"Poesia traizionatzen baduzu zure bizitza traizionatzen ari zara"

  • Hiru lan argitaratu ditu berriki: Errepidea (Erein), Zazpi Orduak (Elkar) eta Bitsa eskuetan (Susa). Narrazioak dira lehen biak. Poesia liburua hartu dugu eskuetan. Bitsa eskuetan nola, halatsu joan zaizkigu hitzak, bizitza nola.
Iñigo Azkona
Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962) Kirikiño Ikastolan aritu zen hainbat urtez. Filologia ikasi zuen garai hartan, ikasle helduagoekin aritu eta idazteko asti gehiago izateko. 1992tik Giltza argitaletxean aritu da orain gutxi arte: “Zuzendari, edukien egile, itzultzaile, zuzentzaile edo kudeatzaile izan naiz”.

Eskolako eta argitaletxeko garaiak osatu ondoren, beste molde batez aritzeko aroa bilatzen ari da: “Zaila da literaturatik bizitzea. Baina denboraldi batean literaturaren inguruko jardunetan ibili nahi dut: idazten jarraitu, errezitaldiak eman, literatur itzulpenak probatu, ikastetxeetan solasaldiak egin... Akaso, geroxeago, irakaskuntzara bueltatu. Denboraren jabeago izan nahi dut, arnasa beste modu batez hartu...” diosku.

Hiru liburu kaleratu dituzu ia batera... Pertsona metodikoa zara inondik ere.


Metodikoa ez hainbeste, saiatua bai. Liburuak aldi berean kaleratu dira, baina aspaldi nenbilen batean eta bestean lan eginez, aldizka. Gertaerek eta bizipenek nola harrapatzen zaituzten, tratamendu bat edo beste ematen diozu ideia berari, momentuko jarreraren arabera: lirikoagoa, ironikoagoa, fantasiazkoagoa... Horregatik, poesia batetik, eta narrazioak bestetik. Azken aldian literatura aterpe izan dut, eta bidean neuzkan materialak amaitu ahal izan ditut.

Miren Agur Meabe poetaz jardun nahi dut. Bitsa eskuetan liburuaz.


Liburuan hiru gai nagusi daude, hiru partetan banatuta. Lehenengoa, izatearen errepaso modukoa da, iraganeko bizimoduari agur egitea eta orainari ongi-etorria egitea, errealitatera egokitzea, nolabait. Bigarrenean, amaren heriotza kontatzen dut, maitasun-aitorpena eginez. Hirugarrena harreman baten kontaketa da. Liburuaren alfa –baita kronologiaz ere, poema hori 2001ekoa-edo delako– lehen poema da, Definizioa; eta omega, azkena, Entropia, aurten idatzia. Bi mugarri horien artean garapen bat dago, eta hortxe hartzen dute tokia liburuko deitura guztiek, adibidez.


Poeta Meibi da; maybe, agian; Meabe akaso. Mitxu ere bai... 


Eta Goikokaleko neska, edo zure alaba, edo Mirentxu, La jolie fille... M. A. ere bai, inizialak. Eta Plaisir. Lagunentzat Mitxu naiz; segun norentzat, izen bat. Lehen poeman ikerketa bat abiatzen da, “hau ez da kolonia-iragarki bat”. Azkenean, berriz, bizitakoak bizi eta gero, esaten da “Plaisir deitu dit norbaitek”. Paradoxa polita, esanguratsua, nire koloniaren izena delako. Lehen poeman esaten da “zure inizialak idatziko nituzke”; azkenean, berriz, “M. A. idatzi dut lurrean”. Hortxe dago kontrastea: entropia kontzeptuak itzulezintasuna adierazten du. 

Edith Piaf-en La vie en rose abestiak ematen dio izena lehen parteari. Frantsesa ageri da poemetan. 


Gure sasoikoen hezkuntza sentimentalean frantsesak garrantzi handia izan du. Frantsesaren garaiko eskolakoak gara; ingelesaren gorakada geroxeago etorri zen. Trebea nintzen frantsesez... Batzuetan, ligatzeko, frantsesarena egiten nuen, pentsa. Frantziara ikasle joateaz egiten nuen amets. Irakasleak magazineak ekartzen zizkigun, erakargarriak, modernoak, eta diskoetako letrak arakatzen genituen –Moustaki, Ferrat, Brel...–. Lilura sentitzen nuen, erromantikoa eta estilosoa zen... Liburuan, horregatik, ironizatzeko balio izan dit. Bizitza arrosa kolorekoa da, baina gaztelaniaz esaten den bezala, rosa palo.


Latza da zenbaitetan, eta ezin da dena kontatu.


Bizi dugun den-dena ez da aipatzekoa, aukeratu egiten dugu zer kontatu, eta nola egin geure erara. Bizipen batzuk aztertzen ditugu, introspekzioa egitea beharrezkoa zaigulako bizitzan kokatzeko. Poesiaren bidez egin daiteke azterlan hori. Neurri horretan, norberaren gogoeta baliagarria izan daiteke irakurlearentzat, identifikatua senti daitekeelako.

Zerk motibatzen zaitu poesia idazteko?


Poesia idaztean, batzuetan emozioak gogoeta bihurtzen dira. Nire gaiak igual ez dira garrantzitsuak mundu zabalarentzat, gai sozialik ez dut jorratzen, injustizien salaketarik ez dago apenas. Ez dut esan nahi kezkatzen ez nautenik, baina ez zait ateratzen, eta gainera, ez luke balioko pose hutsak, demagogiak. Beraz, zerk motibatzen nau? Neure burua ulertu edo gobernatu beharrak, eta horretarako, nigan benetan eragina duten gauzez hitz egiteak. Horixe da zintzotasunaren oinarria, nire ustez.

Poesia medio, biluztu egiten zara neurri batean. Azalaren kodean bezala, honetan ere.


Poesia ispilutzat hartzen baduzu, ezin duzu engainatu. Poesia traizionatzen baduzu zure bizitza traizionatzen ari zara, eta alderantziz... Biluzte edo huste horretaz kontzienteagoa naiz liburu honetan Azalaren kodea idatzi nuenean baino. Exhibizionismo puntu bat badudala aitortu behar dut. Orduan ez nintzen horren kontziente, ez neukalako neure burua idazletzat.

Nolatan hori?


Idazle izateko ez da nahiko “idazlea naiz” esatea; besteek ere bihurtzen zaituzte idazle. Editore eta irakurle barik ez zara idazle. Orduan ez nengoen gure literatur sistemaren barruan. Azalaren kodea idazteak bakarrik ez, argitaratzeak ere, eman zidan konfiantza eta sekulako indarra. Ordutik hona hamar urte joan dira eta gogoz lan egin dut: ume eta gazteentzako liburuak, nire liburuen itzulpenak, hemen nahiz hemendik kanpo hainbat irakurralditan parte hartu dut. Orain janzten jarraitu behar dut, irakurleekin elkarrizketa lantzen eta probak egiten hurrengo egitasmoetan beste urrats bat emateko. 

“Zer diostazu, oro har, emaitzaz? Esadazu benetako bizitza aski den benetako poesia egiteko”. 


Hori da Geranioaren minipoetika poeman neure buruari eta irakurleari galdetzen diodana; hau da, nire zerak kontatzen ari naiz liburuan, hemen duzu bitsa eskuetan, bizitza bistan. Baina aski da zintzotasuna poesia ona egiteko? Zalantza itzelak izaten ditut idazten dudanaz. Balio dio irakurleari? Ba al dago topaldirik irakurlearen eta nire begiradaren artean? Estiloak funtzionatzen du?


Azalaren kodean bezala honetan ere gorpuztasuna eta “tragedia” pertsonalak ageri dira. 


Liburu diferenteak dira, baina honetan badago haren oihartzunik, beste bizi-parametro batzuetatik azalduta. Gorpuztasuna dela-eta, badakit baten batek esan dezakeela: “Hara, honek aurkitu du trikimailua: bularrak eta bagina aipatu, eta lixto”. Kontua ez da hori. Gorputza da denboraren igarotzea islatzen duen materia, eta komunikazio fisikoa eta egoera emozionala islatzen duena ere bai. Nahitaezkoa da gorputza aipatzea sentsasioez hitz egiteko. Beste aldetik, “tragediak” bizitzako une txarrak dira, eta liburuan badago horiei neurria hartzeko ahalegina. Dena dela, horiei tragedia deitzea erridikulua da Anna Akhmatovaren edo gerrako haurren arazoekin konparatuta, liburuan aipatzen diren adibideak ekartzearren. 

Bitsa eskuetatik nola, badoa bizitza ere.


Bitsa paradoxa da: bolumena dauka, distiratsua da, alaitasun kutsua dauka, baina berehala ezerezten da. Bitsa oparotasunaren sinboloa da, hedonismoarena, argitasunarena, baina baita gabeziarena, iragankortasunarena eta babes ezarena ere. Liburuko hiru ataletan bitsa dago, zentzu bietan: gaztaro galdua, amodio-harreman batzuen aldaketa, maite izandakoen heriotza... Bitsa, bizitza legez, itxuraz asko da, eta une batean ezer ez.

Irudikatzen al duzu sinbolorik gabeko mundua?


Ez. Sinboloak, metaforak, praktikoak dira errealitatea ulertzeko. Eguneroko gauzak ere konparazio sinpleen bidez errazago esplikatzen dira. Halaxe sortu zen liburuko esaldi bat, gerora izenburua bihurtu dena. Lagun bati, nitaz galdetu zidanean, erantzun nion: “Bitsa besterik ez daukat eskuetan”. Bitsa eta bizitza hitzen artean hoskidetasuna dago, gainera. “Min itzela dut eskuetan” da liburuko azken lerroa. Min egiten al du bitsak? Bai. Zer bitsek? Bizi izan eta kontatutakoak, bizitzak.

Asun Landa Mendiberi eskaini diozu liburua...


Momentu eskasetan ikusi nau, lagun ona da, eta sarritan esan dit, kontsolatzearren, “tragediek”, lurrikarek, badutela alde ona, idazteko ematen didatelako. Eta egia da, liburu hau min batzuen ordaina da eta.

Hainbat poetaren aipuek tokia dute liburuan. Hona Marina Aoizena: “Pentsatzen dut ate bat dela bakardadea”.


Horretan bat egiten dut Marina Aoiz poeta nafarrarekin. Bere poesian natura da giltzarrietako bat. “Pienso que la soledad es una puerta” dio poema batean. Hau da, edozein galera, muturrera eroanda, aurkikuntza bat izan daiteke, edo irabazi bat, baina lortzeko, zeharkatu egin behar da egoera bat, hesi bat.

“Batzuetan nahikoa oldoztu bako ekandu ergela da bizirik segitzea” dio Jose Luis Otamendirenak. Latza da gero! 

Latza eta ederra, baina eskerrak oldozten ez dugun... batzuetan inertziak eramaten gaituela atearen beste aldera, bizitzen segitzeko, bits berrien bila.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude