argia.eus
INPRIMATU
ETB, 23:30
Luis Alberto, 'AmatiƱo' Aranberri 2010ko abenduaren 01
Eztabaida latza gero ETBren inguruan. Baina funtsean auzitan dagoena ez da telebista-eredua, ezta programazio-mota ere, albistegietako informazio-tarte politikoa baino. Zentsura ote dagoen ala ez... kazetariek agindurik duten... ildo nagusiak bi alderdik elkarrekin sinatutako hitzarmenaren zerbitzupean ote... Segurutik gai izugarri garrantzitsuak elkarri mokoka ari diren alderdientzat, baina inondik ere ez gero ETBren buruhausterik nagusiena.

ETBren arazorik larriena maldan behera doakion audientzia-jaitsiera geratu ezina da. Ondo dago, bai, albistegiez arduratzea, eta inork ez du zalantzan jarriko lehen hamar minutuetan jokatzen (omen) den lehia politikoa, baina ETB hori baino zertxobait gehiago da.

Euskal Telebistaren ikus-entzule gehienentzat, garrantzitsuena ez da kate bakoitzak egunean eman ohi duen ordu erdiko informazio politikoa, gainerako hogeita hiru ordu eta erdiak baino. Audientzia-gunea hor dago. Eta honetaz ez da eztabaida latzik sumatzen, ez haserre-hotsik entzuten, ez ezer.