Etorkinak eta joakinak

Badirudi gure gizarte-joeren zenbait neurketetan (eusko barometro, soziometro eta abarretan) datu kezkagarri samarrak agertzen hasi direla, besteak beste, etorkinei buruzko jarreretan. Kopuruak ugaldu ahala, krisia areagotu ahala... edozein aitzakia on da gure sentimendu abegitsuak ozpintzen hasteko.

Hona hemen istorio argigarri bat: VII. mendean kaldearrek Pertsiatik bota zituzten Zoroastroren jarraitzaileak, parsiak, eta hauek Indiara joan ziren babes bila. Iheslari haien buruak Indiako erregeari eskatu zion ostatu. Erregeak, erantzun gisa, bere ordezkariak bidali zizkion, baso bat esne ertz-ertzeraino betea zutela, oso kontuz isur ez zedin. Ez zekiten elkarren hizkuntzarik, baina parsi buruzagiak berehala ulertu zuen keinu haren esanahia. Indian jende asko bizi zen orduan ere, eta ez zegoen, nonbait, biztanle gehiagorentzat lekurik, edalontzian ere esne gehiago sartzen ez zen bezalaxe. Alegia, goxo eta leunki, Indiako erregeak adierazi zien ez zegoela beraientzat lekurik lurralde hartan. Orduan, parsi buruak, Indiako ordezkarien aurrean, azukre apur bat hartu eta kontu handiz esnetara bota omen zuen, kanpora ezer isuri gabe. Alegia, aditzera ematen zuen hinduen artean nahastuko zirela azukrea esnetan bezala. Keinu hura eraginkorra izan zen: parsiak Surat-en lehorreratzeko baimena jaso zuten eta, ordudanik, Indian bizi dira azukrea esnetan bezain gozo eta eztiki.

Istorio polita iruditzen zait, hartzaileon eta etorkinen jarrera ideala adierazten duelako. Guk ere hartuko bagenitu etorkinak halako leuntasunez, ziur asko beraiek errazago integratuko lirateke gure artean, azukrea esnetan bezala. Baina, hasteko, alanbre-hesi, horma elektroniko, polizia eta era guztietako oztopo burokratikoekin hartzen baditugu, eta gero ere urruntasun eta mesfidantzaz begiratzen badiegu... nekez sentituko dira ongi etorriak gure artean.

Lehenik, bakoitzari dagokio etorkinenganako bere sentimendu eta aurreiritziak aztertzea. Gure ego mentalak, guztiok sare bakar baten osagaitzat hartu ordez, dualismoz jokatzen du normalean: ni-bestea, gutarrak vs kanpotarrak, gure ongizateaz baliatzera etorriak... eta gure identitatearentzat mehatxu direnak. Baina ez al du gizakiak eskubiderik arrazoi ekonomiko, politiko edo sozialengatik (sexua, erlijioa eta abar medio) bere jaioterritik irten eta, ahal duen lekuan, bizimodu duinagoa bilatzeko? Hobe, noski, bakoitzak bere inguruan aski baliabide izango balu, kanpora joan beharrik gabe! Baina garapen orekatua edo bizimodu tolerante eta baketsua herrialde guztietan lortzen ez den bitartean, beti izango da iheslaririk. Pentsatzen al dugu euskaldunok ezin garela joan munduan edonora, geure ogibidearen edo bizi-arnasaren bila, tokian tokikoei zerbait kentzen ari garelako?

Gizarte gisa, etorkinak ezagutzea dugu lehen eginbeharra: horrek gure kultura zabaltzea eskatzen du, eta lan pedagogiko handia egitea geure ikuspegiak zuzendu edo ñabartzeko. Hedabideek bi aldiz pentsatu beharko lukete zer albiste eman edo ez eman eta nola eman. Politikari batzuen jarrera pozoitsua da benetan, salagarria; eta besteak ere, zenbat aldiz ikusten ditugu herrialde bateko etorkinen elkarteekin bilduta, edo beraien ekitaldietan parte hartzen? Herritar guztioi bidalitako mezuak lirateke horiek.
Euskaldunok ez genuke inoiz ahaztu behar luzaroan geu izan ginela ‘joakinak’ beste herrialde batzuetan (arrazoi ekonomikoengatik, edo gerra garaian eta ondoren arrazoi politikoengatik). Beraz, baditugu zorrak etorkinekiko, eta mendebaldar zuri aberastu gisa, ez zor moralak bakarrik.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude