Ezkerraldean dagoen Babcock-en (BW) etorkizuna arriskuan dago. 2011ko lehen hilabeteok, maiatza arte, erabakigarriak izango dira. Arrazoi horrengatik, langileak –5.200 lagun 1973an eta 392 gaur egun–, euren lanpostuen alde mobilizatzen ari dira. Azken mobilizazioa Bilbon izan zen, Eguberri jaietan. Oraintxe ezagutu berri dute BWren jabe den Austrian Energy (AE) elkartearen hondoratzea. Langileak Eusko Jaurlaritzaren aurrean ere manifestatu dira, Gasteizen, eta EAJrengana jo dute, Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatearen aurrean bitartekari egin dezan. Egoera ez bada argitzen, mobilizazio gehiago iragarri dituzte.
BW ia mende bateko enpresa da, 1918an sortu zen, modu pribatuan. Ordainketak eten eta esku publikoetara igaro zen gero, eta ondoren, birritan pribatizatua izan da, gaur arte. Bere azken jabeak Borsig alemaniarra eta Austrian Energy (AE, lehengo ATB) austriarra izan dira. 2003tik BWak 1.500 milioi euroko laguntza publikoa jaso du. 1978an konfiskatu eta 1980an nazionalizatua izan zenetik 3.000 milioi eurotik gora izan liteke kutxa publikoetatik enpresa honentzako irten den dirua. Ustelkeria eta irregulartasun susmoak etengabe izan dira BWetik pasa diren pribatizazio arduradunen inguruan. Enpresa pribatuek ia doan erosi zuten BW, eta gainera, laguntza publiko milioidunak jaso zituzten. Lantegiari bultzada berria emateko diseinatu ziren industria eta inbertsio planak ez dira bete. Eta abandonatua izateko zorian denean –orain AEk egingo duen gisan– euren jatorrizko jabeei hamar nabe saldu nahi dizkie oraingo jabeak; lehen doan jaso zituen. Egoera honek ikerketa zorrotza eta sakona eskatzen du euskal eta espainiar legebiltzarren aldetik, diru publiko asko baitago jokoan.