argia.eus
INPRIMATU
Ekimenera hurbildu diren gurasoen esanak
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko maiatzaren 07a
Lidia Beitiak 2 eta 4 urteko haurrak ditu eta Lakua auzoan ezagutu zuen Josebe Blanco bere haurrarekin. Bai bata eta bai bestea konturatu ziren euskaraz ari zirela eta horrelaxe hurbildu ziren elkarrengana. Halako batean Blancok auzoetan euskaraz aritzeko umeak biltzearen ideia aipatu zion. Ekimena ondo iruditu zitzaion Beitiari, baina bazuen beldur pixka bat. Euskaldunak banatu nahian zebiltzala-edo pentsa zezakeen jendeak. Oraindik ez du erreakzio txarrik jaso.

Beitiaren bi txikiek euskaraz egiten dute etxean eta ikastolan ere bai. Eskolan euskaraz egiten duteneko baieztapen hori bere neurrira eraman du gero haurren amak, ikaskideek beti eta guztiek ez baitute euskaraz egiten. Ondarroako senideekin ere euskaraz egiteko aukera dute, aldiz, Gasteizen ez, “Gasteiz erdalduna da. Orain arte bezala, egunaren %20an-edo euskaraz aritzeko aukera bazuten, aukera hori zer edo zer gehiago izatea lortu nahi dugu. Nagusiak egiten direnean beraiek erabakiko dute zer nahi duten egin”.
Gorka Etxaberi eta Arrate Saenz de Urturiri lagun batzuek ohartarazi zioten Josebe Blancok Berrian idatzi zuen gutunaz. Hura irakurri eta Blancorengana hurbildu ziren. Alde Zaharrean bizi dira Etxabe eta Saenz de Urturi, 2 urteko Ekain haurra dute eta bigarrena bidean da. Etxabek adierazi digunez, “umearekin parkera joan eta kontrako bidean ibiltzearen sentsazioa izaten dut”. Esan nahi du bera haurrari euskaraz ari zaiola eta gainerakoak gaztelaniaz ari direla. Beste kontu bat ere esan digu: “Gurasoek sumatzen dutenean bereak ez diren haurrak euskaraz ari direla euskaraz egiten diete, baina beste kontu bat da gurasoak elkartzen garenean zein hizkuntzatan egiten dugun”. Etxaberen ustez, Gasteizko ekimen honen helburua umeek beraien artean euskaraz egitea da, baina horrez gain, ingurune euskalduna eskaini nahi zaie. Horretarako, jakina, pauso bat litzateke dakiten gurasoek euskaraz egitea beraien artean.

Ekainen gurasoen ustez, ekimenak ez du beste misteriorik, baina hasi berriak dira eta 18 bat familiak elkar ezagutu dute. Meritu handikotzat dute hainbeste familia elkartzea eta badakite dena egiteko dutela.