Egungo krisialdi ekonomikoa dela eta, 2009an, BBVAko lehendakaritzak eta administrazio kontseiluak beren ordainsari ekonomikoak izoztea erabaki zuten. Hala ere, Francisco Gonzalez, FG, presidentearen eta Angel Cano aholkulari nagusiaren sariak oso altuak dira oraindik. Hala, FGk 2010ean ia bi milioi euro jasoko ditu soldata finko gisa (2009an bezala) eta beste 3,4 milioi euro bono aldakor baten bidez. Entitatearen txosten ofizialaren arabera, 2009an FGk 1,92 milioi euroko sari finkoa eta 3,80 milioi euroko sari aldakorra jaso zituen. Bestalde, Canok aurten 1,25 milioi euroko soldata finkoa jasoko du eta ia beste bi milioi euro bono aldakor bidez.
FGk dagoeneko erretiroa hartuta beharko luke, baina BBVAren buruan jarraitzeko modua topatu zuen. 2009an, 65 urte bete zituenean, 80 milioi euroko (79,7) erretiro pentsioa jasotzeko eskubidea berretsi zuen. Erretiroa atzeratu zuenez, funtzio exekutiboak uzten dituenean soilik jasoko du kopuru hori.
Bestalde, BBVAko administrazio kontseiluko 13 kideek, 2009an, 24 milioi euro (24,157) jaso zituzten guztira, hainbat kontzepturengatik. Kontseilu horretako kide diren bi euskal aholkularien guztizko ordainsariak nabarmenduko ditugu: Gasteizko Merkataritza Ganberako presidente Roman Knorrek 295.476 euro jaso zituen; Deustuko Merkataritza dekano Susana Rodríguezek, berriz, 242.964 euro. Horrez gain, 19.503 eta 13.596 akzio jaso zituzten, hurrenez hurren.