Azken urteotan hainbat zientzialari gerren eta klima-aldaketen arteko erlazioak topatu nahian aritu dira.
2007an egindako azterketa baten arabera, antzinako Txinan gertatutako hamabost gerra handietatik hamabitan gerra aurreko aroa hotza izan zen. Aro hotzek elikagai eskasia eragin zuten eta ondorioz jendarteetan arazoak eta egonezinak agertu eta inbasioen aurrean ahuldu egin ziren. Berriki Science aldizkarian argitara emandako artikulu batean, Erromatar Inperioaren hondoratzea klimak nekazaritzan eragindako kalteen ondorioa izan zela adierazten da.
Baina posible al da alderantzizko bidea egitea, hau da, posible al da gizakien arteko gerrek kliman eragina izatea?
Hildako asko, zuhaitz gehiago, karbono gutxiago
AEBetako Carnegie Zientzi Institutuko Julia Pongratz ikerlariak baietz dio. Bere iritziz, populazioaren hazkundearen edo jaitsieraren eta zuhaitz-kopuruaren jaitsieraren edo hazkundearen artean erlazio zuzena dago: guda gogor baten ondorioz eremu bateko populazioa asko txikitzen bada, zuhaitz-kopurua asko hazten da. Horiek karbono dioxido gehiago xurgatzen dute eta berotegi-efektua moteldu egiten da.
Pongratz-ek K.a. 800. urtetik gaur arteko landaredi-mapen eboluzioa aztertu du, eta oso datu esanguratsuak lortu ditu. 1200-1380 urte-tartean mongolek Asian egindako inbasioan hamabost milioi pertsona hil zirela uste da; zuhaitzik ez zegoen hainbat lekutan basoak sortu ziren. Horren ondorioz 700 milioi tona karbono dioxido xurgatu omen ziren, hau da, egun urtebetean gasolina errez sortzen den kopurua. 1519 eta 1700 bitartean Amerikan bertako populazioa akabatu zenean ere basoek hazkunde handia izan zuten; hura, ordea, ez zen gerrate motzetan gertatu.
Hala ere, oso garbi adierazi du Pongratzek gizakiak historian eragindako deforestazioa askoz ere handiagoa eta gogorragoa izan dela eta izaten ari dela gerrek eragindako “lasaitua” baino.