldameneko gelan dutxatu –“nirea hondakinez betea baitzegoen”– eta jantzi ondoren jaitsi da. Nolako patxada izan duen aipatzen diote, bere erantzuna bestelakoa da: “Ez pentsa, ilea lehortu gabe jaitsi naiz”.

Ba al da bizitzarik?
Zerua eta infernuaz hitz egiten da, heriotzaren ondorengo bizitzaz, han sufritu edo jasango duguna. Hinduek hurrengo bizitzan hobeto egotea honetan sufritu ohi dute, kristauek zerua irabazteko, Mikel Laboaren kantan aipatzen zen bezala, baina testuinguru honetan hona hemen Galiziako herri bateko paretan aurkitutako pintada bitxia: “Ba al da bizitzarik heriotzaren aurretik?”.