Euskal guneak sortzen, eta elkar ezagutzen

  • Araban euskara elkarteak eta euskaldunen elkarguneak gehiago dira txikiak handiak baino. Alabaina, bakoitza bere neurrian, lanean ari dira. Mugimendu horren erakusgarri izan dira Topaguneak antolatutako azaroko jardunaldiak.
arabako euskaldunon elkarguneen topaketak
Euskara Elkarteen federazio Topaguneak eta Arabako Foru Aldundiaren Euskara Zerbitzuak lankidetzan antolaturik egin ziren Topaketak azaroko bi larunbatetan Gasteizen. Gure hizkuntzaren erabilera azkartzeko bidean, topaketek “herritarrek euskararen egoeraren normalizazioan duten eta izan behar duten ezinbesteko funtzioaren inguruan hausnartzeko aukera” izan nahi zuten. Gogoeta egitea ez ezik, elkargunea ere sortu nahi zuten antolatzaileek topaketen bidez, “Arabako koadrila eta herrietan euskararen alde daudenek elkarren berri izan eta etorkizuneko auzolan posibleetarako aukerak” ahalbidetzeko. Antolatzaileek euskararen erabilera indartzeko litezkeen esparru garrantzizkoenak –hots, lehenestekoak–, identifikatu eta ekarri zituzten topaketetara. Inondik ere, erabilera da kezka nagusia, hala Araban nola Euskal Herrian. Araban esaterako, 25 urtetik beherakoetan euskaldun da %70, nahiz eta erabilera txikia den zeharo. Egoerari buruzko gogoetak partekatzea zen topaketaren helburuetarik beste bat, jakinik, erabileraz denaz bezainbatean, norbanakoa dela eragilea. Esan zenez, nahitaezkoa da euskarak presentzia izatea eguneroko bizimoduan, ezinbestekoa euskararen herri dinamika areagotzea, herri erakunde eta gizarte eragileen arteko elkarlana handitzea eta eragileek egiten duten lana behar bezala aitortzea –zehar lerro gisa bada ere–, egiten den ahalegina ez dadin gerta bazterrekoa, hots, indarrak metatzeko balio dezan.

Lehenengo larunbatean (azaroaren 13an), mintzalagun egitasmoak eta kultur jarduerak lehenetsi zituzten antolatzaileek. Bigarren saioan, azaroaren 20koan, berriz, haur eta gaztetxoen aisialdiaz Sonia Perez eta Nagore Amondarain mintzatu ziren eta euskaldunon elkarguneen inguruko gogoeta egin zuten Iñaki Martinez de Lunak eta Iñaki Arrutik.

Mintzalaguna Gasteiz, Barrundia eta Gorbeian

Gasteizko mintzalagun egitasmoa Ane Pedruzok eta Naroa Cuestak, Geu elkartearen programaren teknikariek, aurkeztu zuten.
2007-2008 ikasturtean abiarazi zuten programa Gasteizen, hainbat eragileren ekimenez: Geu, AEK, Ika, Euskharan, EHE, Udaberri eta Hegoalde euskaltegiak, Bai & Bye… Udalaren Euskara Zerbitzuaren bitartez, berriz, egitasmoa Udalaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) barruan txertatu zuten.

Mintzalagun figurarekin batera, “guraso laguna” ere sortu dute Gasteizen, non ikastetxe bereko gurasoak biltzen diren, euskarari eraginez, gurasoak hizkuntza transmisioan elementu estrategikoak direla aintzat hartuz. Oraintxe, abian da programa hamalau ikastetxetan: martxan dira 85 lagun, hamaika taldetan banaturik.

Pedruzo eta Cuesta teknikariek komunikabideetan egindako lana –udaletxean bertan egindako prentsaurrekoak bereziki, baina irrati-prentsetan argitaratutako iragarkiak, batean eta bestean ezarritako afixak eta gainerakoak bazter utzi gabe–, mintzalaguneko teknikari edo dinamizatzaileen lana, sustatzaile taldeko kideen sostengua… Azken finean, mintzalaguntzaileak erakartzeko egindako ahalegin berezia azpimarratu zuten. Eraginkortasun handiko komunikazio kanpainak matrikulazioan eragitea zuen helburu. Aurten, 500 lagunetara iritsiko direlakoan daude, emakumezkoak, gehienbat. Orain dela hiru urte, aldiz, 227 ziren mintzalagun programako parte-hartzaileak Gasteizen.

Bestelako argazkia ekarri zuen Barrundiako Satola elkarteko ordezkariak. Gasteizen 500, Barrundian bost lagun dira mintzalagunak. Asko dira euskaraz ulertzen dutenak; gutxi, aldiz, hitz egiten ausartzen direnak. Taldean, batzuk entzutera ohi doaz, hiztunago dira beste batzuk…

Arabako geografia eta giza barreiatzearen adibide esanguratsua izan zen Barrundia, eta, halaber, ondoren hitz egin zuten Zuiako lagunena, hots, Zuia bereko Bidabarri, eta Urkabustaizeko Lan eta Jolas elkarteetako ordezkariena.

Zuian, izan ere, hogei kontzeju dira, hogeina lagunekoak! Dispertsioa dute lehen arazoa, eta lan egiteko baldintza nagusia. Helburua dute “euskararen presentzia ikusarazi eta entzunaraztea bertako herrietan”. Orain bi urte ekin zioten asmoari, Topagunearekin bildu ostean, eta jarraipen batzordearen, koadrilako euskara teknikariaren eta Topagunekoaren babesa du, udalen diru laguntza eta azpiegiturarekin batera. Egun, Urkabustaiz, Zuia eta Zigoitia biltzen dira Zuian berean, eta harremanak dituzte Legutio, Aramaio eta Arrazua-Ubarrundiako herrietako mintzalagunekin.

Gorbeia aldeko mintzalagun egitasmoaren koordinatzaileak adierazi zuenez, 6.000 lagun dira bertan, hamaika herritan sakabanatuta. “Eta nork bere herrian nahi du programa, nork bere ordutegian… Lanak dira taldea sortzeko garaian. Hala ere, 31 lagun ginen iaz, sei taldetan banaturik, eta, aldiz, 44 lagun aurten, zortzi taldetan”. Hiru-lau hilabetean behin, ekintzaren bat antolatzen dute Gorbeia aldean.

Agerikoa denez, Gasteizen zein Gorbeia aldeko herri txikietan barrena, mintzalagun egitasmoak elkartu egiten du euskara hiztuna, euskararen aldeko ekimenak lotzen ditu haiek, harremanak lantzera daramatza, eta ekintza nagusien bitartez jende arteko harremanak estutzea lortzen dute. Eta leku guztietan ere, giza baliabidea da oinarrizkoena, nahitaezko koordinatzailearen irudia, eta haren dinamikotasuna.

Askoz sortzaileago

Kultur jarduerei eskainitako atalean, gogoeta sakona egin zuten Igor Elorzak eta Gotzon Barandiaranek “Kalea, auzolana eta bizipoza” izenburupeko hitzaldian. Haien txandaren ostean, Arabako Bertsozale Elkarteak 2010ean antolatu duen Koadrila arteko Bertso Txapelketa aztertu zuten Oihane Pereak eta Asier Lafuentek, eta Laudioko Basalarrina elkartearen ordezkariek, aldiz, Kantuzaleak egitasmoa azaldu zuten.

Igor Elorzak eta Gotzon Barandiaranek ekintza zehatzen inguruan ez, baina gogoetari eskaini zizkioten beraien tarteak, Mendebaldeko kulturgintza ereduak gurean zenbateraino diren aplikagarri, zenbateraino baliagarri, erantzun ziurrik ez duen bideetan barna galderak ausart eginez.

Euskara bizi eta bizirauteko lanean ari direnei zuzendu zien hitzaldia Igor Elorzak, “Europako hizkuntza zaharrenetariko bat bizirauteko” lanean ari diren super gizon edo super emakumeei. Oharra ere egin zuen: “Gu gara hori egin dezakegun bakarrak”.
Mendebaldeko kulturgintza eredua aztertu, “ikuskizun, kontsumo eta bestelakoetan oinarritutakoa”, Elorzak azaldutakoaren arabera, eta Europako hiritar garen aldetik eredu horrek guretzat ere baietz, balio duela esatearekin batera, ezezkoa ere bota zuen: “Ez, ez digu euskaldunoi balio. Askoz sortzaileago izan behar dugu, jarrera sortzailea eta jokabide ekintzailea izan behar ditugu”.
Herri kulturgintza ardatz proposatu zuen Elorzak, hots, ikastolak, alfabetatzea, euskara elkarteak eta beste ekarri dituen kulturgintza mota. “Jende eta espazio publikoa dira gure indarguneak, hor inor bano indartsuago gara, atez atekoan geure buruei burua ari garelako”.

Espazio publikoaren garrantzia azpimarratu zuen–ez zen izan goiz hartan hori entzun zen aldi bakarra–. Herri bizitzan txertatu beharra aldarrikatu zuen eta eragileekin sarea ehuntzeko premia.

Batzuk, bertsoz; kantuz, bestetzuk

Arabako kultur esperientziei eskainitako tartean, herrialdean aurten egin den Koadrila arteko Bertsolari Txapelketaren berri emateko txanda izan zen. Oihane Perea bertsolari eta antolatzaileak azaldu zuenez, Arabako Bertsolari Txapelketa izan zuen abiapuntu aurtengo txapelketa ezberdin honek. Krisi zantzuak saihestu zituzten, errepikak eta inertziaren arriskua, mimetismoa… Egoeraren gaineko hausnarketa egin eta heldu ziren formula berrira, hau da, koadrila arteko txapelketara.

Parte hartzea zen helburu, bertso eskolak indartzea. Esaterako, ezinbestekoa zen koadrila taldeak hogei lagun osatzea: kantari, antolatzaile, epaile, kronikari, argazkilari eta gisakoen artean. Txapelketak bertsolari eta bertso zaleen arteko etena hautsi nahi zuen, eta lortu du; hein batean betiere. Bertsogintza herrikoiaren eredua indartu da, txapelketak herriak eta eskualdeak aktibatu ditu, bertsolaritza eta euskara ardatz, eta bertso eskola eta euskara elkarteen arteko harremana sendotu du –“denok lan berean ari gara” entzun zen goiz hartan hainbatgarren aldiz–, udal teknikari, euskaltegi eta bestelakoak bilduz, eta euskararen presentzia kalera ekarriz.

Laudiotik heldu zen goizeko azken esperientzia, “Kantuzaleak” izenekoa, Basalarrina elkartearen ordezkarien eskutik.
Kontatu zutenez, duela hiruzpalau urte sortu zen ideia, Euskaltzaleen txokoko lagunen baitan. Kantu tailerra egin zuten eta ikastaroa Basalarrina elkartean, kantu zaletasunari segida emateko asmotan, eta “euskararen herri presentzia bultzatzeko, erabilera sustatzeko, euskarari herri mailan bide emateko”.

Lau urte dira hiruzpalau hilabeteko ikastaro trinkoa egin zutenetik. Harrezkero, “borondaterik onenez”, kalera irteten dira kantuan hilean behin, hileroko laugarren martitzenetan, hamabost-hogeiren bat lagun, institutuko musika irakasle Itziar Duandikoetxearen irakaspenei jarraika. Kantatzen dute Laudioko kaleetan hilean behin, elkartean bertako kantu afarian urtean birritan, auzoko jaietan, Euskararen Egunean eta ohiko jai egun handietan, dela San Blasetan edota Eguberritan. Argitaratuak dituzte kantu liburuttoak, baliatu dituzte Internet eta karaokeak, dastatu dute kantuak dakarren eztitik, eta inoiz deserosotasun eta erridikulu sentipenaren ozpinetik.

Arabako Euskaldunon Elkarguneen Topaketak bukatu ziren. Bitartean, lanean dira euskara elkarteak Araban, eta bertako langile eta laguntzaileak, ogi gogorrari hagin zorrotzez ekinda.
Topagunean bederatzi euskara elkarte eta beste
Araban bederatzi elkarte dira, gaur-gaurkoz, 95 euskara elkarte biltzen dituen Topagunea federazioko bazkideak: Ttiki ttaka (Arabar Errioxa), Gutxisolo (Trebiñu), Euskara Añanan Mingainean, Geu (Gasteiz), Bidabarri (Zuia), Txirritola (Aramaio), Belaiki (Baranbio), Hogeitalau (Aiara) eta Basalarrina (Laudio). Elkarte federatuak horiek izanagatik ere, Topagunea eta elkarte bazkideak harremanetan dira herrialdeko beste zenbait talderekin. Horien arten dira, esaterako, Olbea (Agurain), Satola (Barrundia), XII. mendea (Kanpetzu), Amezti (Maeztu), Matraka (Eskuernaga), Kirikio (Zigoitia), Lan eta Jolas (Urkabustaiz)…

Bederatzi elkarteon lanari, bestalde, beste eragile askorena gehitu beharko genioke, Araban hizkuntzaren normalizazioaren alde egiten den ahaleginari itxura hartzekotan. Hezkuntza arloan, kulturgintzan, komunikazioan, helduen euskalduntzean, aisialdian, kirol ekintza askotarikoetan eta abarretan ari direnen ekimena ez da baitezpadakoa. Hala ere, kalera atera behar oraindik euskara. “Erabilera da erronka” zen leloa oraindik orain. Erabilera soziala. Kale erabilera. Horretan da euskalduna Araban, eta Euskal Herrian.
Manuel Moreno, Arabako Topagunearen ordezkaria
“Euskaldun kontziente eta motibatu asko dago gaur egun Araban”
Euskal Herriko euskara elkarteen federazio Topaguneak Araban duen ordezkaria da Manuel Moreno. Azaroko topaketak iragan berri erantzun dizkigu dozena erdi galderok, iritzi eta ebaluazio gisako.


Zer lehen balorazio egin duzue Topaketen inguruan?


Balorazio ona egin dugu. Horretarako, alde batetik, parte-hartzaile guztiei helarazi diegun balorazio-orrian irakurritakoak hartzen ditugu kontuan, eta bestetik, Topaketen antolakuntza prozesuan izan ditugun harreman, truke eta komunikazio aukera ugariak.

Aurreikuspenak bete dituzue?


Zenbait kontu aurreikusten zaila bazen ere, esaterako, zenbat lagun hurbilduko zen, orokorrean, asebeteta geratu gara. Araban, Euskaldunon elkarguneen mugimendu dinamiko, askotariko, eta eragilea badena, ezagutaraztea izan da helburuetako bat, eta neurri handian lortu dugula uste dugu. Gainera, barrura zein kanpora begira lortu dugulakoan gaude, hau da, elkarte eta taldeen arteko ezezagutza gainditzeko urratsa izan da, eta arabar jendartean elkarte eta talde hauek eta dituzten ikuspegia, helburuak eta egitasmoak, ezagunagoak dira Topaketak pasa ondoren. Euskara elkarte eta taldeetako kideez gain, erakundeetako teknikari, ikastetxe, guraso elkarte, aisialdi edota kultur taldeetako jendea ere hurbildu da Topaketetara, guztira 70 bat lagun. Hobetu beharrekoak ere izan dira, noski, esaterako, eztabaida eta iritzi trukerako denbora tarte eta dinamika gehiagoren beharra egon da, zenbait momentutan.


Zein da euskara elkarteen federazioak Araban duen mugimenduaren sasoia, osasun egoera?


Gaur egun, dakizuenez, Arabako bederatzi elkarte dira Topagunearen bazkide, eta beste hamabirekin ohiko harremana dugu. Tokiko elkarteak dira, hau da, bakoitza ari da, bere herri edo eskualdeko egoeraren ezagutzatik abiatuta eta ahal duen neurrian, euskararen erabilerarako une eta guneak sortzen eta horrela, harreman euskaldunen sarea josten eta tokiko hizkuntza komunitatea trinkotzen. Egoera ez da bera leku guztietan eta beti, baina orokorrean, esan dezakegu, euskaldun kontziente eta motibatu asko dagoela gaur egun Araban, Gasteizen eta herrietan, horietako dezente, gero eta gehiago, elkarte eta taldeetan bildu da, eta eragiteko asmoa dute.

Aurrera begirakorik bada?


Araban euskara elkarte eta talde gehiagoren sorreran laguntzea, direnak sendotzen eta eraginkorra izaten sustatzea, horien arteko auzolana bultzatzea, antzeko helburuak dituzten bestelako elkarguneekin ahalik eta gehien konpartitzea, erakundeekiko elkarlana areagotzea, euskararen erabilera normalizazioaren ardatzean kokatzea, denon artean dinamika eraginkor eta aberasgarria sortzea. Euskaldunontzako motibagarriak eta erdaldunentzat erakargarria diren proposamenak egitea… Euskara elkarte eta taldeek Arabako herri eta eskualdetako euskaldun kontzienteen bilgune eraginkorrak dira eta izan nahi dute. Herritarrek euskararen normalizazioan izan behar duten protagonismoa bideratzeko egiturak dira eta erakundeen babes eta konplizitatea behar dute; ilusioa eta bizipozak, kalean bidea urra dezaten.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude