Maisuak galdera ikasleari Kubako eskola batean.
– Esaiguzu, mesedez, gure iraultzaren hiru lorpen handi.
– Osasuna, Hezkuntza eta Kirola–, erantzun ikasleak.
Maisuak berriz:
– Eta hobetu beharreko beste hiru gauza?
– Gosaria, bazkaria eta afaria–, erantzun mutikoak.
Habanan entzundako txistea, azterketa sakonena baino adierazgarriagoa iruditu zitzaidan.
Hamabost egun besterik ez nuen egin Kuban, eta, beraz, gauza handirik ezin esan, baina bi ideia esango ditut behintzat, Kuban ikusitakoaren ondorio. Bata, ez dela nire ahotik sekula gehiago hango gobernuaren aldeko hitzik aterako. Eta bestea, badaukadala susmoa castrismoa bukatutakoan, anti-castrista egingo direla kubatar gehienak, Espainian Francorekin gertatu zen antzera.
Habanan, Iraultzaren museoa bisitatzerakoan, nola ez sentitu zirrara, baita mirespena ere, gazte adoretsu haiek duela 50 urte egin zutena ikusterakoan. Baina kalea zapalduta, museoko inpresioak kearen moduan azkar desegin ziren. Nik ezagutu nuen Kuba ez zen alaia, leku gutxitan hain begirada tristeak, horrenbeste etsipen. Aberastasuna banatzea helburu ederra da, Kuban eta edonon, baina ezin banatu ez dagoena.
Ze erraza den Europan iraultzaile izatea, urrutitik iraultzaile, noski. Kubakoa goraipatu eta hemengoa gutxietsi, baina garajean 25.000 mila euroko kotxea edukita, eta bigarren etxea Jakan edo Errioxan, eta neguko oporrak elurretan, eta uda Cadizen. Zenbat horrelako Euskal Herrian.
Kuban, berriz, 20 euroko soldatak asko jota, kanpora atera ezin, eta isilik egon behar, urteak joan urteak etorri betiko leloak etengabe entzuten. Eskumari botoa ematen dion langilea baino tontoagorik ez dagoela dio esaldi ezagunak. Listoak, ordea, ezkertiar peto sentitu eta kapitalista moduan bizi direnak. Europan ezker-ezkerreko alderdiak ia desagertu dira, baina Euskal Herrian, ostera, bilduma zabala daukagu. Gu ote gara listoenak?
Ez dago Europa inori eskolak emateko moduan, baina errealista izanez gero, eta ikusita mundua nola dagoen, ezin ukatu Europak erdietsi dituela bizi baldintza justuenak. Lorpen handiena, nire ustez, gizartearen %90 erdi klasekoa izatea. Guretzat ohikoak direnak pentsaezinezko luxuak dira munduko leku gehienetan: osasun publiko ona, ikasteko aukera, babes soziala... Baina Europa aspergarria da, ez dauka xarmarik, eta batzuek nahiago dute urrutiko sasi-iraultzaile izan, aspaldi galdu ziren paradisuen distirek itsututa, eta koherentziaz harro gainera, lotsarik gabe.