Bilboko Portuko lanek harea lapurtu diote hondartzari

  • 2005eko martxoan Espainiako Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioak ontzat eman zuen Bilboko Portu Autonomoak La Arena hondartza aurrean estatu osoko urpeko harrobirik handiena ustiatzeko egitasmoa. Bilboko portua handitzea helburu duten dragatze lanak duela urtebete hasi ziren. Urtebete dauka ere, lanak legez kanpokoak direlakoan, dragatzea geldiarazteko zein hondartza babesteko sortutako La Arena Salba Dezagun plataformak.
La Arena hondartzan gero eta gehiago dira gatazkaren ikur bihurtu diren harriak.
La Arena hondartzan gero eta gehiago dira gatazkaren ikur bihurtu diren harriak.Alvaro Hilario Pérez de San Román
2009ko abenduan hasi eta bi hilabete beranduago bukatu zen, La Arena (Muskiz-Zierbena) hondartzatik bi kilometrora, Bilboko portuak ur gaineko 293.000 metro koadro irabazteko 10 milioi metro kubo hondar ateratzeko lanen lehenengo fasea. Bertan eragindako zuloa 20 metro ingurukoa da, hau da, bost solairuko etxe bat bezain handia. Bilboko Portu Autonomoko presidente Jose Ramon de La Fuentek dragatze lanek hondartzan ez dutela inolako eraginik izan esan arren, La Arena Salba Dezagun plataformak, Ezkerraldeko, Meatzaldeko eta Enkarterriko udal gehienek zein Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dute berdin pentsatzen. Izan ere, behin baino gehiagotan eskatu dute, azken hilabeteotan, dragatze lanak geldiarazteko. Udazkena heltzean baina, BPAk berriro ekin dio dragatzeari Azti-Tecnaliari portuak eskatutako txostenaren bermeaz: horrek ziurtatzen du hondartzak ez duela kalterik jaso. Bitartean, hondartzan gero eta gehiago dira gatazkaren ikur bihurtu diren harriak eta agerian geratu dira meatzaritzak utzitako porlan zaharrezko aztarnak. Bilboko Portu Autonomoaren jarrerak hautsak harrotu ditu.

Lehen esan dugun lez, 2009ko abenduan hiritarrek, teknikariek, surflariek eta bestelako erabiltzaileek sortu zuten La Arena Salba Dezagun, dragatze lanak geldiarazteko. Dragatzearen inguruko informazioa –behatze lanak, ikerketa teknikoak, batez ere– zabaldu dute herritarrak eta erakundeak mobilizatzeko asmoz eta Kosta Legea bete dadin. “Dragatzea bera legez kanpokoa da. 22/1988 Kosta Legearen 63. artikuluak argi esaten du beste hondartza bat lehenera etortzeko ez bada, debekatuta daudela La Arenan egiten ari diren bezalako lanak; ezin da eraikuntzarako harea atera. Portukoek izan ezik, inork gutxik sinetsi zezakeen hain erraza zela legea zapuztea”, esan digu La Arena Salba Dezagun taldeko kide Damasok. Legearen harira etorri ziren lanak geldiarazteko eskaerak eta Jose Ramon de La Fuenteri ipinitako kereila. Kereila baztertu egin du fiskalak, ez baitu ikusi delitu zantzurik. Legea eskuan eta urpeko harrobiak beren ustetan hondartzan eragindako kalteak agerian zirela hasi zen plataforma inguruetako eskualdeetako udaletan dragatzearen aurkako mozioak aurkezten: “Hasierako mozioak, Muskizen eta Zierbenan, adibidez, bat-batekoak izan ziren. Aurrerago, taldearen lana sendotu ahala, udal guztietarako testu bakarra proposatu genuen. Hala ere, udalaren edo gobernatzen duen alderdiaren arabera, nork bere ñabardurak eta prozesuak izan ditu”, azaldu du Damasok. Bizkaiko Batzar Nagusiek ere lanak geldiarazteko eskatu dute. Zabala eta askotakoa da, beraz, Bizkaian Bilboko Portu Autonomoak bultzatutako dragatze lanen kontrako jarrera. 2010eko otsailean Portu Autonomoak bukatutzat eman zuen lanaren lehenengo fasea. “Portukoek esan zuten bertan behera utzi zituztela lanak iritzi publikoak behartuta; guk, ordea, pentsatzen dugu jada behar beste harea atera zutelako eten zutela dragatzea”. Izan ere, inork ez daki zehatz-mehatz zenbat harea atera zen lehenengo fase hartan: egitasmoak 1,3 milioi metro kubo aurreikusten bazuen ere, Portuak Azti-Tecnaliari eskatutako txostenaren arabera 2,4 milioi izan dira ateratakoak. La Arena Salba Dezagunekoek gehiago izan daitekeela pentsatzen dute: “Dragen kapazitatea 18.000 metro kubokoa zen; 60 egun eta eguneko lau bidaia eginez, 4,2 milioi metro kubo ateratzen dira”, azaldu digu Damasok. Edozelan ere, AZ3 moila berria egiteko beste izan da. Hasi berria den fasean 2,4 milioi metro kubo atera beharko lukete, AZ2 moila bukatzeko.

Herbehereetako dragarik handiena

Egun, Herbehereetako dragarik handiena dabil lanean, TSHD, 31.136 metro kuboko kapazitatea duena. Zenbat bidaia egingo duen ikusteke dago. Azti-Tecnaliaren txostena ez ezik, Kataluniako Universitat Politécnicak, Kantabriako Unibertsitateak eta EHUk egindakoak ere aipatzen dituzte Portukoek La Arena hondartzak kalterik pairatu ez duela ziurtatzeko. Txostenek esaten dutena beraiek beste inork ez du ezagutzen. Zalantza asko daude erabilitako metodologiaz eta ikerketak egiteko hautatutako garaiaz, neguko mareak agertu baino lehen. Bestalde, Muskizeko udal ordezkariek jakitera emandako datuen arabera, maiatzetik azarora bitartean hondartzak 13.000 metro kubo harea galdu ditu. Azaroan izandako ekaitzak eragina izan zuela onartuta ere, dragak eta portuko lanek zerikusia dutelakoan daude. Harea desagertu ahala, harriak ari dira azaltzen.

“Ekialdetik mendebaldera, altueran metro bat harea galdu da. Kontuan izan behar dugu hor bertan, bi kilometrora, 20 metroko zuloa dugula. Hemen bildutako harea ez da ibaiek ekarria, sedimentazioari esker agertua da, hots, oso prozesu luzean metatua da. Lehenera etortzea zaila eta luzea izango da. Bestalde, lehen beste harea ez egoteak hondartzaren beraren egonkortasuna kolokan jartzen du. Mareak, esaterako, egun dunetaraino igotzen dira”, adierazi du Damasok. Harrien agerpena bada esamesa ugari sorrarazi dituen beste gertaera bat. Bilboko Portu Autonomotik esan dute 1965ean ere eman zela halakorik. “Baina portukoek ez dute esaten artean ere bazebilela beste draga bat, Flaño. Hark Bizkaia osoko etxeak egiteko harea atera zuen. Harriak eta meatzaritzak utzitako aztarnak, oso porlan zaharrezkoak, ez dira kasualitatea izan”. Bizkaia mendebaldeko hondartza, La Arena, arrisku bizian dago. Herritarrek baina, ez dute etsiko berau salbatzeko ahaleginean.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude