Nevadako azken euskal artzainak

  • Herrialde arrotzean bizimodu duina eramateko borrokaz eta komunitate bateko kide sentitzeaz mintzo da Amerikanuak dokumentala, egileen hitzetan. Garratz eta malenkoniatsu, baita umorez hainbatetan, euskal diasporan ezagun zaigun historia du ardatz, dirua irabazteko asmoz artzain joan eta azkenean han geratu zirenena.
Amerikanuak
Juanito Juaristi Parrillas-ek laurogeitaka urte ditu, eta hogei pasa dira azkenekoz Euskal Herrian izan zenetik. Beharbada horregatik du urrunean galtzen den begirada nostalgiko eta nekatua, Nevadako (AEB) Elko herrian duen apartamentuaren bakardadean. Gehiago ere badio begirada horrek, “dena kontatuko banu…” dio, eta dena ziurrenik ez, baina asko kontatu digute Parrillas-ek, Alfonso Igoak, Jose Leniz Txapo-k, Bixente First Class-ek, Nikolas Fagoagak, Ramon Zugazaga Akerra-k… Hainbat eta hainbat euskaldun gazteren moduan, 1950eko hamarkadaren erdira arte Ameriketara egin zuten alde, artzain gisa dirua irabazteko.

Baina artzainaren bizimodua ez da nolanahikoa. Elkarrizketatuetako batek hamasei urte eman zituen mendian, animalia konpainia bakar. “Zenbatek utzi zuten bizitza mendian! Zenbatek bukatu zuten zoratuta…”. Triste gogoratzen ditu ardi arteko urteak. Berdin protagonista lesakarrak, lanaren gogortasuna eta mendietako isolamendua eta bakardadea gogoan. Beste hainbatek aldiz, aitortzen du bizitzako urterik onenak izan direla artzain beharrean emandakoak.

Hobeto edo okerrago, bakoitzak bere modura bizi izan du esperientzia, eta hura guztia gogora ekartzen dute Elkoko tabernan, alai baina nostalgiko, zurrut, karta-joko, barre eta solas artean: nafarrek eta bizkaitarrek euskalkia dela-eta elkar ulertzeko hasieran zituzten komeriak, garaiko maitasun eta sexu historiak, artzain ona izateko ezaugarriak… Lehen herri bizia zen Elko, euskaldunez betea, baina artzaintza desagertzear den mundua da dagoeneko, eta ez dago euskal artzainik Nevadan, perutarrak eta txiletarrak dira oraingoak. Beldur da elkarrizketatuetako bat, ez baitu uste urtetan mantendutako artzain-negozioari helduko diotenik seme-alabek, “eta dirua baino askoz gehiago da hor inbertitutakoa, bihotza dut inbertitu”.

Elurra mara-mara

Izan zenaren itzal urruna da Elko. Kasinoa, bowling-a, tabernak baditu –euskal izendunak, hainbat–, baina galdu du sasoi oparoetako argi eta distira. Kale erdi-hutsak erakusten dizkigu dokumentalak, bizimodu lasaia, paisaia elurtu, hits eta hotzean. Inguru goibelak bat egiten du protagonistek izandako bizimodu latzarekin, eguneroko kezka eta ardurek ezkutatu ezin duten nostalgiarekin. Ez da film tristea, umoretsu erantzuten dute protagonistek pasarte ugaritan, baina bizitza bere gordinean erraza ez dela igartzen diegu kontalarien hitz eta isiluneei, eta malenkonia kutsua dario emaitzari.

Tonuarekin asmatu dute dokumentalaren egile Gorka Bilbao gernikarrak eta Teruelgo (Espainia) Nacho Reig-ek. Audience musika talde bizkaitarrak filmerako sortutako soinu bandak ere lagundu du horretan. Gorka Bilbaoren aitona hamabost urtez artzain aritua zen AEBetan, eta hori izan zen proiektu honen ernamuina. Berde Produkzioak ekoiztetxearekin elkarlanean, bost astez Elkon izan ziren eta hala gorpuztu zen Amerikanuak dokumentala, Donostiako Zinemaldiko aurtengo edizioan estreinatua.

Elkoko biztanleen erretratu txukuna gauzatu dute 91 minututan, euskal diasporaren zati bat Ameriketako mendebaldean nola egokitu zen ezagutzeko aproposa, galtzen ari den bizimoduaren lekuko.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ameriketara
AEBetako gas-ganberan hil zuten euskal artzaina

Bizi hobeago baten bila Ameriketara artzain joan ziren euskaldunen arketipo jakin bat iritsi izan zaigu, normalean literaturaren bidez, erruz lan egin eta euren sorterrira diru apur bat eginda itzuli ziren horiena. Bada beste historia bat maiz kontatzen ez dena: lurralde urrun... [+]


2019-07-04 | Fernando Merino
Juan Sebastian Elkano

Lehen mundu biraren bosgarren mendeurrena ospatzen ari gara eta Juan Sebastian Elkanori dagokio horren loria eta ohorea.


2017-01-29 | Jakoba Errekondo
Sagard eta huroiak

Kosmopolita da getozka, Portulaca oleracea. Munduan barrena hara eta hona hedatu dugu, jakinaren gainean edo azpian, eta toki askotan ondo bizi da. Noranahitarra da, eta edonon nonahikoa. Dakigun guztia bezala, ez dakigu oso ondo nongoa den. Landareez ari garenean, ikaragarrizko... [+]


'Katalina de Erauso' Pastoral
A character hidden on stage

During the 17th century, an adolescent runs away from the Dominican convent in Donostia because it feels like a prison. Going to America, the adolescent fights for the king of Spain and oppresses the local people; spends decades shaking a sword around in the New World. No, it is... [+]


Eguneraketa berriak daude