Ausiabartzako Telebista

iÑIGO aZKONA
Uholdeek konbultsionaturik eta izularrituriko herri ilaun hartan, telebista ere bazuten; eta ez kate bakarra, hiru baizik. Laugarren katearen zain bizi ziren bertako asko; halere, Krisi Sakonegi andereak hamar mila atal eta puskatan hausten zien horiei ametsa, behin eta berriz esanez: “Aurten ez, baizik hurrengo urtean obratuko dugu, agian”.

Gaztea izan arren, zaharren manerak hartuak zituen telebista herbal hark. Diren eta gaiztoenak praktikatzen zituen: zentsura eta zigorra. Hogeita hamar urterekin, ehun eta laurogeita hamar urteko ganbelu zaharraren aitzakia denak zituen Ausiabartzako telebistak.

Herren eta eskumotz ziren albistegiak. Erkinak. Baina, Eros Gezurtegi bertako zuzendariak esaten zuenez, aje eta eritasun guztiak kanpotik zetozen: “Zereko zerak du errua, eta ez guk”.

NEKE ASTUNA. Telebistaren heriotza beltzaren espektro lazgarria hasi zen ikusten herria. Eta purrusta altxatu zuen. Ozena. Bertako erregeari galdetu zion ea ez ote zitzaion posible telebista hura ganoraren arrastora sartzea. Eta erantzuna izan zen bertako jauntxoen arteko hitzarmen bat, zeinaren bidez populua derrigortzen baitzen egurrezko betaurreko beltzak jartzera, telebista ikusteko.

Idatzi zuten poetek, kantatu zuten koplagileek, esan kontalariek: “Horrela ez goaz inora”.  Eta erantzuna izan zen albistegietan ahotsa kentzea oposizio politikoari. Kexua azaldu zuten bertako langileek, esanez ezen horrela ezin zutela egin beren lana gutxieneko kuxidadearekin. Eta erantzuna izan zen erredakziotik kentzea idazmakinak.

Dena bihurtu zen aitzakia telebista hartan: beroa ez bazen, hotza. Azkenean, albistegien izena ere aldatu zuten. Eta horrela, Gezur On izenarekin bataiatu zuten Egun On izan zena.

OLENTZERORI GUTUNA
. Ezin eramanak hartu zuen Ausiabartza: telebista, denen diruarekin ordaindu bai; baina ezin inork ikusia gertatzen zen. Erregeak ez zuen egoera aldatu gura. Parlamentuak ez zeukan indarrik Gezurtegiko maisua botatzeko. Unibertsitateak ez zekien nola aholkatu gizartea.
Eskolako umeek hartu zuten erabakirik eta zentzuzkoena: Gabonak hurbiltzen ari zirela eta,  Olentzerori idatzi zioten gutun bat. Politikariek, kultur-eragileek, pentsalariek, sindikatuetako buruek eta apaizek ezin zutena, ea ikazkinak ahal zuen.
Santomasetara aurreratu zen Olentzeroren erantzuna. Postal bat erori zitzaion eskuetara, zerriaren zozketaren emaitzak oholtzatik esaten ari zenari.  Mikrofonoa ongi jarri eta, belaunak dardaraz, gutuna irakurtzeari ekin zion.
“Ume maiteok –zioen ikazkinak postalean–, ezinezkorik ezin dut nik. Urlia, Sandia eta Berendia elkartu gara pagadian, eta ez dugu nahikoa indarrik bildu, nahi duzuena lortzeko”.

Ikazkinak zioenez, Gabonetako lanak amaitutakoan, Pertsia urruneko Hiru Errege Magoak, Mazedoniako bazter menditsuetako Hermes, eta Patagoniako meategi sakonetako gnomoak deituko zituen udaberriko sinodora. Ea horrela zerbait egin zitekeen desmasia eta ondiko hura zuzentzeko.
Pentsatu zuen bere kautan esatariak: “Unbeko Ama Birjinarekin ere hitz egin beharko genuke...”.

Euri-jasa hasi, eta plaza hustu zen. Ihesi, ospa egin zuen zerriak erauntsian. Gezurrak segitu zuen telebistan, zazpi bider hirurogeita hamar aldiz.

ASTEKARIA
2010ko abenduaren 12a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude