Orain bai, liburu digitalak eztanda egingo du

  • Bi gertakarik asko aldatu dituzte gauzak liburu digitalaren nazioarteko sektorean. Bat: idazle esanguratsu zenbaitek ohiko argitaletxeak bazterrean utzi dituztela, euren liburuen edizio digitalak Amazonen bidez saltzeko, Interneteko liburu-dendak egile-eskubideengatik portzentaje handiagoa eskaini dielako. Eta bi: liburu digitalen kopia “piratak” asko ugaritu direla Interneten azken urtean. Liburuaren industriari errekonbertsio garaia iritsi zaio, lehenago diskoenari eta filmenari gertatu zitzaien bezalatsu.
2007aren amaieran hasi zen tartarra ozenago bihurtzen. Amazonek Kindle irakurgailua salgai jarri berria zuen, “liburuaren iPoda” hedabide askoren esanetan. Bazirudien paperarenak egin zuela. Bazirudien denbora gutxian narratiba, saiakera, poesia eta are, baita egunkaria ere, folio baten tamainako gatxet digitalean leitzekoak ginela. Bazirudien horrek liburuaren kontzeptua bera aldatuko zuela. Bazirudien... baina ez. Edo ez erabat. Ez espero bezala. Liburuaren industria ez da hainbeste aldatu azken urteotan. Baina, era berean –eta gure buruarekin kontraesanean gaudela eman badezake ere– asko aldatu da. Bukatzear dugun 2010a izan liteke norabide aldaketa markatuko duena.

Ze, gainontzean, hiru urteotan garrantzi handirik ez duten gauza asko gertatu dira: teknologiarekin edo edizioarekin harremana duen enpresa oro posizioa hartzen hasi da liburu elektronikoaren sektorean, bipil batzuk, musuak lotsaz gorri eta sineste handirik gabe bestetzuk. Zenbaezinak dira merkaturatu diren e-reader modeloak, bakoitzak formatu diferenteak irakurtzen ditu eta horietako bat nabarmen nagusitu den arte, liburu digitalak denbora asko galdu du alferrik, nobela baten dokumentu digitalak atzetik eraman behar duen luzapena “.azw” izan behar ote duen ala “.lit” behar duen erabaki ezinda.

Bi nagusitu dira momentuz: EPUB estandar irekia eta Adobe etxearen PDF ezaguna. Aurrenekoaren abantaila, moldagarritasuna: pantailan letrak handiago ikusi nahi baditugu, irakurgailuak testua egokitu egiten du, berriz maketatuko balu bezala, segundo gutxian; PDFak berriz, alde dauka oso erabilia dela, eta Interneten liburu askok zirkulatzen dutela aspaldidanik formatu horretan.

Digitalaren mosketariak

Baina, esan dugu, horiek garrantzi handirik gabeko kontuak dira. Benetan inportantea ez baita azpiegitura teknologikoa, liburuak eta idazleak baizik. Orain arte kontuak honela funtzionatzen zuen nazioarteko argitaletxeen eta sona handiko idazleen artean: papereko liburu bakoitzeko idazleak salmenta prezioaren %25 eskuratzen zuen. Eta editorialek, digitalera jauzi egitean, antzeko tratua eskaini zieten e-liburu bakoitzaren salmentagatik. 2010ean ordea, “bat denontzat, denak batentzat!” esan, eta zenbait idazlek buruz gain pasa dituzte argitaletxeak, euren liburuen edizio digitalak zuzenean Amazoni saltzeko. Arrazoia? Interneteko liburu dendak %25 hori gainditzen duten royaltyak eskaintzen dizkiela. Salmenta prezioaren erdia poltsikoratzea posible dela uste dute idazleok. Eta ez dira edozein: Orhan Pamuk, Salman Rushdie, Phillip Roth eta Martin Amis daude tartean.

Galdera inportantea jarri diete argitaletxe tradizionalei mahai gainean: zergatik ordaintzen diguzue e-liburuarengatik papereko edizioarengatik pagatzen duzuen portzentaje bera? Ze, liburu fisikoak baditu kostu batzuk, paperak dirua balio du, banaketak ere bai eta beste hainbeste liburuak biltegian edukitzeak... Baina problema horiek fini dira aro digitalean. Eta kostu horiek zerora hurbiltzen badira, idazleari berdin pagatuta argitaletxearen irabazi-marjina puzten da... idazleak “kito!” esaten ez badu, noski. Eta esan dute.

Liburuetan ere copyfight

Baina itxaron, orain arte liburuak erosteaz aritu baikara. Eta produktu kulturalez hitz egiten badugu, Internetez, digitalizazioaz, premisa hori bera ere kolokan jarri behar da ezinbestean. Diskoekin ikusi dugu: grabatutako musika doakotasunerantz abiatu da. Liburu numerikoak nagusitzen diren neurrian ere, zaila da bestelako panoramarik imajinatzea. Edozein artxibo digital kopia baitaiteke erraztasun handiz eta aski da pertsona bakarrak ordaintzea liburu, disko, film edo dena delakoarengatik eta gero Interneten kargatzea, beste ehunka, milaka pertsonak sarean arrantzatu eta doan eskura dezaten.

Papereko liburuaren negozio-eredua digitalera bere horretan eraman nahi dutenak, hori saihesteko, kontrol-teknologiak baliatzen ari dira. Helburua, kopia libreari ahalik eta traba gehien jartzea da. Baina egoera absurdu samarrak eragin ditzake. Besteak beste, liburu digitalarekin ezin egin izatea papereko liburu batekin normal-normalak diren ekintzak: guk erositako liburu bat lagun bati uztea, kasu. Edo liburutegi publiko batetik obra bat hartu eta etxera eramatea. Izan ere, bai baterako eta bai besterako, norberaren irakurgailura kopiatu behar da liburua. Eta kultur industria tradizionalak joera du “kopia” hitza “bekatu” berbarekin lotzeko.

Edonola, zaila baita itsasoan presa egitea, liburuen zirkulazio librearen arora heldu garela ematen du. 2009ko datu batek baieztatzen du. Espainiako Pirateriaren Behatokiak (sic) egin zuen publiko: iaz sarean zebiltzan liburu digitalen %19,7 “pirateatutako” edukiak ziren. Hori izan daiteke liburuaren industriarentzat, diskoenarentzat Napster izan zena; negozio-eredua aldatzen hasteko garaia dela erakusten duen inflexio-puntua.

Irakurleentzat zer esan nahi duen? Agian garaia dela irakurgailu bat eskuratzeko. Alexandriako liburutegia barregarri uzteko moduko eskaintza izango dugu Interneten.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurgailu elektronikoak
2021-07-20 | El Salto-Hordago
Hego Euskal Herriko herritar bakoitzak 19 kilo hondakin elektroniko sortzen du urtero

El Salto hedabideak aztertu ditu 2020ko The Global E-Waste Monitor txostenaren datuak. Honen arabera, Europar Batasuneko herrialdeek sortzen dute zabor elektroniko gehien. Espainiako estatuan urtero 888 kilotonelada zabor elektroniko sortzen dira, hau da, baztertzen ditugun aire... [+]


Gauzak argitzen ari dira liburu digitalaren merkatuan

Euskal liburu digitala: bi eredu eta hamaika galdera” titularra jarri genion 2011ko artikulu bati. Bidegurutzean zeuden argitaletxeak gure barrioan, Elkar, Alberdania eta Erein batetik, Gurebooken bilduta; eta Susa bestetik, liburu digitalerako bere... [+]


2013-01-17 | Josu Urtubia
Irakurgailu elektronikoen salmentak %28 jaitsi dira munduan

Jende gehiagok formatu digitalean irakurri arren salmentak behera egin du mundu osoan.


Euskal liburu digitala
Bi eredu eta hamaika galdera

Ordaindu ala doan eskaini? Euskaraz liburu digitalak zabaltzeko sortu diren bi plataformek (Gurebook eta Liburu-e) paratu dute galdera mahai gainean. Itaunak ez du erantzun bat besterik eskatzen. Erantzun bat besterik ez... liburuaren sektore osoari eragingo diona.


Eguneraketa berriak daude