Kantuz hartuko haugu, hitaz oroitzean

  • Kantuz sortu zen, eta kantuz zen bizi. Kantuz igortzen zituen bere penak ihesi. Kantuz irabazi zuen izan zuenetik asko. Kantuz aritu zitzaizkion bere hautsak zabaltzean.  Eta belaunaldi berriek ere, beste era batera ezin eta, kantuz oroitzen dute Mikel Laboa, haren abestiak moldatuz.
laboa
Mikel Laboak ez zuen kanta amaitutako zerbait bezala ulertzen. Denborarekin ondu edo txartu daitekeen zerbait zela uste zuen, interpretazio ugari jaso zezakeen zerbait. Horregatik, bere ustez zaharkituta geratutako kantak eguneratu egin zituen, unean uneko eraginak txertatuz. Abesti berriak sortzeko garaian ere ez zuen kanta amaitutako gai bezala ulertzen, urteak eman baitzitzakeen ideia batekin bueltaka. Abestia standby egoeran uzten zuen, handik denbora puska batera berriro hartu eta taxutzen jarraitzeko. Kanta bakoitzak argitaratu aurretik bere bizia egin behar zuela zioen. Behin ezagutzera emandakoan, abestia jaio egiten zen, sekula ez hiltzeko.

Musikaria hil zen, baina bere obrak bizirik jarraitzen du. “Mikelen abesti askok ahozko transmisioa izan dute, eta horren ondorioz bizirik iraun dute, eta nire ustez iraungo dute”, dio Eneko Aranzasti musikari eta Bidehuts-eko kideak. Oroimen kolektiboan txertatuta dago Mikel Laboa, baina bere obra oraindik amaitu gabe dago. Denborarekin ontzen ari da, hamaika interpretazio egin baitzaizkio, baita egingo ere, hamaika artistaren eskutik. Hala ere, musikari ezagun askori egin zaizkio bertsioak, eta Mikel Laboak ere berdina egin zuen bere garaian Atauhalpa Yupanqui, Xabier Lete eta beste hainbatekin. Baina donostiarraren kasua ezberdina da, oso hedatuta dagoen joera baita haren bertsioak egitea. Arrazoia, Laboaren musika “herri-kanta bilakatu dela” Julen Azpitarte kazetariaren ustez.

Belaunaldien arteko zubi

Herri-kanta bihurtuta ere, “tradizioan ondo sustraitutako abangoardian” dagoen artista da oraindik Laboa, Azpitartek dioenez. Hori lortzeko, belaunaldi berriekin eta musikari gazteekin etengabeko hartu-emana eduki zuen. Ez da harritzekoa beraz, garaian garaiko hainbat talderekin kolaboratu izana. Fermin Muguruza eta Dut-ekin Gazteluak kantan ahotsa sartu zuen, Kortatu taldearen Ehun ginen-en, Naizroxa-ren Iqharaturic azken diskoan, edota Oreka TX-en Nomadak TX lanean parte hartu zuen, besteak beste.

Hartu-eman horiek direla eta, bertsio eta omenaldi asko egin dizkiote unean uneko taldeek. “Bere estiloari muzin egin gabe Laboa beti eboluzionatzen ari zen, eta beti eguneratuta egotea ahalbidetzen zion horrek. Sentipen hori belaunaldi berriengan pizten zen”, dio Ibon Rodriguez Eten taldeko kideak. Baina “Mikel eredu bezala hartu nahi bada, iraultzen jarraitu behar da, bere lana mitifikatu eta petrifikatu gabe”, zehaztu du. 1990ean argitaratutako Txerokee diskoan iraulketa hori ikusi daiteke. Talde esanguratsu askok Laboaren lana rockera ekarri zuten. Hogei urte beranduago antzekoa gertatu da, eta belaunaldi berriek Laboaren lana iraultzen jarraitzen dute, hala nola Txinaurriak lanean (ikusi hurrengo orriko koadroa).

Unibertsaltasuna

Atzerriko artistengana ere iritsi zen Laboa: “Esker oneko keinuak izan dira gehienbat. Euskal Herriaren egoera politikoa, euskara eta beste hainbat ñabardura sartzen dira tartean, baita Laboa ikonotzat hartzea ere”, dio Rodriguezek. Rim Banna abeslari palestinarrak Gure hitzak kantaren bertsio moldatu berri batean parte hartu du Arramazka taldearekin batera; Toledoko (Espainia) Proyecto Swing taldeak jazz eta swing estiloan jotzen du Txoria txori; eta kanta horixe bera abestu zuen Joan Baezek 1988an Bilbon eskaini zuen kontzertuan, Pablo Milanesek Euskal Herriko emanaldietan egin izan duen bezala; Bartzelonako Cor EuskalHiria abesbatzak Baga biga higa kantatzen du, eta Nacho Vegas-ek ere abesti huraxe jo zuen 2009an Bilboko Kafe Antzokian.

Izaera unibertsal hori lortzeko, Steve Reich-ek zioena hartzen du argudiotzat Azpitartek. “Zenbat eta lokalagoa, unibertsalagoa. Egonezin handiko musikaria zen Laboa, eta estilo asko uztartzen zituen. Uztarketa hori baina, jario propioa erdiesteko erabili zuen. Laboa entzutean ez duzu estiloen fusioan pentsatzen, aparteko musikarian pentsatzen duzu, bere jarioari ondo heldu, baina era berean horrekin konformatu ez zen musikarian. Horregatik, izaera unibertsala lortu zuela esango nuke”.

Ez musikan bakarrik

Eta bestelako diziplinetan ere egin zaizkio berrikusketak Laboari. Iñaki Salvador pianistak dioenez, Laboak inspirazioa arte diziplina ugaritan bilatzen zuelako gertatzen da hori. “Haren lanera inguratu garen margolari, eskultore, dantzari edo musikariok Laboaren obraren arkitektura konplexuaren ‘deseraikitze’ apala besterik ez dugu egin”.

Esate baterako, Manuela Carretta dantzari italiarrak Haika Mutil kantarekin dantza flamenkoa sortu du; Zorongo taldeak ere flamenkoa dantzatzen du Laboaren musikarekin, baita Amilotx dantza taldeak edo Jon Ugarrizak ere. Koldobika Jauregi eskultoreak Laboa eta Altzürüküko artzainen basa aireei erakusketa eskaini zien Donostiako Ekain galerian; Juan Gorriti artistak ere bi eskultura egiteko oinarri hartu du kantaria, eta zer esanik ez Jose Luis Zumeta margolariak.

Hainbat lehiaketa ere antolatu dira Mikel Laboa gaitzat hartuz, hala nola, Usurbilen egin zen eskultura lehiaketa eta EHUk antolatu duen idazketa, irudi eta musika sariketa. Eta bertsolaritzak ere omen egin dio behin baino gehiagotan. 2008ko Bizkaiko Txapelketan, Laboa hil berritan, Igor Elortzak kartzelako bertsoak Izarren hautsaren doinuarekin bota zituen; Maialen Lujanbiok ere Martxa baten lehen notak doinuarekin hainbat bertso abestu zituen 2009ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian, tartean txapela jantzi osteko agurra.

Mitoaren itzala

Laboa aipatzen denean Txoria txori, Baga biga higa, Oi Pello Pello, Izarren hautsa... bezalakoak etortzen zaizkio burura entzuleari. Horren kausa izan daiteke, batetik, haren lanaren ezezagutza; bestetik, Laboaren figura mitifikatu izana. “Mitoak itzal handiegia egiten dio Laboa musikariari, eta askotan irudi horrekin geratzen gara, alde musikala apur bat baztertuz. Iruditzen zait ez dugula bere musika osotasunean baloratzen”, dio Julen Azpitartek.

Zergatik? “Obraren berri ez dugulako; kanta mitikoekin gelditzen garelako; ez garelako nahikoa murgildu haren musikan; abangoardia ere badelako eta horrek askotan entzulea kikiltzen duelako... Azken finean, Laboaren obrak entzuleari esfortzua eskatzen diolako, eta musikak askorentzat puntu hedonista hori duelako: parrandetarako, afarietan abesteko...”.

Balizko posible horiek guztiak planteatzen ditu Azpitartek betiko kanten errepikapena ulertu nahian. Kanta horiek, gainera, ez dira ezagunenak, “ezagutzen diren bakarrak dira”, Rodriguezen ustez. Hala ere, garbi dago aipatutako abesti horietatik asko euskal identitatearen parte izatea ere lortu dutela, eta horregatik aukeratu izan dituztela bertsioak egiteko. Edonola ere, Iñaki Salvadorrek aurreikusten du denborarekin justizia egingo dela, “eta jakituria gehiagorekin baloratuko da Laboak sortutakoaren osotasuna”.
Edonola, omenaldirik handiena gauzatuta dago, haren kantak dagoeneko herriarenak bilakatu baitira.
Bi omenezko lan, Laboaren heriotzaren bigarren urteurrenean
“Etorkizuna gazteen esku dago, eta nik egindakoak zerbait esaten badie, edo zerbaiterako baliagarri bazaie, ba pozgarria da, dudarik gabe”. Hala zioen Mikel Laboak 2006an Entzun! aldizkariari eskainitako elkarrizketan. Baliagarri izan zaie ondorengoei, ezbairik gabe, eta horren adierazgarri dira aurten kaleratutako bi disko.

Lilurarik ez, Iñaki Salvador

1985ean argitaratu zuen 6 diskotik azken lanera arte Iñaki Salvador alboan izan zuen Mikel Laboak. “Sortze prozesuan aske uzten gintuen, baina berak nahi zuen norabidean. Musikari gutxik lortzen dute oreka hori” dio Salvadorrek. Orain Laboaren gidaritzarik gabe aritu da, eta Lilurarik ez bere azken lanean jazzera ekarri du, 1992an Zilbor hestea diskoan egin zuen bezala. Disko hau omenezko lana dela dio, “berarekin berriz jotzea bezala izan da, baina bera gabe”.

Jazza eta kanta herrikoiak uztartzeak on egiten die bi esparruei, Salvadorren ustez. “Gehiengoarentzat laguntza gisakoa da era honetako fusioak egitea, doinu herrikoiak nahasten baitira entzuteko zailagoak diren elementuekin”. Horrelako esperientziak ez dira berriak, hala ere. “Jazz musikariek historikoki ‘standard’-ak jo dituzte, hau da, abiapuntutzat kanta bat hartu, eta horren gainean inprobisatu dute. Eta nik ere beste hainbeste egin dut. Mikelen kantak joz, inpultso horri jarraitu besterik ez baitut egiten”.
Txinaurriak, Hainbaten artean

“Anarik denbora zeraman Antzinako bihotz zuzenean jotzen, eta Lisabök Xoriek 17 diskoan Orduan abestian jardun zuen. Garai horretan hasi ginen ideiarekin bueltaka”, dio Asier Zulueta Bidehutseko kideak Txinaurriak diskoaren genesiari buruz, “baina Laboa zendu zelarik, dena utzi genuen harik eta familiak, jakitun, aurrera egiteko esan zigun arte”. Donostiako Antigua auzoan egin zitzaion omenaldirekin gauzatzen hasi zen bilduma. Azkenerako hemeretzi taldek osatu dute Txinaurriak lana, bi LP eta bi CDk osatutakoa. Besteak beste, Ruper Ordorika, Audience, Mursego, Anari, Berri Txarrak, Xabier Montoia, Willis Drummond, Zura, Gora Japon edo Ama Say-k hartu dute parte.

“Mikelek eta bere inguruan zebiltzan guztiek emandakoa eskertzeko aukera bezala planteatu genuen diskoa”, dio Karlos Osinaga Bidehutseko kide eta musikariak. “Hasieran irudi eta testuak egiteko izen batzuk etorri zitzaizkigun burura: Zumeta, Atxaga, Sarrionandia... baina kantekin bezala, dena geuk egitea erabaki genuen”. Ramon M. Zabalegi arduratu da irudiaz, eta Martxel Mariskal liburuxkako testuez. “Txinaurriak diskoan badira Laboaren oinordeko izan daitezkeen hainbat artista: musikari ipurterreak, etengabeko bilaketan murgilduta daudenak, ahots propioa izan nahi dutenak, idazteko grina dutenak...”, dio Julen Azpitartek. Maisuari omenaldia egiteko, diskoa abenduaren 1ean argitaratu da, Mikel Laboa zendu zen data berean.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude