argia.eus
INPRIMATU
Agdeim Izik eta Facebook
Rosa Maria Martin Sabaris 2011ko urtarrilaren 11
Marokoko poliziak aste batzuk lehenago –2010eko azaroaren 8an– modu baketsuan eraikitzen hasitako kanpalekua birrindu zuen Mendebaldeko Saharako hiriburuan.  Aste batzuetan zehar hedabideek informazio ugari eman zuten, eta atxiloketak, hilketak, desagerpenak eta torturak egunkarietan eta telebistetan agertu ziren, eta baita agintari espainiarren hitz epel eta lerdetsuak ere. Tarte labur batez, kanpalekuan eragindako sarraskiak komunikabideen arreta erakarri zuen.  Informazioaren ugaritasunak are gehiago jakiteko egarria piztu zion askori, eta sarera jo zuten.  Eta han ozeanoa aurkitu zuten.

Web orrialdeen eta blogen gainetik, Facebook nagusitu zen, eta askok, azkenean, zentzua eta erabilgarritasuna aurkitu zizkioten Facebook-i. Jaimak eta begizta beltzak edo hildako umearen aurpegia profileko argazki bilakatu ziren. Telebistak eman ez zituen YouTube-ko bideo guztiak elkarbanatu ziren. Hamaika aldiz biderkatu ziren aste haietan lagunak eta lagunen eskaerak. Facebook-en kontua zuen saharar eta sahararzale bakoitzak munduan milaka lagun zituela pentsatu zuen, eta euforia horretan lagun eskaera guztiak onartu zituen. Eskaeren sinesgarritasuna eta fede ona aztertzeko, batzuek izenari begiratu zioten, beste batzuek argazkiari, eta azkarrenek lagun komunei: nire lagunen lagunak nire lagunak dira…

Horrela lortu dute Marokoko zerbitzu sekretuek informazio piloa. Lagun, argazki, bideo, adierazpen eta adiskideen inbentarioak egin dituzte. Hemen inguruan dabiltzanei ez omen die ekarri arazorik. Hainbatek zibergerraren ondorioak pantailaraino bakarrik iristen direla uste du. Baina Facebook-en bitartez lortutako datu-base horrek ondorio fisikoak, errealak eta latzak eragin ditu okupatutako lurraldeetan: atxiloketa, tortura eta desagerpen gehiago.

Pobre bizi dira marokoarrak, erregearen sosak zeregin zikinetan inbertitzen diren bitartean: sarean aldeko iritziak sortzeko edo, haren luxuzko bertsioan, kazetariak eta intelektualak erosteko. Inbertsioa baita eta ez xahubidea New Yorkeraino NBEren aurrean Marokoren alde hitz egitera urrian joan zirenak ordaintzea. Euskaldunik ere tartean.

Orain Gabonetako burrunbak ixilarazi du Saharako gertaeren oihartzuna. 2011ko lehen egun hauetan Agdeim Izik-en parte hartu zutenen atzetik jarraitzen du poliziak, Duintasunaren Kanpalekuaren parte-hartzaileak atxilotzen, Facebook-eko informazioari esker. Batzuk Aaiungo Kartzela Beltzean daude, auskalo non besteak.