argia.eus
INPRIMATU
“Euskalgintzako interes kontrajarrien arteko ika-mikak baretzea lortu da”
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2021eko ekainaren 30a

Euskalgintza sasoiko dagoela diozu, baina koordinazio beharrean.


Ez dakit hitza koordinazioa den. Behintzat lortu da interes kontrajarrien arteko dinamikak hurbiltzea edo ika-mikak baretzea. Hori lortu da, eta inportantea izan da. Beste pauso bat faltako litzateke, gogoeta partekatua eta estrategia partekatua. Agian oraindik pauso batzuk falta direla egoera idealera iristeko? Adibidez, Topagunearen inguruan dagoen dinamikan, uste dut, badagoela heldutasun nahikoa puntu horretara iristeko. Oso pozik nago han antzemandako giroarekin, jarrerekin, interesarekin.

Orain euskalgintzan egosten ari den gauzarik inportanteenetakoa al da Topagunearen hausnarketa?


Garai batean egiten zena ez dut ezagutzen eta ez daukat konparatzeko aukerarik. Alabaina, XXI. mende hasiera hau berezia da, aldaketa egoera da eta parametroak ez daude garbi inon. Euskalgintzarentzat ere oso abagune polita da jauzi kualitatiboa egiteko, planteamendu eta dinamika berriak abian jartzeko, gizarte mugimendu bezala. Euskararen aldeko gizarte mugimenduaren lehen pausoak ondokoak izan ziren: kontzientzia hartu, oinarrizko lanketak planteatu, inoiz eskaini ez ziren euskarazko zerbitzuak herri mailan antolatu, aisialdiko hainbat kontu, sentsibilizazio saioak... Baina oraindik mugimendu horrek ez du bere egin hizkuntzaren aldeko lidergoa bere osotasunean, alegia, diskurtsoa sortu, komunikazioa landu gizartean... estrategia eta instrumentu guztiak baliatuta. Uste dut hori dela orain eman beharreko jauzia.

Orain arte lidergoa non egon da? Askotan administrazio publikoan, agian beste aukerarik ez zegoelako. Gero hori politizatu egin da eta boterea eta kontraboterea sortu dira. Orain dialektika hori ari da ezabatzen, baretzen edo bideratzen. Ez nuke esango botererik eta kontrabotererik behar ez denik, batzuetan bai, besteetan ez. Egin beharreko galdera da: Une honetan hori behar da ala ez, denok konpartitzen dugun helbururako?