argia.eus
INPRIMATU
Victor Pachon CADE Ingurumenaren Aldeko Taldeen bozeramailea
"AHTren ereduak Concordearen bidea darama: hondoa jotzeko zorian da"
Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2011ko otsailaren 06a
Victor Pachon
Victor Pachon

Zein duzue aurrera begirako estrategia?


Datozen hilabeteak eta urteak erabakigarriak izango dira gainbeheran doan AHT eredu honentzat. Eustea eta irautea, horixe da guk egin behar duguna. Borrokaldi hauen bidez iritzi publikoaren garaipena bilatzen dugu, gure aldeko joera zabaltzea eta sendotzea.
Zundaketak oztopatzeaz gainera, bilkura publikoei jarraipena emateko asmoa dugu, baina proiektuak aipatzen duen korridoretik harago. Bideak ukituko ez dituen herrietan ere alferrikako proiektu honen gehiegikeria azaldu beharra dago.


Zer gertatzen da politikariekin?


Administrazio handietako hautetsiak xedearen alde daude. Bide berriak zeharkatzen dituen udalerrietako hautetsiek gurekin borrokan jarraitzen dute, kasu batzuetan gure eta haien arrazoibideak ezberdinak izanagatik ere (kasura, merkantzien garraioa Erdiko Pirinioetatik igortzearen alde daudenak). Haiekin osatutako frontea posible da, eta guk, ahal den bitartean bederen, mantentzearen aldekoak gara.

Martxoan hauteskundeak izanen dira. Zer eskatzen duzue?


Ez dugu eskualdeetako hauteskundeetan bezain gogor egingo. Lehen itzulian hautagaiak AHTren gainean erakusten duten jokamoldearekiko epai ditzaten eskatuko diegu geure taldeetako kideei eta boto-emaleei. Ez dugu, halere, kontsigna zehatzik zabalduko. Bigarren itzulian ez dugu mezurik zabalduko, jendeek hautua libreki egin dezaten eta nork bere familia politikoarekiko atxikimenduz joka dezan.


Hego Euskal Herriko “Y” edo “H” estrategikotzat jotzen direla eta Gipuzkoan lanak azkartu dituztela kontuan hartuta, zer nolakoa da Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren eragina?


Ongi nabarmen antzeman dugu AHTren aldekoen estutu beharra, bai Eusko Jaurlaritzarena eta baita Akitaniako Lurralde Kontseiluarena ere. Haien lobbyaren plataforma kredituak bilatzen ari da Europan, Hego Bidasoako trenbideak Europako sareetan sartzeko. Horren karira, lurreko garraioaren %8 merkantzien trenbidetik pasatzea agindu dute helburu gisa. Alegia, 358 tonako 23na tren, norantzako eta eguneko. 2006an, norantzako 102 tren aipatzen zituzten. 2008an 62ra murriztu zuten kopurua; 2009an, 47ra... Merkantzien alibia erortzen ari zaio AHTren aldeko lobbyari.


Eta Europak zer eragin du?


Europa koherentzia kaskarreko proiektu honetaz nekatzen hasia da: bidaiariak Bidasoaren hegotik eta merkantziak iparretik; hegoko trenbideak iparreko bi baino 24 metro gorago... Oraintsu 13 milioi murriztu izana horren adierazgarri duzu. Europak gero eta aukera eskasagoak ditu garai bateko finantzamendutan sartzeko eta egungo bideak modernizatzearen aldeko alternatibak indartzen ari dira. Ezer ez da oraindik erabakigarria.

AHTren proiektu berria Concordearekin alderatu izan duzue. Zein zentzutan?


Concordeak berrikuntza ekarri zuen teknologikoki, baina porrota komertzialki. Esportazioko produktu izateari utzi zionean eta Airbusaren aldeko apustua egin zenean industria aeronautikoak gora egin zuen, hain prestigiotsuak ez izanda ere eraginkorragoak direlako. AHTren eredua ere hondoa jotzeko zorian da. Errentagarriak diren tren laster apurrei %45 garestituko zaie bide-saria eta haien errentagarritasun hori kolokan jarriko da.

SNCFko presidentziatik heldu diren hitzak gogora ekarrita, “AHT itsukeria kolektiboaren argumentua da. Hazkundea zorpetzearen gainean egina da. Burdinbide sistemak ezin du bere burua finantzatu. Abiadura Handiari zenbat eta gehiago eman, orduan eta handiagoa da zorra”. Egungo bideak modernizatzearen alde egiteko garaia da. Concordearekin gertatu bezala, ez da hain prestigiotsua baina bai eraginkorragoa.

Korridoreak nola eragingo die laborariei?


Ipar Euskal Herrian kilometroko hektarea bat suntsituko dute. Urbanizazioak ahalik eta gehien saihestu eta laborantza sakrifikatuko dute. Konfiskaziotik harago, desbideratze luzeek edota ubideen aldatzeak ere eragingo diete, eta baserri txikiek, lur-eremuak murriztuta, ez dute aurrera egiteko modurik izanen.

Zein protokolo jarraituko du proiektuak?


Urtearen amaierarako RFFk behin betiko bidea zehaztuta edukitzea du helburu, zalantzarik gabe hauteskundeen ostean, herri galdeketa egingo da eta horren ostean hartuko da azken erabakia.