Dezibelioak gaixotasun iturri

  • Jendarte modernoaren gaitzetatik, gehiegizko zarata da gehien gogaitzen gaituenetakoa, inkestei jaramon egitera. Espainiako Estatuan bizi direnen kasuan ondo justifikatuta dago jarrera hori, munduko bigarren herrialde burrunbatsuena da eta. Ez gara ahuntzaren gauerdiko eztulaz ari, askoz ozenagoa den zerbaitez baizik: osasun arazo askoren iturria da zarata.
Basurtuko Auzokoen Elkarteak utzita
“Hamalau urte daramagu hemen bizitzen eta zarata hau jasaten. Ez da behin ere gelditzen, gau eta egunez dago trafikoaren hotsa; gauero bizpahiru aldiz iratzartzen nau. Azkenerako, norberaren osasunean ere igartzen da. Urduri zaude etxetik irten orduko, beti estresak jota. Ohitu? Ez dago honetara ohituko denik”.

Emilio Asla Bilboko Sabino Arana kalean bizi da, goiko argazkian ikus dezakezuen berean, baina argazkia ez dago haren etxetik eginda. Egiazki, Aslari hor ikus daitekeena baino askoz hurbilago igarotzen zaizkio autoak; puntako orduetan 80.000 ibilgailu orduko, Basurtuko Auzokoen Elkarteak emandako datuaren arabera. Leiho bikoitzak zertxobait babesten du, baina ordainetan, leihoa gutxitan zabaltzera kondenatzen zaitu.

Hiri modernoaren gaitz handienetakoa

Hiriko sarbide nagusiaren albo-alboan bizitzearen ondorioa da Emilio Aslaren sufrikarioa, munduan milioika lagunek jasaten dutenaren antzekoa. Osasunaren Mundu Erakundeak dio hirietan bizi diren hamar lagunetik zortzik gomendagarria litzatekeena baino zarata ozenagoa pairatzen dutela. Espainiako Estatuan ingurumenari buruz egiten diren inkestetan, hiritarrek agertzen duten kexa nagusia zarata da, eta ez da harritzekoa, munduko bigarren herrialderik zaratatsuena baita, Japonia eta gero.

Osasunarentzako kalteak era askotakoak dira. Dezibelio kopuru batetik gora entzumena galdu daiteke (ikus 8. orrialdeko koadroa), baina horretara iritsi gabe ere arazo psikologikoak eta fisikoak sortzen dira. Horietaz mintzatu zaigu Cesar San Juan, EHUko Ingurumen Psikologia irakaslea: “Lorik ezin egitea da zarataren ondorioetako bat, eta horrek eragin psikologikoa du: kontzentratzeko zailtasuna, aldartean aldaketak... Epe luzean, behar bezalako atseden faltak sortu ohi dituen kalte fisikoak ager daitezke”.

Zarataren intentsitateaz gain, norberaren sentiberatasuna hartu behar da kontuan: zalaparta berak ez digu denoi modu berean eragiten. Orobat, 65 dezibelio jotzen dira jasan daitekeenaren mugatzat, baina testuinguruaren arabera alda daiteke hori. 45 dezibelioko burrunba aski izan daiteke bi pertsonen arteko elkarrizketa eragozteko, edo loa galarazteko. Bide batez, komeni da azpimarratzea dezibelioak ez direla progresio aritmetiko arruntean neurtzen, unitate logaritmikoa direlako. Hiru dezibelioko igoerak ez du esan nahi zarata apur bat gehiago dagoela, zarataren intentsitatea bikoiztu egin dela baizik.

65 dezibelio egunez, 55 gauez

Orain dela aste gutxi, Bizkaiko hiriburuak jasaten duen kutsadurari buruzko txostena zabaldu zuen Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak; tartean, kutsadura akustikoari dagozkion datuak, datu kezkagarriak inondik inora: bilbotarren %39k zarata maila onartezina jasaten du; gauez, %46k. Federazioko presidente Javier Muñozek esplikatu digunez, udal ordenantzak ezartzen dituen balioetan oinarritu dira “onartezina”-ren muga zehazteko. Alegia, egunez 65 dezibelio gehienez, eta gauez 55, etxebizitzak dauden inguruetan beti ere. Balioak zertxobait aldatzen dira, gora edo behera kasuaren arabera, osasun zentroak edota ikastetxeak dauden guneetan, nagusiki merkataritza dagoenetan eta industrialdeetan. Balioak oso antzekoak dira, bidenabar, Euskal Herriko udal ordenantza guztietan eta Espainiako Zarataren Legean. Zazpi urte besterik ez daukan legea, hori ere bidenabar. Espainiako Estatua zarataren sailkapenean hain gora egotearen arrazoi bat luzaz iraun duen hutsune juridikoa dateke.

Bilbora itzulita, Auzo Elkarteen Federazioaren txostenak dio egunez 85 dezibeliotik gorako balioak izaten direla A-8 autobidetik gertu dauden hiriko hainbat gunetan, arestian aipatu dugun Sabino Arana kalea barne –eta kale horretan batez ere–. Zarataren arrazoi nagusia, Bilbon mundu osoan bezala, trafikoa baita. Eta trafikoaren antolamendua errotik aldatu ezean nekez beteko dituzte Bilbok eta beste hiri askok beren ordenantzak; Interneten nongura aurkitu daitezkeen dezibelio-tauletan, ibilgailu asko dabilen kaleari beti egozten zaizkio 80 edo 90.

Bizkaiko Aldundia, epaitegira zarata ez eragozteagatik

Hori ikusita, edo akaso zuzenagoa litzateke “entzunda”, ulertzekoak dira Emilio Aslaren eta beraren ehunka auzokideren buruhausteak. Egia esateko, Aslak etxea erosi zuenean Sabino Arana kaleko biaduktoa eginda zegoen, ezin esan zarataren arazoa aurrez ezagutzen ez zuenik. “Baina ziria sartu ziguten”, kexu da, “luze gabe errepide berria egin eta hau bota behar zutela esan ziguten”. Bizkaiko Foru Aldundiak, biaduktoa kudeatzeaz arduratzen den erakundeak, behin baino gehiagotan egin izan die promesa hori, ia hogei urtez, Sabino Aranako biztanle kaltetuei, eta behin baino gehiagotan ez du hitza bete. Orain, biaduktotzarra ordezkatuko duen San Mameserako sarbide berriaren lanak hasita dauden honetan, auzokoen haserreak ez du atzera bueltarik: 2008an, ia 200 etxetako ugazabek demanda jarri zuten Aldundiaren aurka, urtetan jasandako kalte moralengatik ordain eske.

Auzi honetan Sabino Aranako kaltetuak ordezkatzen dituen abokatua Alfonso Terceño bilbotarra da. Zaratarekin zerikusia daukaten auzietan espezializatuta dago, eta Espainiako  Juristas Contra el Ruido (Zarataren Aurkako Legelariak) taldeko kidea da.  “Kalte moralak dira zarataren ondorioz pertsona batek dituen pairamen psikikoak”, azaldu digu, “ez da nahastu behar gaitz mentala edo neurosia edukitzearekin”. Oso zaila da, Terceñoren esanetan, egonezinaren jatorria zarata dela frogatzea, baina praktikan ez da beharrezkoa: legearen arabera, araudiak ezarritako dezibelio kopurua gainditu dela demostratzea aski da kalte morala egon dela ezartzeko. Sabino Aranaren kasuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoa arduratu zen neurketak egiteaz. Emilio Aslak ondo gogoan du, oraindik, astebetez leiho ondoan ipini zioten neurgailua. Haren bitartez eskuratutako frogari esker, 65.000 euro kobratu ditzakete, epaileak azkenik arrazoia ematen badie. Horixe da salatzaileen %90entzat –trafikoaren burrundara zazpi urte baino gehiago jasan dutenentzat, hain zuzen– Terceñok eskatu duen kalte-ordaina.

Baina oso arazo zabaldua izan arren, gutxi dira Sabino Arana kalekoek jarritakoa bezalako demandak. “Zentzu horretan, nahikoa aitzindaria izan da hau”, dio Terceñok, “zaratari buruzko inkestetan jendea trafikoaz kexatzen da gehien, baina oso gutxitan jotzen dute epaitegietara horregatik. Askoz arruntagoa da ostalaritza-negozioen aurkako salaketak jartzea”.

Jarrera horren zergatia, beharbada, zarataren iturriez ditugun pertzepzio desberdinak dira. Cesar San Juanek azaldu digunez, faktore ez-akustikoek ere baldintzatzen dituzte zaratak eragindako eragozpenak. “Entzuten ari garena saihestezina izateak ala ez izateak ere eragiten digu. Esaterako, kaleko trafikoaren zarata 75 dezibeliokoa bada, eta aldi berean aldamenekoaren txakurra zaunkaka ari bada, 75 dezibelio eraginez halaber, askoz eragozpen handiagoa egingo digu txakurrak; ezin dugu trafikoa gelditu, baina txakurra isilaraztea posible dela iruditzen zaigu”.

Gero eta kontzientzia handiagoa

Espainiako Zarataren Legeak duen akatsik handiena beranduegi iritsi izana da. Gainerakoan, lege ona da, Alfonso Terceñoren ustez. Horregatik, eta arazoarekiko gero eta sentiberatasun handiagoa dugulako ere bai, gora doaz zarataren kontrako aldarrikapenak, nola salaketa judizialak. Baina horrek ez du berez gure ingurua isilago bihurtuko. Cesar San Juanek azpimarratu nahi du orain arte jarrera defentsiboa besterik ez dugula agertu zarataren aurrean: “Egindako hutsak adabakiz konpontzen saiatu besterik ez dugu egin orain arte”. Esaterako, Sabino Arana kalean beranduegi –eta gutxiegi gastatuz– Aldundiak ipini zituen hesiak, Emilio Aslaren etxean egiaztatu ahal izan genuenez ezer gutxirako balio dutenak. “XXI. mendeko hirigintzaren erronka da jarrera defentsibotik prebentziora jauzi egitea”, dio EHUko irakasleak, zarata handia sortzen duten aktibitateentzat gune mugatuak sortuz”. Ez dezagun ahaztu, dena den, zarataren kontu hau nahiko berria dela guretzat. San Juanen esanetan, 50 urte daramate gure hiriek trafikoaren menpe. Eboluzioaren ikuspuntutik, bart arratsekoa da sortu dugun jendarte ozen hau.
Gure entzumen-aparatuak eraso gehiegi jasaten du
Behar besteko intentsitatea duenean, zaratak kalte larria egin diezaioke entzumen-aparatuari. Iñaki Aierbe mediku espezialistak azaldu digunez, “norberaren sentiberatasuna faktore garrantzitsua da, denok ez dugu zarata era berean jasaten; baina orokorrean esan daiteke edozein soinu, 90 dezibeliotik gora, kaltegarria dela belarriarentzat”. Hain zuzen, barne-belarrian dagoen barakuiluaren zentzumen-zelulak degeneratzen dira, eta horiekin batera entzumen-nerbioa.

Horren ondorioa traumatismo akustikoa izaten da. Alde batetik, gorreria; bestetik, akufenoak, belarriak berak sortzen dituen soinu txistukariak. “Traumatismoa larria edo kronikoa izan daiteke, alegia, bat-batean eragindakoa –leherketa baten ondorioz, esaterako–, edo denboraz garatu dena. Traumatismo larri batzuk senda daitezke berehalako arreta medikua jasoz gero, baina gehienetan, mota batekoak zein bestekoak atzeraezinak izaten dira”. Behin horretara iritsita, audifonoa da konponbide bakarra.

Aierberen esanetan, 90 dezibelioen muga oso sarritan gainditzen da gure inguruan. Haren lanbidean maiz ikuste dituzte, berbarako, rock kontzertu baten ostean traumatismo larri batekin ospitaleratutako gazteak. “Eta egunero dauzkagu kontsultategian diskoteka eta halakoetan lan egiteagatik gor geratzen ari direnak”.

ASTEKARIA
2011ko urtarrilaren 09a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


Eguneraketa berriak daude