Marc-Édouard Naberen azken trikimailua

  • Dagozkion analisi tresnen erabilera maneiatzen ez dakienean erabiltzen du kultur kritikariak politika eta morala. Literatura aztertu baino idazlearen lanari beto eskubidea jartzen dio orduan. Garai eta leku bakoitzak bere pentsamendu zuzena du eta horri ongi egokitzen zaizkion difamatzeko klixeak. Zentsoreek gurasokeriz eta lainezaz tratatzen dute irakurlea, bere irizpideak blokatu eta aurretiaz ondorioak azalduz. Autorea adituen elitea ondo tratatzera behartua dago orduan, eszenatokian iraun nahi badu behintzat. Horrek higuindu du hasieratik Marc-Édouard Nabe. Ordaina, salbuespenak salbuespen, eszenatik at performatzera jo behar izana, antiediziora.
www.alainzannini.com
“Ez, hau benetan dela nazkagarria, onartezina, zuri ere gehiegi irudituko zaizu” esan zidan orduko lagunak. Marc-Édouard Nabe izenez aurkeztu zidan, Alain Zannini zuen berezko deitura. 1958ko abenduaren 27an Marseillan jaioa eta ideologia komunista aplikatzen zuen eskola batean hezitakoa. Aita Marcel Zannini jazzmana. Jatorri greko-turkiarra. Bestelako galiar desiragaitzak ere gure begi eta eskuetan izan ziren. Le Monde Diplomatiqueko gauchisten kartografia konpultsiboki kontsumitzen genuen. Dieudonné M’bala M’balaren sukarrak bi urte lehenago jo gintuen, ongipentsatzaileen aurkako txertoa arrakastatsua da. Hark bezala, guk geuk ere gernu zaporea hartzen genion giroko aireari, “ez, sinets iezaguzue, airea da!” errepikatzen ziguten bestetzuek. Uste baino finagoak dira dasta-zainak eta ordurako hasiak ginen sumatzen bazirela Frantziako Errepublikan, eta hedaduraz frankofonian, komunikabideek aupatzen zituzten gaizkile ofizialak, batzuk aipatzearren: Bernard-Henri Lévy, Éric Zemmour, Alain Finkelkraut, Besancenot, Stéphane Guillon, Didier Porte eta, ezbairik gabe, Goncourtutako Michel Houellebecq. Melenchonek (Parti de gauche, PG) alarma piztu du berriki manifestaldietan harriak botatzen ari diren asko zibilez jantzitako poliziak direla, letretan gauza bera da aspaldian gertatzen Errepublikan. Aski jakina da benetako disidenteari ez zaiola mikrofonoa pizten ere, ez badago kasernan, epaile jaun-andrearen aurrean edo burdin artean hiltzear.

Aurkezpen txartela hastapenetik: –Antisemita! Eskuindarra! Anarkista!

Nazkagarria. Onartezina. Gehiegi. Kidearen enbidoari jarraiki sareko bideoa ikusi nuen. 1985eko otsailaren 15eko Apostrophes saioa zen: Bernard Pivot zuzendari eta Marc-Édouard Nabe gonbidatuetako bat besterik ez zen. Bere lehen liburua aurkeztera zetorren: Zorrieriaren atsegina (Au régal des vermines, 1985). Egia, harrigarria Nabe: ondo eta azkar apuntatzen zuen idazle gaztea, adjektibo mikatzak arin jaurtitzen bekainak gora zituela. Ez zen errepika-erriflea berea, gorpuak hilik dauden egiaztatzeko ixak, laukiak edo zig-zagak marrazten dituen horietakoa. Zehaztasun-erriflea bekain arteetan kokatu eta fite erorarazten zituen buruak, ongipentsatzaileentzat jasanezina: bala bakarra aski gernu saltzaileak bururik gabe uzteko, literaturako Vasili Zaitsev. Saioa bukatu eta kamerak itzalita Georges-Marc Benamou estudiora joan zen eta ukabilkadaka (ken)urratu zion ezkerreko begiko erretina frankotiratzaileari. Idazlearen analisi tresnetako bat suntsitu nahiko zuen akaso ukabilen adierazpen askatasunaren integristak. Telesaio haren karietara Nabek jaso zituen bestelako kolpeak, aipagarriena LICRA erakunde komunitarista juduak epaitegira bideratu zuenekoa. “Difamazioa eta arrazarengatiko gorrotora bultzatzea” egotzi zioten orduan. Justiziak bertan behera utzi zuen epaia 1989an. Komunikabideek eta literaturako komisario politikoek egundaino jarraitu dute letrez berba egin behar zutenean irain politikoak jaurtitzen. Bi izan dira erabilienak: antisemita eta eskuin-muturreko. Nor eta Trotski jaunak laudatu eta haren prosa miretsi zuen autore berari gorazarre egiteagatik. Férdinand Céline.

Edozein kasutan, ez da arrazoirik gabekoa izango Frantziako letren munduko handien zerrenda irain honez edo bestelako irain politiko-moralez gainezka egotea: Aragon, Pierre Louÿs, Sade, Apollinaire, Breton, Bataille, Desproges, Siné, Serge Halimi, Alain Greish. Hil eta hogei urtera hain eskuzabala den letren munduak Literatura Entziklopedia labur sobietarrean idatzitako gauza bera haizatzen du, mitoaren itxuran: “Ilegalki erreprimitua. Hil ostean zuritua”. Garaikideentzat  beranduegi halako errehabilitazioetarako, Nabek berak Le Vingt-Septième Livren hala iragarri zuen: “Gazte nintzenean André Suarès edo Léon Bloyren gisako destinoarekin egiten nuen amets; lortu dut. Izan gaitezen logikoak: nire garaikideek hiltzat hartzen nautenez, ez omen naiz haien begientzat existitzen jada. Ehun urte barru ikusiko dugu elkar! Bitartean, kito”.

Adituei eta letren milieuari txistu liburu berrian

Azpian hondartza izan lezakeen harlauza eman du argitara 2010ean: Idazteari utzi zion gizona (L’Homme qui arrêta d’écrire, antiedizioa 2010), hogeita zortzigarren lana. Hogeita zortzi kontuan harturik aurrekoa (Le Vingt-Septième Livre, 2006) lehenengoaren (Au régal des vermines, 1985) edizio berria zela, bigarren pertsonan idatzitako bere bizilagun Houellebecqen aurkako hitzaurre piromano batekin atondua. Azken lanean, begi puntuan izan ditu Frantziako letretako hainbat lagun, epaiak ekiditeko beharrezko ortografia aldaketak eginda, hauexek ditu tartean, seinalatu: Bernard-Henri Lévy, Ruquier, Beigbeder, Benichou. Istorioa: idazteari utzi dion idazle helduaren eta gazte blogari baten Parisko ibilaldia, hilik dagoen literatur munduko parke tematikoan barna.

Idazteari utzi dion gizona, hala egon zen sei urte, idazten ez zuela esaten han eta hemen, ezkutuan 700 orrialdeak sortzen. Bitartean, politikari buruzko panfleto literarioak idatzi eta Paris, Marseilla, Okzitaniako Tolosan eta Bordelen itsatsi eta banatu zituen, urririk. Tartean honakoak: Zidane zirtzileria (Zidane la racaille, 2006) etorkinak eta futbolariaren engaiamendu politiko ezaz, Et Littell niqua Angot (2006) Beigbeder-Houellbecq-Angot-Littell literatur fenomenoen ingurukoa, Damoklesen lehergailua (La Bombe de Damoclès, 2007) Ahmadinejaden lehergailu nuklearrak izateko eskubideari buruz edo Azkenean beltza! (Enfin nègre!, 2006) Obamaren hautuari buruz.

Gaitz da pentsatzea eleberri, panfleto, poema, kronika eta egunerokoak hain usu idatzi dituenaren iturria itzaliko dela L’hommen ostean. Are zailagoa, ordea, ez-idaztearen ostean sor dezakeena imajinatze hutsa.

Boikot mediatikotik anti-ediziora

Komunikabideetan ez da ongi etorria izan luzaro, lehenengo alditik jaso ditu irainak haienean. Editoreak, banatzaileak, kultur kazetariak, prentsako literatur kritikoak eta liburu saltzaileak “parasitoak” iruditu zaizkio. Argitaletxeei dagokienean “handiak xurgatzaileak direla eta txikiek handi besterik ez dutela izan nahi” esan izan du. Hori dela eta, hogeita zortzigarrenerako muzin egin dio bai argitaletxe-banatzaile-saltzaile-aurkezpen saio tradizionalari, baita L’Harmattan bezalako autoedizioarako plataformei.

Apustua “anti-edizio” deitu du. La Revue Littérairen 44. alean adierazi duenez “kontratu guztietatik eta muga guztietatik” alde egitera bultzatu nahi ditu beste idazleak. “Sistema ez dela menderagaitza” erakutsi nahi izan du. Hori demostratzeko historiari so egin dio. Victor Hugo Lacroixekin 1862an Guerneseyn batu zeneko hartara jo du. Les Misérablesen irabaziak %50ra banatu zituzten orduan, Lacroixen esku inprimatzea, editatzea eta liburu saltzailearena egitea egon zen. Ordutik, idazlearen etekinak murriztuz joan ziren eta 1913tik aurrera Gaston Gallimardek %10era mugatu zituen apurrak. Nabek dioenez Gallimardek “autoreei liburuen esklusibotasuna eskatu zien, %10a irabaziko zutela esan zien ostean eta non sinatu behar zuten adierazi azkenik”. Victor Hugoren adibidera itzulirik, Lacroix jaunak eginiko edizioa eta gero, autoreak eskuizkribuarekin nahi zuena egin zezakeen. Marseillarraren arabera “norbaitek amaierako txistua jo behar zien parasitoei”. Zikloa hastapenera itzularazi du Nabek, bere webguneko banaketa sistemari esker azken liburuaren irabazien %65 eta %70aren artekoa erdietsiko du. Barra koderik gabe, banatzaileen eta liburu saltzaileen eskuetatik urrun. Fisikoki erosteko Parisko harategi bat, arropa denda bat eta bi loradenda aukeran, “lagunak” dituenengan eskuragarri.

Idazteari utzi zion gizonak engranajea liburu batekin blokatu zuenekoa

Naben azken liburuaz ez zuten berririk eman komunikabide klasikoek. Desiragaitzen erretserba bihurtu den Ce soir, ou jamais! Frédèric Taddëiren saioaz gain, inork gutxik eman zuen L’hommen argitaratzearen berri. Kalapita piztu da Renaudot sarietarako hautagaien zerrendan azaldu denean. Liburu-dendetan ez den liburua hautagai zen lehenengoz. Lobbyak argi utzi du letren aniztasunerako duen interesa: lehiaketa nork irabazten duen bost haiei, urtero irabazleak dauden heinean berdin izango dira haiek garaile. Horren lekuko Le Monde des livresek berriki argitaratutako emaitzak “Goncourt efektua”ren inguruan. Ia ibilbiderik egin gabeko Atiq Rahimiren Syngué Sabour (POL, 2008) hogeita hamahiru bider gehiago saldu zen saria jaso ostean (8.500 aurretik, 280.000 ostean), aski ongi saldutako Marie Ndiayen Trois femmes puissantes (Gallimard 2009) sei eta erdi aldiz gehiago (79.000tik 515.000ra) eta best-seller izandako Les Bienveillantesek ere (Jonathan Littell, Gallimard 2006) hiru bider gehiago fakturatu zuen (190.000 ale aurrena, 615.000 gero). Nabek bere burua “worst-seller”tzat izendatu zuen. Eta ordea, dendek nabarituko zuten –azkenean Virginie Despentes garaile izan duen– Renaudot sarietako zerrendan zenetako baten libururik erakusleihoan ez izatea. Irabazi edo ez, izan den nahastea sortuta ohiko komunikabideak eta sareko hamaika lekutan berria zabaldu baita. Argi dago, Naben azken trikimailuak poltsiko askori ez diela betetzeko aukerarik eman. Finean, bere liburuak mespretxatzen zituzten liburu-saltzaileek ere salneurria zuten orain arte.

Bush semeak Irak lehertu nahi izan zuenean herrialde hartara joan zen txoroaren, Mesrine banku atrakatzailea heroi gisa marrazten duenaren, beltzak arraza goren dituenaren, dena normal doala “normalegi, hori da kezkagarria” eta halako hamaika idatzi eta esaten dituenaren azken ekintza izan da hau, bere judutar eta plutokratekiko iritziek baino haserre gehiago eragingo zituen agian.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude