argia.eus
INPRIMATU
Makurka ta
Joxemari Ostolaza 2010ko abenduaren 15a
Poliki ikusi nuen orain pare bat urte-edo, Hernaniko kalean erosketak egiten, poltsa eskuan. Zirkunstantziek bortxatuta, urte andana pasatua zen elkar ikusi gabe. Donostiako Getaria kaleko Iberdueroko bulegoan ezagutu nuen lantokirako zereginetan zebilela, geroago urnietartuko zen oiartzuarra, jada kantatzen hasia “Euskal Herri nerea ezin zaitut maite, bainan non biziko naiz zugandik aparte?”. Ahots kattarrosoko bizardun hark, bazuen besteok ez genuen zerbait berezia, Benito baten dotoreziaz parekatzen zuen hura, entzutean agresibitate trumoitsu sarkorraz egonezina sortzen zizuna.

“Anaien aurpegian begirada hotza, bihotz berotasuna izaten da motza”. Silaba nota, nota silaba, esaldia konpas, konpasa esaldi, bertso eta kopla, ofizioa ulertuz kantuak eraikitzen bizia gozatu zuenak utzi digu testamentu gaitza, euskaraz kantatzeko didaktikan oinarrizkoa bilaka daitekeena. “Balio al du gure egiak?”. Horren ondotik borrokatu gara, kantuz ere, arma eraginkorra dela jakitunak eta herriaren arrakasta xede. Asmatu ez izanaren egiak bizi nau. Balio izan du hala ere. “Nahiko hunan Beatriz, Chile libre batean, adiskide artean...” bezalako piezak sortzeko ez dira aski ofizioa eta talentua. Anaien begirada epela ere beharko zen.