29.000.000.000 euro RFF Frantziako Trenbide Sareak zorretan duen diru-kopurua.
5.000 euro ordaindu beharko du etxe bakoitzak zergatan, ibilbidean egon edo ez, AHTren bide berriaren xedea aitzinatzekotan.
4 minutu. Egungo bidea modernizatuko balitz, Bordeletik Baionarako tartean, proposatzen den trenbide berritik joango litzatekeen tren lasterrak ez lioke 4 minutuko aldea besterik aterako zaharretik joango litzatekeenari. Marie-Line Meaux andereari (François Fillon lehen ministroaren aginduz, “bide berriaren integrazio politiko ahalbait hoberena” bilatzera heldutako bitartekaria) emandako ohar konfidentzialetatik eskuratutako datua da. “Arazoa da –eransten du oharrak–, Baionan 18 minutuko geldialdia aurreikusten genuela, eta 18 minutu horiek ere kontuan hartzen genituela kalkuluetan...”
“Misio baten burutzea eskatu zidaten, ez naiz bitartekari lanetara etorri” adierazi zuen Meaux andereak hiru hilabeteren buruan dosierra bukatutzat eman eta RFFren proiektua “egingarritzat” jo zuenean.
809 lagunek parte hartu zuten guztira RFFk 2010eko abenduan eginiko sondeoan. Galdeketa horretatik “biztanleen %89 proiektu berriaren alde eta %11 kontra” zirela ondorioztatu zuten interesatuek. Ondotik argitu denez, ordea, partehartzaileen %64k ez zuen bide berriaren proiektua ezagutu ere egiten eta bitik batek uste zuen tren lasterra betiko bidetik pasarazteaz egiten zitzaiola galde.
1.600.000 tona merkantzia garraiatu da Hendaiatik Mugerrera 2010ean (30 urteko trafikorik baxuena, SNCFren arabera). 2020rako oraingo bidearen kolapsoa iragartzen duen hipotesiak –eta beraz AHTren bide berriaren alde egiteko alibi nagusiak–13 milioi tona merkantziako mugan bilatzen du justifikazioa. Baina 2020an kopuru horretara heltzeko, 8 milioi tonakoa behar zuen izan joan den urtekoak. 1,6tik 8ra bada aldea...
50 tren inguruk zeharkatzen du Hendaia-Baiona tartea egunean. Trenbidearen agintaritzaren arabera, 264ra arteko ahalmena du tramoak. Gaurko merkantzia kopurua bost aldiz handitu eta 10 milioi tona merkantziara helduta ere, gaurko bideek ondo erantzungo lukete,
eta merkantzia garraioarentzat bezala, tren lasterrarentzat eta TER delakoentzat ere bideragarria izango litzateke.