argia.eus
INPRIMATU
Ke arteko
Joxemari Ostolaza 2011ko urtarrilaren 11
Egunak joan zaizkigu. Atzo, egunero kafea hartzen dudan tabernan nire kafearena baizik ez nuen aditu. Eta lurruna ez da kea. Hau sanoa dugu. Bertan ostatuan zigarroa erretzeko ohiturari segida eman ezinik, Lapurditik Gipuzkoara egiten zuen jende andanaren falta sumatu omen du jada tabernariak. Tabakoa eta patarra erosi, eta tabernan sartu gabe joaten omen dira lapurtarrak beren kotxeak erregaiez betetzera gasolindegira zuzenean, aurtengo bigarren egunera arte tabakoa errez tertulia luzetxoak egiten zituztenak bertako tabernetan.

Ateri zegoen taberna. Eta atarian jarri behar izan dituzte mahaitxo zenbait hautsontziak baliatze aldera, gauetik goizera dekorazioa ere ez dela komeni aldatzea erabat pentsatuta. Baina zigarroa erretzeak edozein posturan ez du plazer bera ekartzen, eta kanpoan zegoen tenperaturak ez zuen jendea animatzen. Aurki, atariko erretzaileentzat TAO bezalako zigorra jartzeko kapaz dira Herriko Etxekoek dituzten zorren plazebo. Eta esan dutenez, arratsaldetako muslariak leku pribatu baten bila dabiltza jada, tabernariaren desesperaziorako. Telebistetako futbol partiden erakartzeak ere, kerik gabekoek irentsi omen dituzte tragoak eta guzti. Hala ere, ni Zaragozakoa ikustera noa tabernara.