Enkarni Genua donostiarrak idatzi zuen iaz Altxor bat esku artean: txotxongiloak. Antzerkian ibilbide luzea egindakoa da Genua 1960ko hamarkadatik eta 1971. urtean, Manolo Gómezekin batera, Txotxongillo taldea sortu zuen; baita 1982an Titirijai nazioarteko jaialdia ere. Liburu honen zergatia txotxongiloei plaza eskaintzea da: egileak liburuan azaltzen duenez, asko dira pedagogiaz, sormenaz eta antzerkiaz egindako liburuak, baina ez hainbeste horiek denak txotxongiloen munduarekin uztartzen dituztenak. Eta Genuaren ustez pena da hori, txotxongiloak esku artean dauzkagun altxorrak direlako eta gehiago erabiltzera animatu nahi duelako jendea.