“Fracking” gasa dator, erregai fosil zikin eta suntsitzailea

  • Komunikabide handi batzuek saldu dutenez, teknologia berriei esker orain arte baino gas natural askoz gehiago edukiko dugu erregai. “Iraultza isila” ei dakar. Aldiz, gas “berri” hori idokitzen ari diren lekuetan ikasi dute gas berria eskuratzea ez dela batere merkea, ez garbia... eta ez isila. Liskarrak eragingo ditu gure inguruan laster.
net hurbil
Ikasi hitz berri hau: fracking. Ez duzu hiztegian aurkituko. Aldiz, Wikipedian esplikatuko dizute hydraulic fracturing (urez haustea edo apurketa hidraulikoa) kontzeptuaren laburdura dela. Fracking entzun eta irakurriko dugu sarritan gaurgero. Hasteko, munduaren martxa esplikatzen duten hedabide nagusiek erabaki dutelako frackinga dagoenekoz “iraultza isila” eragiten ari dela.

El Pais egunkariak orri biz saritu berri du aurkikuntza: Santiago Carcar kazetariak sinatutako kronikak Una revolución a todo gas darama lerroburu.

Iraultza baino gutxiago ez litzateke, egia osoa balitz lehen paragrafoan iragarri duena. “Munduko gas inportatzaileetan lehenak, AEB, laster esportatzaile izango dira; Boliviako gasaren mende bizi den Argentinak di-da batean erreserbak bikoiztu egin dituela dio; gas naturalaren prezioak hasi dira petrolioarenetik bereizi eta jaisten (...). Gutxitan ikusi da halako aldaketa handirik negozio batean, eta gutxitan entzun da hain kontserbadorea den petrolioaren industriako buruzagi bat aipatzen ‘iraultza’. BPko Tony Haywardek ‘iraultza isila’ deitu dio gasaren negozioan gertatzen ari denari”.

Teknologien aurrerapenak ekarri omen du jauzia. Lehen eskuraezina zen gasa orain usatu genezake. Eskistoetan, harea bituminosoetan eta ikatzetan datzan gasaz ari dira, gas ez ohikoaz. Orain Exxon, BP, ENI, Sheel edo Statoil bezalako konpainiak milaka milioi ari dira inbertitzen balizko gas hobietan, teknika berriekin posible omen delako hura ateratzea.

“Teknika berriak” gutxi zehaztu ditu Carcarrek El Paisen, agian saldu dioten mirariaren distirak txunditurik. “Teknika oso berriekin (horizontalean zulatzea, ura eta produktu kimikoak presiopean injektatzea da frackinga) apurtu eta zukututakoan harkaitzak altxorra askatzen du: eskuragarriena zen hidrokarburoa ahitu zen lekuan gas berria ateratzen da. Hobi agortuak, hilak, gaztetu egiten dira”. Teknikaren mirakulua.

Geopolitikan ere izango omen du eragina iraultza honek. AEBek mende baterako erreserbak dauzkatela diote. Eta Europan, loteria egokitu bide zaie Poloniari, Suediari, Alemaniari, Hungariari eta Austriari, akaso Frantziari ere bai. Espainian Ebro ibarrean eta Pirinioetan ari omen dira lehen ahaleginak egiten.

Herrialde erregai saltzaileen eta erosleen arteko harremanak laster alda litezke, konpainia handi horiek uste dutenez. Errusia batek Europako ipar eta erdi aldeetara gasa esportatzen daukan nagusitasuna hein batean galdu omen lezake. Afrikako iparraldetik eta Persiar golkotik gasa Europaratzeko azpiegituretako inbertsioak gelditu. Sonatrachen eta Gas Natural Fenosaren arteko liskarra bideratu ezinean dabilen Espainiari AEBetan irekitzen zaio orain gas iturri berria. Eta dena, omen, ugaria, merkea eta petrolioa zein ikatza baino garbiagoa litzatekeen fracking gasari esker. Borobilegia ez ote egia izateko?

Txikizioak lana dakar

The Ecologist hilabetekari klasikoak azaroaren 30ean eskaini zuen fracking gasaren lorpen liluragarrien ifrentzua. Jim Wickens ibili da AEBetan gas berria ekoizten duten lurraldeetan, eta panorama beltza aurkitu zuen. Ikusitakoa bildu duen erreportajeari izenburuan ipini dio “AEBetan gas naturalaren bilaketak kutsadura eta gizarte barruko liskarrak ekarri ditu”.

Pennsylvanian ibili da nagusiki, hango Marcellus Shale izeneko eskualde arbeldunean ari baitira konpainia handiak, Halliburton erraldoia buru, zundaketa eta zulaketa zoroan.

Konpainietako buruek aho batez deklaratu diote Jainkoaren oparia egokitu zaiola Pennsylvanian langabezia eta txirotasunez hiltzen ari zen eskualdeari. Erregaiz hain urri dabiltzan AEBei gogotik lagunduko zaie hemendik, urtean 3.000-4.000 zulo berri eginez muino eta ordokietan.

Milaka gas iturri berri horietakoren bat edo batzuk ondoan suertatu zaizkien herritarrak bisitatu ditu gero Wiceknsek. Eta oso bestelako gauzak entzun dizkie.

Aurkitu ditu baserritarrak 2009a arte nahi adina ur zutenak etxerako bezala aziendentzako, orain botiletako ura kontsumitzera behartuak, bertako iturrietakoa erabili ezina delako: kolore zikina, usain latza... zundaketengatik inguru osoa kutsatu diete. Gainera, zulaketa etxe ondoan edo azpian tokatu zaionak, makinen dardara nozitu behar du gau eta egun.

Inguruetan kamioi handien joan etorria etenik gabea da. Makinez gain ura eta produktu kimikoak garraiatu behar dituzte. Fracking kontzeptuak harkaitza apurtzea esan nahi du, birrintzea, eta horretarako zundaketan ari diren mekanikek presiopean ura eta produktu kimikoak sartzen dituzte, harria lehertarazi eta gasa askatzeko.

Uraz gain zein produktu ordea? Inork ez daki. Halliburton eta beste konpainia handiek lortu dute sekretuan edukitzea orain arte, horretarako zanpatuz adierazpen askatasunaren, jakien segurtasunaren eta ingurumenaren aldeko gainerako legeak. “Sartzen den uraren %1 baino ez dira kimikoak”, adierazi du industriaren bozeramaile batek. Beste teknikari batek, ordea, The Ecologisti kalkulatu dio iturri bakoitzean 22 metro kubiko gai kimiko erabiltzen dela. Horrek esplikatzen du inguruko kutsadura, nekazaritza eta etxe bakan askotan bizitza bera ere ezinezko bihurtu dituena.

Kutsadura kimikoaz gain, etxe askotan erradiaktiboa nozitzen dute, zorupeko harkaitzak birrintzeak hori eragiten baitu, mineralak horretarako joera duenean. Kamioitzarren trafiko handia, ateratako harriekin egindako betelanak... eskualdeko bizimodua arras aldatu da.

Herritar batzuek oztopatu nahi izan dute beren lurrean horrelakorik egitea. Eskubiderik gabe aurkitu dira. AEBetako legediak baimentzen du zoru azpiko lurra saldu eta erostea eta etxalde bat bere larre, iturri eta zuhaitzekin erosi zuten asko aurkitu dira oharkabean 20 metro beherago dagoen guztia Txinako edo Australiako konpainia batena dela. Hori gutxi balitz, Estatuak hala erabaki duenean, desjabetu egin dituzte zundaketak egiteko.

Baina osasunak edo ingurumenak jasaten dituen kalteez herritar batzuk dira bereziki minbera. Beste askok nahiago diote begiratu frackingak eskualdeari ekarri dion onurari. Ostatuak beteta omen daude, komertzioak ere bai, kamioilariek lana daukate.
Peoitzan badira lanpostuak... eta Pennsylvaniako eskualde hau lazki ari da nozitzen XXI. mendeko krisitzarra.

The Ecologisteko kazetaria John Trallorekin ari zen solasean. Fracking gasaren kontrako mugimenduaren buruetakoa da. Kamioi bat pasatu da mantso etxe aurretik, gidaria biei begira zetorren, leihotik eskua atera du eta tiro egiteko keinua egin die.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackingaren arriskua
Gas naturalaren dilema Herbehereetan: prest gaude Groningen hobia ixteko?

Energia krisiarekin Herbehereetan bidegurutze bat sortu zaie: munduko gas natural hobi handienetako bat itxi, aurreikusita zegoen bezala, edo irekita mantendu Europaren presioei men eginez? Eskueran ditugun energia iturri oparoak aprobetxatzeak nolabaiteko kalteak onartzea... [+]


2021-08-27 | Arabako Alea
Gasteizen gasa esploratzeko helegiteari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak

Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari uko egingo ziola ofizialki iragarri eta bost hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du atzera bota Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegitea. EH Bilduk eta Eguzkik bertan behera uzteko eskatu diote.


2020-12-23 | Z. Oleaga
Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu du Gasteizko Udalak

Udal teknikariek ebatzi dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ez duela baimentzen gasa dagoen ikertzeko zundaketarik egitea. EAEko Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zabalik utzi du helegitea aurkezteko aukera.


2020ko uda hartan COVID-19a zabaldu zen, klima zoratu... eta fracking-ak porrot egin zuen

COVID-19ak eragindako anabasaren zalapartak eta klimaren aldaketak hedabideetan uzten dituen irudi beldurgarri bezain espektakularrek estalita, gutxi hitz egiten da petrolioaren krisiaz, tartean fracking-aren gainbeheraz. Bestela esanda, herritarrak ari daitezkeela eztabaidan... [+]


Eguneraketa berriak daude