argia.eus
INPRIMATU
2011ko Mundiala
BeƱat Sarasola @bsarasola 2011ko urtarrilaren 25a
Partitokraziak eta kirol profesionalak badute halako aire komun bat. Lehia da nagusi, fitxaketak, saldukeriak, komunikabideetako adierazpenak, polemikak... Horregatik ez dut ulertzen nola harritu ziren hainbeste zenbaitzuk Joan Laporta futboletik alderdien arteko lehiara igaro zenean. Ez da harritzekoa, ezta ere, arrakasta eduki izana.

Datozen udal eta foru hauteskundeak iazko Futbol Mundiala balira, dudarik gabe, Ezker Abertzalea Espainia litzateke. Txapeldungai behinena, gainontzeko aurkariek itzelezko ikara diote. Ez da inoiz txapelduna izan, galtzaile porrokatua, garaitu eta arrakasta izan baino lehen nahiago hilik. Galdu arte, hasta la derrota, siempre. Final laurdenetan etxera joatera ohituta, historiaren zamagatik ez balitz, dudarik gabeko faborito litzateke. Joko estilo aldetik ere antzera. Azken urteotan garatutako tiki-taka sonatua. Bat-bikoa Espainiako Gobernuari, sonbreirua Gorenari, bizikletarena Fiskaltzari, eta abar. Taldean, gainera, “sentsibilitate ezberdineko” jokalariak daude. Oskar Matute erretaguardian, Gerard Piqué-ren gisara, Pello Urizar Xavi bailitzan antolatzaile lanetan. Shakira ere ez dabil urruti. Hortxe omen zegoen, Gasteizko ekitaldian, poxpolin jantzitako azafata koitadua. Baina, kasu, gauzak aldatu egin baitira. Porrotaren epikaren txapeldunak, ezetzan zaildutakoak –“siempre negatifo” Louis Van Gaal-ek esango lukeen eran– orain halako bizipoz batek hartu ditu. Oraingoak ezberdina dela ematen du, orain benetan irabaztera doazela dirudi.

Aralar Uruguai litzateke, Espainiaren kolonia ohia, eta Hego Amerikako joko adierazgarri horrekin: zangotrabak, bultzada disimulatuak, itxurak egiten etengabe, denbora galtzen... Euskara jatorrean esateko, “eperra mareatzen” adituak.

Hala ere, ezin alde batera utzi betiko talde klasikoak. Alderdi Popularra Italiaren rolean. Beti lehiakor, beti prest sarekadarako, jokoa narrasteko. Eta ezin ahaztu, jakina, aurreko hauteskundeetako garaileak direla, egungo txapeldunak. Horien alboan, beste finalista izan zena, Frantzia, Alderdi Sozialista. Ez dator bere momenturik onenean. Rodolfo Ares, Raymond Domenech nola, ez du inork maite, gatazka da bere habitat naturala, saminez bizi da. Aldageletan ez da giro, hika-mikak, denak elkarren kontra, adostasunik ez. Ramon Etxezarreta Nicolas Anelka-rena egiten, Patxi Lopez, Thierry Henry-ren antzera, eskuaren laguntzaz golak sartzen, Jesus Eguiguren (Franc Ribéry) bere kasa, bost axola dena.

Baina zinezko talde klasikoetaz mintzo bagara, irabazleetan irabazleaz, hitz batean, Txapeldunaz –letra larriz–, orduan Brasilez ari gara, noski; hots, nork esango luke, EAJ-PNVz. Ezagun da rock&rolla ez dela beren musika maitatuena, ez dakit bossa-nova zaleak diren, baina garbi dagoena da, izanak izan, beraiek direla faborito nagusi beti. Lider bat dute faltan, Ronaldo eta Ronaldinho gabe, Kaka sasoi eskasean; baina EAJ, EAJ da. Juan Jose Ibarretxeren jogo-bonito garaiak igaro dira eta orain Iñigo Urkulluren, esan nahi baita, Carlos Alberto Parreiraren pragmatikotasuna gailendu da.

Ezker Batua, UPyD eta Hamaikabat-ekin (H1!) zer gertatzen den galdetuko duzue; hurrenez hurren, Dominika, Antigua eta Barbuda. Ez dira sailkatu azkeneko faserako, eta etxean geratuko dira, 2011ko Mundiala telebistaz ikusten. Gu geu bezalaxe, latako garagardoak edaten ¡Es-pa-ña!, Allez la France! edo antzekoren bat oihukatzen dugun bitartean.