Olibondoaren burla

Bizitzaren Basoa eskultura, EHUren Leioako campusean.
Bizitzaren Basoa eskultura, EHUren Leioako campusean.

Lilura eragitea da baratze bat sortzerakoan kontuan izan ohi dugun helburu nagusietakoa. Baratzea ez da soilik barazkitza. Geure baratzeetan barazkiekin batera sendabelarrak, loreak, fruitu arbolak, espeziak, landare mitikoak... izan izan dira. Baratzean etxeko premia guztiak asetzeko landareak elkarrekin bizi dira, baita lilura etiko edota estetiko soiletarako daudenak ere...

Lilura, ordea, norbanakoarena da eta batentzat lilura gozoa dena, beste batentzat sagardo mindua da. Gaur nik min dut. Min ikaragarria.

Izeba zenak bere gorputza ikerketarako eman zuen eta hil zenez geroztik Leioako Medikuntza Fakultatean izan da. Denbora bat igaro ondoren gorpuak erraustu eta unibertsitateko Arboretum-ean dagoen Bizitzaren Basoa deituriko eskulturan jasotzen dira. Ekintza xume honetan izan gara gaur senide batzuk, izebaren eta bera bezalako berrogeiren baten gorazarre. Hortxe piztu da puska batean utziko ez nauen mina. Basoa irudikatzen duen burdinazko eskulturaren erdi-erdian olibondo zahar bat landatu dute, Olea europaea. Mundu guztiko zuhaitzen bilduma izan nahi duen basoaren gailur gure kultura kolonizatuaren irudi nabarmenena jarri dute. Gure izaera atlantiarra etengabe zanpatzen duen olatu mediterraniarra eta ia guda guztien ama diren erlijioen, geurean eliza kristauaren eredu den olibondoa nagusi. Haginak (Taxus baccata), haritzak (Quercus robur) edo Lizarrak (Fraxinus excelsior) behar lukeen tokian olibondoa. Izorrai! Gure kulturaren paisaiaz, gure etxearen premiez zer jakingo dute, noski, unibertsitatearen eskariz baratze hau diseinatu zuten Boriana Christova Dontcheva, Miguel Rodríguez Rivas, Peter Nicolov Dontchev eta Oscar Rubén Torres López jaun-andereek.

Ildo beretik, gaurko ekintza xumean harrera, emaileen aipamena, medikuntza ikasleen eskertza, departamentu buruaren hitzak... den-dena gaztelera hutsez izan da. Lau hitz ziztrin izan ezik. Irainaren ospakizuna izan da, non eta arrazoiaren, errespetuaren eta elkarbizitzaren habia omen den unibertsitatean. Etorkizun ederra... Beste izeba batek esaten duen eran: lotsagabeentzat mundua!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bestelakoak
2019-05-19 | Jakoba Errekondo
Zaldaleak irabazten

Egunak gauari gaina hartzen dio udaberriko ekinozioarekin. Aurten martxoaren 20an gertatu da, 22:59an, udaberriaren atea irekiz. Eki aurrizkiak gauza bera esan nahi du. Ordura arte gaua luzeagoa zen. Egun hartan egunak eta gauak hamabina ordu izan zituzten. Ordutik eguna... [+]


2019-03-31 | Jakoba Errekondo
Klima aldaketa eta paisaia

Eguraldia aspaldian dugu hizpidean jarria; klimarena, ordea, berri samarra da. Klima aldaketa zer den argitu behar handirik ez dago. Paisaia zer den azaltzea bai, horren premia gorriagoa da. Puri-purian dago klimaren aldaketaz hitzaldi, mahai inguru edota nazioarteko... [+]


2018-09-16 | Jakoba Errekondo
Sagardoaren emakumeak

Fruituak bildu eta dolarerako bidean jartzeko sasoia da. Udarea (Pyrus communis), sagarra (Malus x domestica), mahatsa (Vitis vinifera)... Bide motz eta azkarra dirudi baina makina bat itzulinguru eta hauen saihesbide landu behar dira fruitua muztio eta muztioa edari alkoholdun... [+]


2018-07-22 | Jakoba Errekondo
Alde guztietatik jatea

Euskal Herrian nekazaritza etengabeko kolonizazioaren historia da. Toki guztietan bezala. Lehen lantzen ez zen lurra lugorritu; lehen ereiten ez zen uzta erein; lehen jaten ez zena gozatu. Dena beste nonbaitetik ekarria. Historia horietako asko idatzi dituzte nonahi laboreek;... [+]


2018-04-22 | Jakoba Errekondo
Kurka-kurka

Laboreekin egiten diren ardoetara itzuliz, ezker-aihena (Humulus lupulus) kontserbatzaile eta dasta mikatzaren eransle dute. Laboreak eta ezker-aihena uztartzeak makina bat zurrustada gozo sortua du, kurka-kurka, batik bat garagardoaren herrialdeetan. Lagun batek azaldu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude