Ipinabarrena munduan parerik ez duen kultura da. Mugarroa bai, mugarro modorro edo zuhaitz-motz soila bai, bere erabilera guztiz zabaldua da. Gidatutako, ipinitako abarrak dituzten zuhaitz ipinabarrak, ordea, gurean eta guregandik inguruetara zabalduta besterik ez dut ezagutzen. Leizeetako Madeleine garaiko margoak eta sarobe edo saroe borobilekin batera, ipinabarrena gure kulturaren gailur garaienetako bat da. Beste kultura batzuen parean nor egiten gaituen horietakoa. Euskaldunon basoarena bezala gure itsasoaren historia, istorioak eta jakintza jaso eta merezi duten tokian jartzen ditugun eguna inoiz erdiesten badugu, egun batez behinik ur gaineko bitsetan ibiltzeko arrazoi sendoa izango dugu: ipinabarra.