argia.eus
INPRIMATU
Hardcorearen mugetatik erabat aske
  • Fly Shit :: Arnas bakoitzeko ernetzen

    autoekoizpena

    iraupena ::31´21´´

    prezioa ::5€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urtarrilaren 9a
FlyShit
Bergara hardcorearen irla txikia da, txikia eta isolatua, baina oso emankorra. Adibide argia da partaide gazteak dituen talde beterano hau. Hardcoreari buruz hitz egitean ez gara estiloaz bakarrik ari. Gauzak egiteko modua ere bada. Eta bada Gaztetxean, Txapa Irratian eta bestelakoetan buru-belarri ibiltzea. Musikari dagokionez, tamaina handiko jauzia eman dute, eta euren jomuga hardcorea bada ere, emo eta post ukitu asko aurki ditzakegu lan honetako kanta indartsu eta borobiletan. Bap! eta RKL ezingo dituzte aldendu, baina giro, melodia eta erritmo aberatsekin ederto jolasten dira, abestiak biderkatuz. Eskola zaharra ahaztu gabe, Fugazi ere izan dute ikaskide. Hitzetan, beldurraren eta kontrolaren aurka mintzo dira, baita gertuko duten Angiolillori buruz ere; eta norberarengan sinisten dute, baita talde sorkuntzan ere.

www.myspace.com/flyshiteulikk
Daukaguna aldatzekotan, beste bide, ideia, mugimendu batzuk sortu beharko dira

Disko honetako hitzak politikoagoak eta zuzenagoak dira.


Beti tartekatu ditugu hitz zuzenak eta pertsonalagoak, baina oraingoan batez ere kanpora, ingurura, begiratu dugu idazterakoan, guztia gero eta okerrago dago-eta. Panfletismoan ez erortzen eta hitzei sakontasuna ematen saiatu gara.


“Beldurra” eta “ezezaguna” kontzeptuak askotan agertzen dira diskoan...


Gizartean zabalduta daude. Gizartea kontrolpean izateko, beldurra era askotan agertzen da: gaixotasun kutsakorrak, hipotekak… eta gero agintariek euren burua salbatzailetzat aurkezten dute. Baina disko honetan asko errepikatzen den beste hitz bat “ernetzen” da, eta ikuspegi baikorrago bat emateko, Arnas bakoitzeko ernetzen izendatu dugu diskoa. Daukaguna aldatzekotan, beste bide, ideia, mugimendu batzuk sortu beharko direla uste dugu.


“Ontzi galdu bat, nekatutako eta zorabiatutako marinelek gidatuta ere, porturatu daiteke”. Zuek ere, hurbilean musika erreferentzia handirik izan gabe, aurrera egin eta lema biratzeko gai izaten zarete?


Norberak egiteak (DIY) hori errazten duelakoan gaude, guk ezartzen dugu gure erritmoa, konpromisoa… Ilusioa eta gogoa daukagu eta asko disfrutatzen dugu. Euskal Herrian baldintzak ematen dira: kontzertuak egiteko zirkuitua dago (gaztetxeak, tabernak, aretoak), interesa azaltzen duen jendea ere bai, eta horrek aurrera jarraitzen laguntzen du.

 


“Jakiek beti dute zapore berbera, ez da arriskatu behar”. Bada hori baino bizitza aspergarriagorik eta anti-kreatiborik?


Hori da abesti horretan, sarean, zabaldu nahi dugun galdera. Norbera izateko aukerarik eskaintzen ez duten tokiez ari gara. Egitura jakin batzuen barruan dena programatuta dago, gure jokabideak kontrolpean izateko. Eta sormena da daukagun dohainetako bat, baina batzuetan “arriskutsua” izan daitekeenez, desagerrarazi nahi dute.