argia.eus
INPRIMATU
Pastor
"CiU Katalunian garaile izatea PSOEren gobernuarentzat lagungarria izango da"
Mikel Asurmendi @masurmendi 2013ko maiatzaren 07a
PSE-EEko bozeramailea da Eusko Legebiltzarrean Jose Mari Pastor. Bake eta normalizazio prozesuaz, baita datozen hauteskundeez ere egindako elkarrizketa kaleratuko du ARGIAk datorren astean. Kataluniako hauteskundeen emaitzez egindako balorazioa aurrerapen modura.

Zer iritzi duzu Kataluniako hauteskundeen emaitzaz?



Kataluniako hauteskundeen emaitzetan hainbat faktorek eragin dute:

Uste dut ezin direla aitzakiarik jarri, hau da, PSCren porrota izan da. Montillak ondo esan eta onartu duenez, “galdu egin dugu”. Ez ei du jarraituko jarduera horretan. Horrez gain, CiUren erabateko garaipena dago. Hau da, bi polo ezarri dira: boto kontserbadorea hazi da (CIU eta PPrena), eta ezkerreko boto aurrerazalea –ez dut nazionalistaren eta ez nazionalistaren arteko botoa zatitu nahi–, gutxitu da izugarri. Izan ere, hiruko Gobernu hori aurrerazaletzat joan izan zen. Hirukoa izan da kaltetuena elektoralki.

Zein izan dira horiek horrela izateko faktoreak?



Batetik, krisi ekonomikoa. Bestetik, Kataluniako Estatut-ari buruzko eztabaida. Legealdi osoa eztabaidan egon zen: onartu edo ez, nola onartu, Auzitegi Konstituzionalaren helegitea izan zen, aldaketak, aldaketak eta gutxitzeak, horiek guztiek, bada, eragin egin zuten politika katalana, eta hiruko gobernua debate batere ezerosoan murgilarazi zuen. Gobernuak ezkerreko osagaiak zituen, baina ERC eta PSCren arteko izaera nazionalista ezberdin batek ukituta zegoen. Horrek itzel distortsionatu zuen Gobernua, gehiegizko zarata aterarazi zuen, izan ere, kudeaketa ez da txarra izan. Portzierto, hauteskunde kanpainan ez da Estatut-a aipatu ere egin, baina hor ibili da denen gainean hegan. Hegan ibili da, eta zigor bezala erori zaie hirukoa osatu zuten alderdiei. Hiruko honek lortu zituenak baino, lortzeko falta zirenak agertu dira kanpainan. Eta horrek, hautesle sozialista asko etxean gerarazi du zapuztuta.

Nola eragin dezake Espainiako Estatuaren egoeran?



Ez dut uste berehalako eraginik izango duenik, baina PPk, esaterako, aldaketaren seinalea dela aipatu du. Beldurra zabaldu nahian ari da. PP igo da, etorkinen kontrako diskurtsoan oinarritu dute euren estrategia, PPk gogortu du bere diskurtsoa inmigrazioaren gaian. Katalunian xenofobiarekin esperimentatu du eta funtzionatu dio. Estrategia hori bera Espainia mailara eramaten badu, arrisku handia litzateke.

Eta hemen nola eragingo du, Euskadin alegia?



Elementu antzekoak badaude, bi alderdi nazionalista handiak daude han eta hemen, EAJ eta CiU. Bietan politika beren inguruan garatzen da neurri handi batean, baina bien kudeaketa guztiz ezberdinena da. CiU eta Espainiako Gobernuaren arteko harremana ez da EAJrekin izaten den berbera. Hori esanda, epe laburrean ez, baina ertainean CiU garaile izatea PSOEren gobernuarentzat lagungarria izango da. Orain, Estatu mailan EAJren politika lagungarria den bezalaxe. Eskertzeko dena.