Ez dugu big band klasikoen soinua izan nahi, gaur egungo tendentziak erabiltzen ditugu
Zure eskura big band bat edukitzea, hainbeste musikari eta instrumenturekin, ametsa da, ezta?
Bai, baina aldi berean gaur egungo garai zailetan halako talde handia osorik eta lanean edukitzeak buruko min handiak ematen ditu. Hala ere, talde honen makinaria indar betez dagoenean esperientzia errepikaezina da; ez dago horren antzekorik.
Zer dauka Gasteiz Big Bandek beste big band batzuek ez dutena? Ausardia? Aurreiritzi eza?
XXI. mendean egotearen pertzepzioa dugu eta gaur egun eskura dauden erreminta eta tendentziak erabiltzen ditugu emaitza borobiltzeko. Bestalde, ez dugu big band klasiko baten soinu bera izan nahi.
Zer izan behar du kanta batek zuek moldatu ahal edo nahi izateko?
Abesti bat izatea eta ez suite bat. Suitea generoko ohiko forma da, jazzetik musika klasikoaren pareko seriotasuna lortu nahi duena. Gure soinu apustua poperoagoa da, nolabait esateko.
Kuriositatez, kanta bat entzuterakoan berehala dakizu nola moldatu nahiko zenukeen?
Oso garrantzitsua da lehenengo minutuan bertan bertsioaren enfokea oso argi izatea. Askoz errazagoa da norabidea aldatzea bizikletan zoazela, transatlantikoan baino; eta gure kasuan ez da erraza ontzia mugitzea.
Tradizioa apurtzeko eta eraldatzeko dago eginda?
Quantic izeneko musikariak
Tradición en transición (Tradizioa trantsizioan) diskoa kaleratu zuen. Ideia horrek laburtzen du fenomeno baten garapen naturala, non ezagutzatik eta errespetutik abiatuta, denborak zehazten du zerk eusten duen eta zer ekarpen berri gehitzen diren. Bestalde, ez dago inongo eragozpenik esperimentatzeko, erratzeko, ezta asmatzeko ere.
Muturreraino daramazue musika dantzatzeko dela dioen ideia?
Hasiera batean halako taldeen helburua hori zen; hortaz, gure soinuak hain modernoa dirudien arren, musikaren berezko helburuaren alde egiten dugu.