Kaleko istiluak: Estatuak gazteak kanpo laga ditu

  • Tunisian eta Aljerian hamarka herritarren heriotza eragin duten istiluek, Frantziako hiri auzuneetako liskarrek, Grezian errepikatzen diren matxinadek, Tailandiakoek... zerikusirik ba ote dute elkarrekiko? Handia, Alain Bertho antropologoaren aburuz. Itxuraz zio oso ezberdinek piztu dituzten arren, sakonean antzeko arazoa salatzen dute.
tunisia
Nola liteke Tunisian sua piztu eta berehala garrak Aljeria osora zabaltzea? Baina zer daukate ikusteko berrikitan gerra zibil errukigabean ehunka mila bizi galdu dituen Aljeriak eta Magrebeko sistemarik egonkorren bezain patxadatsuena omen zeukan Tunisiak?

Istiluen irudi zirraragarriak bata bestearen ondotik eskaintzen zaizkigularik hedabide guztietan, azken liskarrak aurrekoa ahantzarazten digu. Hasteko, irudi bakoitza testuinguruan kokatzeko lanak dauzka ikusleak. Bestalde, karrikako matxinada espontaneo inprobisatuak esplikatzeko zailtasunak dituzte beti analistek. Eta, azkenik: zein hari logikoz lotu batekoak eta bestekoak?

Alain Bertho antropologoak pista interesgarriak eskaintzen ditu. Paris-VIII Saint-Denis unibertsitatean irakasle ari da, berrikitan Le temps des émeutes (Istiluen aroa) liburua plazaratu du eta Antrhopologie du présent blogean mundu osoan gertatzen diren liskarrei gertuko jarraipena egiten die.

Frantsesezko liburuen aktualitatea jorratzen duen Non Fiction gunerako galdezka hurbildu zaio Mathieu Gaulène. Hark hautatua da lerroburua: “Istilua da leiho bat zabaltzen dena kanpok munduaren eta Estatuaren artean”.

Gaurko istiluek ez dute, Berthoren iritzian, duela gutxi artekoen izaera bera. Lehen ere baziren garai batzuk besteak baino liskartsuagoak, XVIII. mende bukaeran edo XIX.eko erdialdean (1848 famatua barne) ikusi zen bezala, beranduago Lehen Mundu Gerraren ostean, gero 1960ko hamarkadan. Oraingoak, ordea, ezberdinak bide dira.

Azken urteetakoak pertsonetan zentratzen dira mugimenduetan eta egituretan baino, subjektibotasunak hartu du gaina. Bestetik, matxinadotan helburua ez da boterearen jabe egitea baizik eta botereari une batean esatea “aski da, marra honetatik aurrera joaterik ez dugu onartzen, ez gaitzazue probokatu”.

Horren froga ugari ikusten du Berthok urteotan. Madagaskarren iaz istilu latzak izan ziren, gobernua aldatu zen baina hala eta ere herritarrak konponbidetik kanpo geratu ziren. Berdin Kirgizistanen, agintea eskuz aldatu arren istiluek jarraitu egin zuten. Bangkoken protestariek ez dute boterea eskuratu nahi, hauteskundeak eskatzen dituzte.

Berthok garrantzia berezia ematen dio herritarren kanpo sentitze horri, uste baitu ez dariola sarritan mugimenduoi egotzi zaien apolitikotasuna. Gaur arteko politika klasikoan alderdiek zuten zeregin nagusia, haiek zeukaten helburutzat Estatua aldatzea, herritarren izenean Estatuaren jabe egitea. “Baina gaur egun partiduak ez dira ezeren bitartekari, haiek erabat Estatuaren parte dira eta aldiz jendeak kanpo daude. (...) Jendea ez da axolakabea, baina politika modernoan ez gaude gehiago”.

Munduko istiluen haria

Urteotako hauteskundeetan handitu den abstentzioa herritarren kanpotasun horretatik esplikatzen du Berthok. Estatuek globalizazioa kudeatu beharra daukate. “Greziako gobernuak ez dizkie kontuak ematen nagusiki herritar greziarrei, batik bat mundu mailako indar ekonomikoei erantzun behar die, Europari...”. Egoera zail horretan, Estatuak gero eta usuago darabiltza burokrazia, autoritarismoa, mespretxua.

Jendeak ulertu du kanpo dagoela, eta kanpoan kokatu da: abstentzioa, greba. Estatuak, ordea, ezin du jasan luzaz herritarrak kanpo egote hori. Haien bila hasten da, batzuetan kanpaina bidez (“Botorik ez ematea ez dago ondo”). Baina poliziaren probokazioak ere, askotan gazteak tratatzeko agenteek dau­katen modu dis­ziplinario, mes­pretxuzko eta era­sokorra, logika berean sartzen da: Estatua atera da gazteen bila. Bere moduan.

Kaleko istiluak logika horretatik ulertzen saiatzen da Bertho. Ez da beti erreza. Kanpo sentitzen diren herritarrek ezberdin agertzen baitute haserrea. Frantziako auzuneetako istiluetan, 2005ean, ikerlari asko harritu ziren hitz gutxi zelako, pankartarik ez, kontsignarik ez, negoziaketa programarik ez. Ekintza da hitza. Ekintzak, mugimenduak, irudiak. Bideoak, argazkiak. Eta sua karrikan, sua gauez, kagulak, kaputxak.

Estatuak arazo latza dauka gazteriarekin. Lehendik herriak bezala, orain gazteek ihes egiten diete agintariei. Gazteek etorkizun bat nahi dute eta agintariek ezin diete eskaini. XX. mendeko itxaropen argi guztiak itzali dira, mitologia iraultzailea barne. Lurra planeta bera ageri da amildegira erortzeko bezperan. Be­r­thok dioenez, “bada gaurko munduan gazteekiko agresibitate bat konparatu ezin dena aurretik seku­la ezagutu denarekin. Gaur ez daukazu munduan herrialde bakar bat une batean edo bestean unibertsitateak irakiten ikusi ez dituena”.

Estatua indarrez ari da erantzuten orain artean. Istiluen kontrako polizien militarizazioa aipatu du Ber­thok. “Poliziaren eta gerraren arteko tartea laburtzen ari da edonon”. Poliziek armadari hartu dizkioten materialak eta estrategiak, hirietan kontra-gerrilla egiten dute, itxu­ra kolonialeko erasoak hirietan.

Arazoa da gerran armadak badakiela noizbait negoziatu beharko duela arerioarekin. Poliziak, aldiz, ez du negoziatzen, solaskiderik ez du, etsaia suntsitu edo espetxean sartu.

Antropologoak aitortzen du asko ikasi duela urteotan ikasle eduki duen semearekin. Sozializazio politikoan hezitako belaunaldientzako oso neketsua baita izaera berriko mugimenduok konprenitzea. Militantzia politikoan urteak eman dituen aita ikerlaria saiatu da ulertzen nola funtzionatzen zuten lizeotar gazteok, mitinik gabe, kontsignarik gabe. “Antolatzeko modu tradi­zionalak oso astunak geratu dira”.

Alain Berthok hogeita hamar urtez goiti zeramatzan auzuneak eta krisi politikoak ikertzen, horrekin batera berak gazte denboran bizi­tako kultura eta antolaketa politikoa dekonstruitzen. “Baina 2005 eta 2006ko istiluekin esnatu naiz, hemen ikusitakoekin. Denbora gehiegiz aritua nintzen kanpotik begira, gauza handirik ikustera iritsi gabe”. Istiluak ikertzen ari zen ordura arte jakina zenarekin, baina bidea beste bat zen: berria zena hasteko ezagutu egin behar zen, gero esplikatzeko.

Eginak zeuzkan ikerlanak sarean ipini zituen libre. Bildutako material guztia denen begien aurrean, isti­lu­etan protagonistak zirenek eskuragai, hesi akademikoak apurtuta. Ordainetan, asko irabazi du Berthok. Bere orriek daukaten bisitek erakusten diote matxinatuen interesak une bakoitzean nondik da­biltzan. Ikerlariak bere fruituak eskaini ahala gazte askok beren informazioak ematen dizkiote.

“Nire blogak interes hori dauka: nihaur gertakizunetatik kanpo ez aurkitzea, eragileekin solasean gertakizunen garaikide izatea”. Programa txarra ez, kazetari batentzako ere.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude