Madrilgo Historia kanonari erantzuteko jardunaldiak

  • Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako historialariek Nazio eraikuntza eta nortasun zapalketaren artean jardunaldia egingo dute Bartzelonan. Ez da topaketa bat gehiago, Espainiako historiografia zentralistari akademikoki erantzuteko ekimena baizik.
galeusca
Hiru herrialdeetan batera iragarri dute aste honetan Galeuscaren lehen historia topaketa, Bartzelonako Museú d’Històrian egingo da abenduaren 10 eta 11n. Ekimena XX. mendetik Espainian nagusitu den Historia kanon zentralistari aurre egiteko sustatu dute unibertsitate munduko bultzatzaileek, baina aspalditik ernatzen ari den mugimendua da honakoa.

Duela bi urte, 2008ko uztailaren 18an, unibertsitateko 35 irakasle eta katedradunek manifestua plazaratu zuten Bartzelonan. Espainiako Estatuaren “uniformizazio saiakeraren” aurrean, 1923ko Aliantza Hirukoitza deiturikoaren espiritua aldarrikatu zuten, ondoren Galeuzca-ren sorrera ekarri zuena. Manifestuan, Galizia, Euskal Herria eta Kataluniaren elkar ezagutzan laguntzeko konpromisoa agertzen dute sinatzaileek, besteak beste. Hamarnaka historialarik eman diote jadanik babesa manifestuari, gehienak Kataluniakoak, baina badaude Galizia eta Euskal Herrikoak ere: Xoxe Estevez, Josu Chueca, Jose Luis Orella, Francisco Letamendia, edota Jose Manuel Castells, beste hainbaten artean.

Kongresua, urrats handia

Bartzelonako manifestuaren sustatzaileek iragarri zuten Historialarien Galeusca sendotzeko kongresua antolatuko zutela. “Manuskritoek, ez badute jarraipenik izaten, horretan geratzen dira” dio Enric Pujol Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko historialariak. Pujol burubelarri ari da datorren asteko historialarien topaketa antolatzen: “Beti ari gara historia konparatuaz hitz egiten, baina inoiz ez dugu konparatzen” dio. Bartzelonako jardunaldiak prestatzeko denbora tarte luzea behar izan dute, baina historialari katalanaren esanetan “lehenengoa da zailena, hau ekitaldi fundazional bat izango da”. Hemendik aurrera, dena ongi bidean, bi urtean behin mota horretako jardunaldi bat egiteko asmoa dago. Pujol ez da ausartzen ekitaldiari “kongresu” deitzera: “Zerbait malguagoa nahi genuen, erraztasunak eman parte hartzeko, horregatik antolatu ditugu jardunaldiok; eta erantzuna bikaina izan da, jadanik hogei komunikazio jaso ditugu-eta”.

Jardunaldiek babes zabala izan dute orain arte, ez da historialari gutxi batzuen bilkura izango, horren erakusle da atzean dagoen erakundeen zerrenda zabala: Centre d’Història Contemporània de Catalunya, Asociacion Galega de Historiadores, Grup d’Estudis d’Història de la cultura i dels Intel·lectuals, EHUko Historia Garaikidearensaila, Eusko Ikaskuntza... Jardunaldien antolaketaren zama handiena, berriz, Coordinadora de Centres d’Estudis de Parla Catalana-k hartu du. Kataluniako herrietan hamarnaka historia ikertalde daude eta horiek guztiak batzeko sortu zen koordinadora 1990eko hamarkadan. Bere lana ezinbesteko bihurtu da Historialarien Galeuscaren lehen bilkura hau aurrera ateratzeko.

Euskal historialariak bertan

Euskal Herritik hainbat historialari joango dira Bartzelonara hitzaldiak ematera, horien artean da Joseba Agirreazkuenaga EHUko katedraduna. Agirreazkuenagak badu esperientziarik honelako ekimenetan, besteak beste, Catalunya-Euskadi historia mintegiaren (2005-2008) sustatzaile izan delako Jaume Sobrequés historialari eta politikariarekin batera. Hain zuzen, bera ari da oraingo jardunaldi hauen inguruan Euskal Herritik egin beharreko lanez arduratzen.

Agirreazkuenagak aldizkari honi azaldu dio ekimenari tonu akademikoa eman nahi izan diotela, horregatik parte hartzaile gehienak unibertsitateari edo pisuzko erakundeei loturik daude, eta hitzaldiak maila handikoak izango dira: “Edo gai gara kongresu bat egiteko edo ez goaz inora” dio katedradunak. Dena den, Agirreazkuenagaren esanetan ez dira ezer berria asmatzen ari, Galizia, Euskal Herria eta Kataluniako berezitasuna jada XIX. mendean azpimarratu baitzuen Arturo Campionek berak, eta ideia hori azaldu zuten idazle nafarrak eta beste batzuek La España Regional aldizkari katalanistan.

Galeusca osatzen duten herrialdeen bilakaera historikoaren azterketak “ikuspuntuak komunean jartzeko balio lezake, baina baita erritmo ezberdinak ezagutzeko ere” dio jardunaldien aurkezpen oharrak, eta ildo horretan, bistakoa da katalanen pisua askoz handiago dela topaketan. Joseba Agirreazkuenagaren ustez hori ez da harritzekoa, Katalunian erakundetze akademikoa, zientifikoa eta unibertsitarioa askoz handiagoa baita, eta Euskal Herrian urruti gaude oraindik egoera horretatik; egon, ez baitago historia elkarte eta erakunde guztiak batuko lituzkeen koordinakunderik ere. Hain zuzen, Historialarien Galeuscak bi urtean behin egingo dituen topaketok, edukietan sakontzeaz gain, akuilu lana ere egin dezake eta euskal historialarien egituratzean lagundu.
Ponentziak eta komunikazioak
Bartzelonako Museu d’Història de Catalunyan egindako jardunaldiak bi egunez luzatuko dira eta XVI. mendetik XX. mendera arteko gaiak landuko dituzte, nazio eraikuntzarekin zerikusia dutenak, beti ere. Jordi Casassas, Uxío-Breogan Diéguez, Antoni Simon, Pegerto Saavedra... dira hitz egingo duten historialarietako batzuk. Euskal Herritik, berriz, Joseba Agirreazkuenagak “euskal nazionatsunaren” diskurtsoez hitz egingo du; Alberto Angulo EHUko historia irakaslea euskaldunek Madrilgo gorteetan izandako eraginaz jardungo da; Xoxe Estevezek (Deustuko Unibertsitatea) Galeusca-ren historia errepasatuko du; eta Josu Chuecak (EHU) izenburu deigarria duen ponentzia prestatu du frankismoaren errepresioaz hitz egiteko: Se prohibe la palabra ‘Agur’. Son tiempos de Viva España.

Horrez gain, hainbat komunikazio aurkeztu dituzte unibertsitateen bidez. Zehazki, EHUko Historia Garaikideko sailak lau komunikazio irakurriko dira, horietako bat euskaraz, Unai Belaustegik egina, Petra Arsuaga bergararraz eta bere senar Francesc Pi i Margall politikariaz.

ASTEKARIA
2010ko abenduaren 05a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


Eguneraketa berriak daude