Osasunaz jostatzeko

  • “Iaz gripea izan nuen. Banago datorren urterako immunizatuta?”. Jakingo duzu ziurrenik galdera horren erantzuna. Baina ea honakoa dakizun: “Egia ala gezurra? Listuak entzimak ditu”. Eta konplikatuxeagoa: “Nola du izena azalaren kanpoaldeko geruzak?”. Erantzunak, gure gorputza hobeto ezagutzeko aukera ematen duen mahai-jolasean aurkituko dituzu: Bazen behin… bizitza.
Dani Blanco
Kira gaztearen gorputzean barneratuko dira jokalariak, xede argiarekin: haren gorputzeko bost zatitara (bi besoak, bi hankak eta garuna) oxigenoa eramatea, biriketara sartu nahi duten birusei aurre egin ahal izateko. Denek talde bakarrean jolastu behar dugunez, elkarrekin egin beharko dugu lan eta estrategiak garatu ahal izango ditugu, gorputz atal guztietara iristeko.

Jokalari bakoitza Hemo bat da, eta saskian hiruna oxigeno-burbuila urdin izango ditugu hasieran. Gainontzeko oxigeno-burbuilak biriketan jarriko ditugu eta hauxe izango da gure egiteko nagusietakoa: biriketan burbuila horiek mantentzea eta gorri koloreko birusez ez betetzea, orduan partida amaitu egingo bailitzateke. Izan ere, birusak harrapatuta, Kirak katarroa hartuko luke.

Dadoa bota eta arterietan aurrera egingo dugu, gure saskietako oxigenoa aipatutako gorputz-ataletara eramateko. Bidean, laukiz lauki galderak erantzuten joan beharko dugu. Oxigeno-galderak egokitzen bazaizkigu eta asmatzen baditugu, oxigeno-burbuila bat lortuko dugu saskirako; erantzun okerra emanez gero aldiz, burbuila bat kenduko zaigu. Birus-galderak badira, adi ibili: zuzen ihardetsiz gero birus bakarra jarriko dugu Kiraren biriketan, baina erantzuna okerra bada, hiru birus izango ditugu. Saiatu ondo erantzuten, ahalik eta burbuila gehien lortzeko eta birusek Kira ez gaixotzeko.

Txartelek bost osasun arlori buruz galdetuko digute: oxigeno txartelak baldin badira, nerbio-sistemaz, digestio-sistemaz eta zirkulazio-aparatuaz dakiguna erakutsi beharko dugu. Birus txartelak egokitzen bazaizkigu aldiz, gaixotasunei eta immunitate-sistemari buruzko galderak erantzun beharko ditugu.

Oker gehiegi egin dituzuela eta galtzen zoaztela? Lasai, oraindik Kirari laguntzeko aukera daukazue, baldin eta immunitate-sistema txartelak ondo erantzuten badituzue: birusak kentzen eta oxigenoa berreskuratzen joan ahalko zarete. Berriz ere hasi gara irabazten, ongi zaintzen ari gara Kira.

Gainera, norberaren jakintza mailaren arabera jolastu daiteke, galderak lau kategoriatan banatuta baitaude eta jokalari bakoitzak partida hasieran erabakiko du zein mailatan jolastu nahi duen: Hasiberriak (txikienentzat), Jarraitzaileak (zerbait gehiago dakitenentzat), Adituak (gaian jantziak daudenei zuzenduak) eta Profesionalak (galdera zailenak). Guztira, 2.200 itaun, dibertitu bitartean osasunaz ikasteko.

Irabazi ala galdu, inork ez du bakarrik egingo, taldean jostatuko baikara. Mahai-jolas kooperatiboa da, familian aritzeko pentsatua, eta gehiago dakitenek gainontzekoei laguntzea da asmoa, lankidetzan. Hala, partidaren amaieran jokalari guztiek elkarrekin galdu edo irabaziko dute; lortuko dute hanka, beso eta burmuinera oxigenoa eramatea, edota katarroa harrapatuko du Kirak. Azken finean, guztiok gaixotasunaren kontra borrokatzen ikasteko bidea ere bada Bazen behin… bizitza.

Marrazki bizidunak jolas bihurturik

Bere garaian, marrazki bizidun arrakastatsuak izan ziren mahai-jolaseko protagonistak: Bazen behin… bizitza telesailean, zauri bat egiterakoan edota gaixotzerakoan gure gorputzak nola erreakzionatzen zuen esplikatzen zitzaien etxeko txikienei –eta bide batez, baita heldu askori ere–. Marrazki hauek munduko hainbat herrialdetara zabaldu dira mahai-jolas bihurturik, hizkuntza ugaritan: frantsesa, gaztelania, alemana, ingelesa, katalana… Luditoys enpresak hutsunea ikusi zuen hor, eta baita abagunea ere, euskaraz jolas hezitzailea eta dibertigarria kaleratzeko. Ohiko legez, hizkuntzak garrantzi berezia izan du Luditoysen azken jolasean, eta horregatik mediku talde baten laguntzarekin egin zen itzulpena, osasunaren inguruko kontzeptuak euskara egokian egon daitezen.

Segi biriketara, lortu zure oxigeno-burbuilak eta ekin jolasari, Kira osasuntsu mantentzeko!
EZAUGARRIAK
Bazen behin… bizitza
Adina: 6 urtetik gora.
Edukia: 2.200 galdera-erantzun, tableroa, dadoa, fitxak eta lepo-saskiak.
Prezioa: 39 euro. Harpidedunek 35 euro.

Eskaerak:
& 943 36 86 61
info@luditoys.com

ASTEKARIA
2010ko abenduaren 19a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude