argia.eus
INPRIMATU
Zuhaitz lizarretan
Jakoba Errekondo 2010ko abenduaren 23a
Gernikako arbola
Telle-CC By Sa

“Lizarra gure hilerrietara”, diot azkenekoetan. Sendotasunaren eta indarraren ikur da, bai eta hilezkortasunarena ere, Eskandinavia aldean, adibidez. Ez du botanikarien izena alferrik jarria: Fraxinus excelsior. Fraxinus latinezko lizarra da, baina excelsior hitzak handiena luzeena altuena garaiena dela dio. Hortik sakratuena izatera ez dago tarterik. Lizarra gure kulturaren zutabeetako bat dela esaten ez naiz nekatuko. Sekula. Halakoren batean jabetuko ote gara...

Lizarra ez da lizarra, Fraxinus excelsior, bakarrik izan. Lizarra zuhaitza izan da. Zuhaitz guztiak izendatzeko hitza da lizarra. Lurrak eta zeruak lotzen zituzten zuhaitz haien izena da lizarra. Izarretarako bidea. Izarretarako gure bidea da lizarra. Sakratua, lizarra izarra da. Neolitikoan basoak eraitsi eta sail izugarriak nekazaritzarako soro eta larre bihurtzen zirenean, zerurako lotura hau behar eta berrezartzeko altxa omen ziren menhirrak, lizar metafisikoak.

Nire ustez, lizarra izena zuhaitz basari, originalari, naturalari deitu izan zaio, kulturak, hau da, gizakiak ukitu gabekoari. Pago-lizarra nonahi esaten zaio oraindik ere pago-moztu gabekoari.

Garai batean erresal edo errexal deitzen omen zitzaion edozein zuhaitzi. Itxuraz, bi hitzok lexar hitzera eta hau lizarrera daraman bidea Alfontso Irigoienek argitu zuen.

Errexal hitzaren tankera modutsuan erabiltzen zen haritz hitza. Orokorrean edozein zuhaitz deitu izan da haritz edo haretx. Sakratutasunaren uztarrian lizarraren laguna denak argitzen du hau, hurritzak. Hur + haritz=hurritz. Hur errexela edo hur haritza, sagar errexela edo sagar haitza bezala. Sagar haritza ez dut inoiz entzun, haritza sagarra bai, ordea.

Haritzaren abaroan bildu izan gara euskaldunak, zein haritz baina? Quercus robur haritza edo edozein zuhaitz sakratu? Gernikako haritza, haritza edo zumarra ote? Lizarra bai!