Hemen “artista larrutu” bat...
Nintzen artista sateliteari kantu herrikoiak moldatzeko karnetik ez zioten eman nahi. Nola moldatuko zituen euskarazko kantuak erdaldun batek? Ados, ez naiz euskaldun prototipoan sartzen, ez nabil benetakotasun zigilu bila... Baina zergatik ez?
“Artista subentzionatua” ere esan nezakeelako.
Ez dut inoiz pentsatu goapoena nintzelako, besteak kozkorraren apurretara kondenatu, eta ogi zuria jango nuenik. Subentzioa eskatu eta eman zidaten, ez dut ezer lapurtu.
Ai, ai, ai, munduarekin homologatu nahiak galduko gaitu!
Ez nabil homologazio bila. Lehen diskoan Miguel Bosek kantatzen zuelako larrituta zeudenek, Bruce Springsteenek zergatik ez duen hirugarrenean kantatzen galdetzen didate. Noiz ulertuko dute niretzat Amuriza Saramago bezain garrantzitsua dela?
Esadazu zuk ere bide-zidorra autobidea baino ederragoa dela…
Ahal bezain gutxi zapaldutako espazioen bila nabil. Horrek ez du esan nahi Gran Viatik paseatzea gustatzen ez zaidanik, baina auzotarra izanda, jendeak ezagutzen ez dituen eta ezagutzea nahiko nukeen bideetara gonbidatzea dagokit.
Hasi gara aingeruen sexua esplikatzen!
Zergatik derrigortuko dut nire burua kanta bat bi aldiz berdin jotzera ez bazait ateratzen? Beti hala egin delako? Niretzat trikitixa hil ala bizikoa bada zergatik ez diot nire arnasa emango?
“Eman, eman... Hori dek eta!“.
Justu trikitixarekin sortzen hasi nintzenean esaten zidaten nirea ez zela trikitixa. Ulertzen dut batzuentzat bitxo arraroa izatea, baina zorionez, gaur egun, Bilboko Isozaki dorreetan bizita ere izan zaitezke trikitilaria.
Bilboko Isozaki dorreetan bizi den trikitilaria? Hori sailkapen guztietatik kanpo dago!
Zergatik uste duzu jarri niola nire zuzeneko disko bati K izena eta ez T? Nire lanak Keparen K-gatik topatzea nahi dudalako, ez trikitixaren T-agatik.
Ez dakit hori egozentriko ala marketineko aditu baten apustua den.
Ezer ezberdina ez duenak masan diluitzeko edo espezializazio batean galtzeko arriskua du. Zergatik uste duzu sasi guztien gainetik bidea ireki dutenak ditudala gustuko?
Ez esan Compay Segundoren markak haustera zoazenik!
Zergatik joaten zaigu kontrako eztarritik adin fisikoak buru-adinari laguntzen ez dion fasea? Ez dakit lotsa nola garatuko zaidan, ez dakit gorputzak noiz arte erantzungo didan... Dakidana da neure kabuz jaitsiko naizela oholtzatik.