argia.eus
INPRIMATU
Azukrea altu eduki dezakezu, konturatu ere egin gabe
Jabier Agirre 2011ko urtarrilaren 11
osasuna
Biztanleen %4k ez daki 2 motako diabetesa, intsulinaren mendekoa ez dena, daukala. Eta oraindik gehiago dira “diabetesaren aurreko” esaten zaion egoeran daudela ez dakitenak. Azken egoera horretan dagoen pertsona ez dago gaixo oraindik modu kronikoan, baina odoleko azukre-mailak normala baino pixka bat goraxeago daude. Hori gertatzen denean, litekeena da une horretan gehikuntza txikia dena luzarora diabetes kliniko bilakatzea. Hala ere, ikerketa guztiek frogatzen duten bezala, garaiz detektatzen bada eta bizi-estiloa hobetzen bada, gaixotasunaren progresioa eten daiteke. Horrexegatik, komeni da adi ibiltzea.
Garaiz detektatu...

Diabetesak, lehen faseetan batez ere, sintomarik ematen ez duen arren, badaude gaitza jasateko arriskuan zauden ala ez jakiteko moduak:
- Arrisku faktoreak. Gaitza izan duten senideak dituztenek, gain-pisua dutenek, erretzen dutenek edo bizimodu sedentarioa egiten dutenek joera nabarmenagoa izango dute 2 tipoko diabetesa –helduen diabetesa ere esaten zaio– jasateko. Arrisku faktore horietako bat edo gehiago izanez gero, zoaz medikuarengana, hark aztertu zaitzan.
Proba sinple bat. Analisi bat nahikoa da odoleko glukosa-maila (gluzemia) normaletik gora dagoela jakiteko. Medikuak aginduko dizu baraurik joateko analisi horretara, goizean goiz. Atzemandako glukosa-mailaren arabera emango du medikuak bere diagnostikoa: normala, diabetesaren aurrekoa, edo baita diabetesa ere.

... eta tratatzen hasi

Oraindik ere diabetesik ez, baina zure gorputza behar baino glukosa gehiago pilatzen hasi bada, bizi-estiloa aldatzea komeni zaizu egoerak okerrera egin ez dezan. Kasurik gehienetan, gorputz-pisua %5-10 gutxituz azukre-gorakada arin hori kontrolatzea posible dela frogatu da. Beraz, saia zaitez kirola egiten eta elikadura zaintzen. Egunero 30 minutuz ariketa fisikoa egitea nahikoa izango litzateke zure odoleko glukosa-maila egonkortu eta onera ekartzeko. Aski duzu horretarako pauso arinean paseotxo bat ematea. Jatekoari dagokionez, gantz edo koipe gutxiko eta barazki eta fruta ugariko jan-neurria egitea da garrantzitsuena.