Araban bederatzi elkarte dira, gaur-gaurkoz, 95 euskara elkarte biltzen dituen Topagunea federazioko bazkideak: Ttiki ttaka (Arabar Errioxa), Gutxisolo (Trebiñu), Euskara Añanan Mingainean, Geu (Gasteiz), Bidabarri (Zuia), Txirritola (Aramaio), Belaiki (Baranbio), Hogeitalau (Aiara) eta Basalarrina (Laudio). Elkarte federatuak horiek izanagatik ere, Topagunea eta elkarte bazkideak harremanetan dira herrialdeko beste zenbait talderekin. Horien arten dira, esaterako, Olbea (Agurain), Satola (Barrundia), XII. mendea (Kanpetzu), Amezti (Maeztu), Matraka (Eskuernaga), Kirikio (Zigoitia), Lan eta Jolas (Urkabustaiz)…
Bederatzi elkarteon lanari, bestalde, beste eragile askorena gehitu beharko genioke, Araban hizkuntzaren normalizazioaren alde egiten den ahaleginari itxura hartzekotan. Hezkuntza arloan, kulturgintzan, komunikazioan, helduen euskalduntzean, aisialdian, kirol ekintza askotarikoetan eta abarretan ari direnen ekimena ez da baitezpadakoa. Hala ere, kalera atera behar oraindik euskara. “Erabilera da erronka” zen leloa oraindik orain. Erabilera soziala. Kale erabilera. Horretan da euskalduna Araban, eta Euskal Herrian.