Abraham Serfaty, judu marokoar gorri menderakaitza

  • Marokoko Marrakechen hil da Abraham Serfaty komunista zaharra. Hassan II.ak 17 urtez preso eduki zuen buruzagi ezin erosia itzali da 84 urtetan, palestinarrei laguntzen zien judu antisionista, Sahararentzako autodeterminazioa eskatu zuen marokoarra. Hori eta gehiago, Magrebeko askapen prozesuetako progatonistetako bat joan da.
abraham serfaty
Gora Saharako Errepublika. Gora Marokoko Errepublika. Eta gora Marokoren eta Sahararen arteko batasuna” oihukatu omen zuen 1977ko urrian 138 militante gehiagorekin batera egin zioten epaiketaren amaieran. Azaroaren 18an hil da, polizia marokoarrak Aaiun ondoko Gdeim Izik kanpamendua sarraskitu eta hamar egunera.

Esaten dute 2001ean argitaratu zuen liburu honen tituluak definitzen duela Abraham Serfaty: L'Insoumis. Juifs, marocains et rebelles. Beste liburu batek salbatu zion bizia. Gilles Perrault kazetari eta idazle frantsesak 1990ean Notre amie le Roi plazaratuz ezagutarazi zuen Marokoko Hassan II.aren alderdi iluna, tartean Tazmamart espetxe beldurgarria, non erregeak itxita zeukan Serfaty beste burkide kondenatuekin batera. Hassan II.ak, aurpegia garbitu nahian, zulotik atera eta Frantziara espultsatu zuen. Mohammed VI.ak 1999an baimenduko zion berriz etxeratzea.

Abraham Serfaty jaio zenean, 1926an, oso bestelako mundu batera erori zen. Maroko Frantziaren protektoratua zen eta Magreb osoan ugariak ziren kolonia juduak, nagusiki Espainiatik kanporatutako sefarditak. Ezkerreko judu antisionista omen zuen aita. Semea bide berari jarraituko zitzaion.

Hamazortzi urterekin Marokoko Gazteria Komunistan sartuta, Frantzia ondo ezagutu zuen, bertara ingeniaritza ikastera joanda. 24 urterekin, ezkondua eta haur txiki baten aita, lehenbizikoz ezagutuko du espetxea, ondoren Frantziako erbestea, 1956an independentziarekin itzultzeko.

1960tik 1980ra Marokok Hassan II.aren diktadurazko berunezko urteak saltsaren erditik ezagutu zituen Serfatyk. 1965ean, agintari frantsesen konplizitatearekin Hassan II.ak Hahmed Ben Barka politikaria bahitu eta desagertarazi zuen garai berean, Casablancan istiluak izan zirela-eta beste militante sail batekin batera Serfaty arrestatuko dute eta latz torturatuko. Josephine emazteak berak ezingo du soportatu senarrak militantzia arriskutsuan segitzea eta alde egingo dio Frantziara.

1967. urtea gorriz markatuta daukate Magreben bizi ziren juduek: urte hartan “Sei egunetako gerra” lehertu zen Israelen eta estatu arabiarren artean eta ondoren milaka juduk ihes egin behar izan zuen jaioterritik, minoria legez mende luzetan ezagututako bizimodua ezinezko bihurturik. Marokotik berdin alde egin zuten Serfatyren lagun ugarik.

Gilles Perraultek diaspora judu hartako kide ezkertiarren deskribapen aberatsa idatzi zuen Un homme apart liburuan. Honetan Henri Curiel -en bizi eta heriotza kontatu zituen, beste Net Hurbil batean laburbildu genuenez. Orain jakin da Curiel eta Serfaty elkarlanean aritu zirela garai hartan juduen eta palestinarren arteko lehenbiziko harremanak bideratzen. Curielek bizia galdu zuen borroka horretan. Serfatyk liburu bat idatzi zuen espetxetik gai beraz: Ecrits de prison sur la Palestine.

17 urte infernuan

Polizia fitxa edukiagatik gizon argia izan behar zuen, zeren eta 1968an Office Chérifien des Phosphates enpresa publiko erraldoian goi postu batean ari baitzen lanean. Gutxi iraun zuen: Khouribgako meategietan langileek greba antolatuta, zuzendaritzarekin bat egiteko partez beharginekin elkartu baitzen. Kalera. Ondorengo lau urteetan irakasle aritu beharko du.

1970ean Marokoko Alderdi Komunista utzi zaharkituta gelditu delakoan eta Ila Al Amame alderdi ezkertiarra antolatu zuten Serfatyk eta beste militante oso ezagun batzuek. Legez kanpoko alderdi marxista-leninista honek Sahararen autodeterminazioa aldarrikatzen zuen. 1972an Marokoko poliziak sekulako sarekada antolatu eta Ila Al Amameren ehundaka militante espetxeratu zituen. Serfaty sasira pasatu zen.

Frantses nazionalitatea zeukan Christine Daure emakume gazteak babestu zuen. Ezkutalekuan jakin zuen bizi osorako espetxera kondenatu zutela epaileek. 48 urte zituen.

Poliziak ezin zuen bera atzeman, baina arreba arrestatu zioten eta egun luzetan torturatu. Familia osoa zebilen aztoratuta. Aita hil zen laster eta arreba segidan. Poliziak mezua helarazi zion Serfatyri, Marokotik ihes egitekotan bakean utziko zutela familia. Hori baino nahiago izan zuen bere burua entregatzea, 1974an. Horregatik ez zioten barkatu, eta Christine Daurek, orduan emaztegai zuenak, hiru urteko kondena nozitu zuen; Maurice semea arrestatu zioten –gaur Kanadan bizi da, tratu txar haien ondorioak nozitzen ditu oraindik–. Urte eta erdiz inork ez zuen izan Serfatyren berririk.

1977an egin zioten epaiketa. Beste Burgos bat. 139 burkide jujatzen zituzten. Amaieran “faxista!” entzun omen zen aretoan. Epaile nagusiak: “Faxista deitu didana ausartuko al da zutik jartzera?”. Eta 138ak altxatu. Epaileak: “Bina aurte gehiago denei, magistratuei ixeka egiteagatik”. Ama batek jende artetik: “Paradisuan bete beharko ditu bi urte horiek”. Orduan azken hitza eskatu eta Sarfetyk oihukatu omen zuen “Gora Saharako Errepublika, gora Marokoko Errepublika eta gora Sahara eta Maroko batuak!” famatua. Xehetasunok Ahmed Amrik eskaini ditu bere blogean.

Christineri 1985ean baimendu zioten Abrahamekin ezkontzea. Kenitrako presondegian izan zen. Geroztik Christinek bazter guztiak astindu zituen senarra hiltegitik ateratzeko. 1991ko irailaren 13an lortu zuen. Abraham Sarfety Parisera heldu zen François Mitterrand presidenteak Hassan II.arekin egindako tratuari esker.

Harrez geroztik kadira gurpildunean egon da, gaixotasunaren eta kartzelan jasandako bizimoduaren opari. Hassan II.a hil zenean, 1999an, haren seme Mohammed IV.ak baimendu zion sorterrira itzultzea. Marrakechen bizi izan da geroztik. Estatuaren gerra zikinaren biktimatzat zegokion kalteordainari uko egin zion, Estatuaren funtzionari izakera berreskuratuta ematen zioten erretreta saria nahikoa zuelakoan.

Abraham Serfatyren hil ohar ugari plazaratu da egunkarietan. Txema Monterok Deian agurra idatzi dio. Denek aitortu diote gizaki eta politikari maila handia, zintzotasuna, Hego Afrikako Nelson Mandelarekin alderatu duenik bada. Aldiz, bere burkide batek, Abdelhamid Amine-k, gizon zahartuak eragindako sentsazio mingotsa azaldu du Tel-Quel astekarian.

Lider zaharra 1999ko irailaren 30ean Rabat-Saléko aireportura iritsi zenean, zain zeukan Amine beste 400 militante ingururekin. Serfatyk esan omen zien garai hobeak zetozela, Mohammed IV. beste bat dela, agian Marokon errepikatuko zuela Espainian Juan Carlos Borbonek lortua. Burkideen masailetan nahastu omen ziren pozezko malkoak eta etsipenezkoak .

ASTEKARIA
2010ko abenduaren 12a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude