Ametsen lengoaian


2011ko otsailaren 06an
    I
Betaurrekoak utzi ondoren
ohe ixkinako mahaian
barneratu naiz gauero hemen
hasi ohi dudan bidaian.
Nahiz ta nekeak bere lekua
badaukan nire soslaian
indartsuago sentitu ohi naiz
oheratzeko garaian…
Dena errazago konprenitzen
denez ametsen lengoaian
beste behin ere galdu nahi nuke
izarapeko paisaian
eta betazal pisutsuekin
marrazkiak egin nahian
mundu berri bat sortzera noa
nire gelako sabaian.
        II
Seme-alabarik ez du galtzen
pobre jaio den herriak
atzerritarrak bertako gisa
hartzen ditu atzerriak.
Ez dira ikusten plañideraz
betetako hilerriak
negarrik egin gabe erditu
ohi dira jaioberriak.
Harritzen gara, Diario Vascok,
Garak edota Berriak
eguneroko ogi baititu
pozezko eleberriak.
Negua ere lorez betetzen
duenez udaberriak
zuri beltzean ematen dira
koloretako berriak.
 
        III
Gure herriaren egoeran
badago diferentzia
terroristatzat ez baita hartzen
euskaldunon kontzientzia.
Azkenaldian arraro dago
Madrileko audientzia
lehen baino askoz urriagoa
baita gure presentzia.
Urruti daukagu herri zahartu,
ahaztuen dekadentzia
bide berean batu zaizkigu
Katalunia, Valentzia…
Euskal Herriak badauka lurra,
hizkuntza ta esentzia
lortu du orain arte amesten
zuen independentzia.
    IV
Diru galerarik ez du sortzen
jokoak eta pokerrak,
zientziaren aurka galdu ohi dute
IHESAk eta kantzerrak…
Irrien lagunak diren Pirritx
eta Porrotxen posterrak
bezain alaiak bihurtu dira
mundu osoko bazterrak.
Lehenago minaren gune zena
konkistatu du plazerrak
goizero ematen dizkiegu
ingurukoei eskerrak.
Ume jolasen ardatz ez dira
fusilak eta bunkerrak,
garai bateko pelikuletan
agertu ohi dira gerrak.
        V
Guk ez ditugu munstro gisako
etxeorratzak zutitu,
ez da gertatu lehenago beste
kutsadurazko istripu,
agintariak erraustegien
aurka ditugu gainditu,
pegatinetan ez da ageri
jada “AHT gelditu!”…
Lurra maitatzen ikasi dugu,
zerua da oskarbitu,
aspaldi ez ditu ziklogenesi
beldurgarriak erditu,
tsunami edo lurrikarekin
mila bihotz erdibitu…
eta Saharan basamortuak
loreak ernaltzen ditu.
    VI
Ilusiorik ez da faltako
nire gaurko testigantzan
bertso hauetan esan dudana
ez dut jarri nahi zalatzan.
Dena eta guk nahi genukeena
jarri ditzagun balantzan
biak berdindu ta orekatu
ditzakegun konfidantzan.
Nire tokia egin ondoren
utopien enparantzan
ia galdu naiz errealitate
honetaranzko mudantzan,
gaua joan da ametsak egi
bihurtzeko esperantzan
ta eguzkiak harrapatu nau
ilargiarekin dantzan.

XXII. Zapiain Anaiak Bertsopaper Sariketako sorta irabazlea.
Doinua: “Eguzkiak urtzen du goian”.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.


ASTEKARIA
2011ko otsailaren 06a
Azoka
Azkenak
Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude