argia.eus
INPRIMATU
Zabortegiak eta zabortegiak
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2010ko azaroaren 28a
Europar Batasuneko araudiak hiru motatako zabortegiak bereizten ditu: zabortegi ez-arriskutsuak, arriskutsuak eta inerteak. Orain arte hiri hondakinak zabortegi ez-arriskutsutan bildu izan dira Euskal Herrian. Zabortegi mota horrek baina, arazo ugari sortzen ditu, batez ere zaborra nahastuta joan izan delako organikoarekin eta bestelako produktu kimiko askorekin. Horrek, besteak beste, negutegi efektua sortzen duten gasak isurtzea dakar, eta lixibiatuek –hondakinen artetik igarotzen den urak– gai toxikoak zabaltzen dituzte. Europako Batzordearen 99/31 zuzentarauak neurri zorrotzak ezarri zituen horrelako zabortegientzat eta gehienak itxi beharrean aurkitu dira, baita Euskal Herrian ere.

Zabortegi inertearen alternatiba
“Zabortegia da alternatiba” zioen Urnietako EAJko zinegotzi Maribel Vaquerok (Noticias de Gipuzkoa, 2010eko maiatzaren 15a). Errausketaren defendatzaileek azpimarratzen dute atez ateko sistemarekin beti geratuko dela zati bat zabortegira bota beharrekoa. Zabor hori teorian “inertea” da, hau da, ez luke inolako erreakziorik sortu behar, materia organikoa eta bestelako produktu toxikoak banandu direlako. Horrelakoak jadanik existitzen dira: 2008an hiru zabortegi zeuden EAEn eraikuntzako materia inerteak biltzeko ofizialki baimenduta16. Era berean, proiektu handietatik ateratako lurra ere zabor inerte kontsidera liteke eta materia hori gordetzeko lekuei hondakindegi edo eskoilera deitzen zaie, zabortegi beharrean. Esaterako AHTa egiteko 64 eskoilera sortu beharko dira, trenbide kilometro bakoitzeko 200.000 m3 lur atera behar baita. Kasu askotan, harrobi zaharren zuloak hondakin inerteekin betetzeko proiektuak martxan daude.

Errausketa = zabortegi toxikoa

Erraustegian hondakinak ez dira desagertzen. Airera isurtzen denaz gain, arriskutsuak eta toxikoak diren eskoriak eta errautsak sortzen dira. 2009an 43.000 tona eskoria (zeramika, beira...) eta 8.000 tona errauts toxiko sortu ziren Zabalgarbin. Erraustutakoaren %23 eta lurralde osoan sortutako zaborraren %8. Erraustegien sustatzaileek eskoria arriskutsuak tratatuz gero obra publikoetarako erabili daitezkeela diote –Zubietan 4 hektareatako zabortegia atonduko dute eskoria horiek bildu eta tratatzeko–. Aitzitik, askok zalantzan jarri dute produktu horrek merkatuan irteerarik izango lukeen. Errauts toxikoak, aldiz, zabortegi berezietan gorde behar dira derrigorrez. Zubietakoaren kasuan, sortzea aurreikusten diren 14.700 tona errauts A Coruña, Valladolid edo Huelvara esportatuko direla iragarri zuen Carlos Ormazabal Gipuzkoako Ingurumen diputatuak, eta horretarako egunero kamioiak joan-etorrian ibiliko direla.