Jonasen ipuinak
Duela urte batzuk Igerabidek eta Valverdek pertsonaia berri bat aurkeztu zuten euskal letretan: Jonas haurtxoa, eta egile biek harritu egin gintuzten haur horrek nola zion beldurra hozkailu beldurtiari. Kontua da argumentu sinple eta original horretatik abiatuta oso istorio polita, berezia, hunkigarria, egin zutela eta horren ondorioz jaso zuten (barka, idazleak jaso zuen) Haur Literaturako Euskadi saria.
Jonas eta hozkailu beldurtia (1998) liburuaren ostean beste bost ipuin gehiago eskaini dizkigute Igerabidek eta Valverdek, azkena, 2007an, Adio, Jonas izenburuarekin. Urte hauetan Jonas heldutxoago egin da (haur bat izaten jarraitzen duen arren) eta haren kezken, larriuneen eta gogoeten lekuko izan gara. Horrela, gurasoen haserrealdiak ikusi ahal izan genituen, arreba txikia izateak sorrarazi zizkion buruhausteen lekuko izan ginen, ikusi genuen Jonas biziki desio zuen gauza bat lapurtzen edo gauetan ohean arazo oso potoloa zuela, baita “salto batean” amak sarri esaten duen bezala, gauzak egin daitezkeela baina baita egoerak korapilatu ere. Anekdota edo gertakari xumeak dira liburu guztien haria, eta oso lengoaia (idatzizko eta bisual) sinplea erabiltzen dute egileek irakurlea protagonistarekin identifika dadin. Eta, hain zuzen, elementu horietan –argumentuaren eta komunikatzeko lengoaiaren sinpletasunean– oinarritzen da liburu hauen arrakasta.
“Jonas hiru urteko mutikoa da”. Esaldi horrekin (8. orrialdea) hasten da liburu hau, eta berrehun orrialde geroago mutikoaren gogoeta batekin “Ez da hain erraza salto batean itzultzea” (221. orrialdean) amaitu; bi horien artean arestian aipaturiko abenturak, irtenaldi bitxiak, egoera hunkigarriak, tristeak edo barregarriak eta beste mila kontu azaltzen zaizkigu haur honekin gozatzeko.
Aurrekoetan ere aipatu izan da Mikel Valverderen lana, bilduma honetan –orain liburu honetan– ageri diren irudiek duten indarra dela eta. Ilustratzaile gasteiztarra komikiekin hasi zen eta hori nabaria da liburu honetako irudietan; pertsonaiaren presentzia, sentimendua, ikuspuntua… irudien bidez jasotzen baititugu oso modu lortuan; eta idatzian gertatzen den bezala, sinpletasun landuak oso komunikazio aberatsa lortzen du.
Jonasen ipuinak oparia da euskal irakurlearentzat. Istorio ederrak, ilustrazio lortuak, eta haurren nortasunean eta garapenean giroturiko kontakizun entretenigarriak. Lastima liburu honek amaiera ematea pertsonaiaren istorioei. Beste bat etorri bitartean, goza dezagun berriro Jonasekin.