“Niretzat zorte izugarria izan da Iparraldera bizitzera etortzea. Askotan galdetu izan diot nire buruari nola ulertuko ote nukeen Euskal Herria Lasarten gelditu izan banintz. Han biziz, hango kulturatik edanez, hango euskalduna izango nintzatekeen. Beharbada, oraingo modari jarraituta, Euskal Herrian bi hizkuntza daudela esango nukeen. Ez nintzatekeen aberrazio izugarri horretaz jabetuko. Hona etortzeak ikuspegi zabalagoa eman dit, Euskal Herria bere osoan ikusteko aukera eman dit. Hegoaldean geldituta oso mugatuta zaude euskaldun bezala. Ikastolen munduan sartzeak ere asko lagundu dit, bistan da. Hori gabe, deserrotuago sentituko nintzen. Hona heldu ginen garaian, Iparraldea eta Hegoaldea bereizten dituena bi erderak edo bi erdal kulturak direla esaten zen, alegia, frantsesa eta gaztelania. Batzuek desberdintasuna ikusten zuten tokian loturak ikusten enpeinatu ginen gu, eta garai hartako Argia dut eredu: batzen gaituena, euskara da.