argia.eus
INPRIMATU
Makroa eta agian mikroa
Joxerra Aizpurua Sarasola 2011ko urtarrilaren 18a
Europako BPG puntu batetik gora hazi zen 2010ean, baina desberdintasun handiak izan ziren estatutik estatura; Frantzian %1,5 hazi zen bitartean, Espainian %0,2 txikitu zen”. “Espainiako langabezi-tasa 2010ean azken 15 urteetako mailarik handienean dago”. “2010ean munduko batez besteko tenperatura 0,2ºC hazi da”. Estilo honetako izenburuak irakurtzen ditugu egunkarietan eta entzuten ditugu telebistan, eta informazio-mota horiekin gure iritzia nahiz egoera animikoa baldintzatuta geratzen dira. Baina aipatutako izenburuak egia baldin badira ere, norberaren bizitzari dagokionez ez dira hain egiak.

“Euskadiren BPGa %0,2 hazi da 2010. urtean eta langabezia %2 hazi bada ere, Europako batez bestekoaren antzekoa da”. “Euskal Herrian 2010. urtea hamarkadako hotzenetakoa izan da”. Azken esaldi hauek hurbilago daude gure errealitatetik aurrekoak baino, baina ezin uka guztiak egia direla.

Aipatu adibideak makro egoerak (Mundua, Europa, Espainia, Frantzia, Euskal Herria,...) adierazteko esaldiak dira eta makro datu horietaz baliatzen dira estatuak eta botere ekonomikoak, euren negozio-estrategiak bideratzeko garaian; gainera sinestarazten digute horrelakoa dela bizitza. Bestalde, jakin ongi dakigu norberaren bikirik ez dagoela mundu osoan; ni hemen bizi naiz, horrela pentsatzen dut, senide hauek ditut, nire pentsamendua horrelakoa da, nire herrian euria ari duen bitartean ondoko herrian agian ez..; ni, ni naiz, ni mikroa naiz mundu honetan.

Mikroa gara, baina makroak agintzen du eta utzi egiten diogu agintzen. Makroak agintzen digu Iberiar penintsularen iparraldean, Bilbokoaz gainera, beste superportu bat ere behar dugula, Euskal Herrian zikinkeriak ezabatzeko erraustegiak behar ditugula, Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Teknologiaren planak Europako makroidea multzoarekin osatu behar direla esatean. Mikroak agintzen digunaz ez gaude oso ziur, agian superportuen ordez portu eraginkorragoak eta hobeto konektatuak, agian erraustegien ordez muturreko birziklapena Zientzia eta Teknologiako planaren laguntzarekin.

Agian mikrotik sortutako ideiak, asmoak edo negozioak norberaren ekosistemarekin naturalago uztartuko dira eta ondorioz globalizazioaren bidez transmititu zaigun krisiaren eragina txikitzeko bidea izan dezakegu; agian mikroetan oinarritutako ekonomien bidez, munduko mikroen aurrean errespetua erakusten duen ekonomia globala sortu dezakegu, agian.