Txertoa argitaletxearen Nor da? sailaz hitz egin izan dugu lehenago ere orri hauetan. Pertsonaia historikoen biografiak dira, berezitasun batekin: 9 urtetik 12 urterako haurrei daudela zuzenduta. Jon Bilbaok idatzi du William Shakespeare idazleari buruzkoa eta Shakespeare, antzerkiaren maisua jarri dio titulu. Gertakari liluragarriz eta sekretuz betea aurkeztu du Bilbaok idazlearen bizitza: hagatxo magikorik eta txano punta-zorrotzik gabe ere, ahalmen bereziak zituen pertsona baitzen Shakespeare. Jendeari malkoak isurarazteko gai zen, baita barrez lehertzerainoko grazia egiteko ere. Eta haren hitz magikoak bizirik daude oraino.