Ardo ekologikoaren aukera sasoi beltzean

  • Mahats ekoizpenak behera egin du, baina mahats kiloa gero eta gutxiago ordaintzen dute ardogile handiek. Ardoaren burbuila lehertu den honetan, sektorearen arazoak azaldu dizkigute Cándido Besa upategian. Ardo ekologikoa eta salmenta zuzena dira euren marka. Liberalizazioa gertu dago eta sintzeroak dira: “Ez dago beste irtenbiderik irautea baino”.
ardogileak
Axier Lopez
Toloñoren gerizpean dago jarrita Eskuernaga, biztanleko upategi gehien duen Arabako Errioxako herria (43 upategi, 318 biztanle). Eskuernagan –edo Villabuena Araban, Euskaltzaindiaren onomastikaren arabera– ate bakoitzean Errioxa jatorrizko deituraren (DJ) plaka ezaguna ageri da, eta udazkenean traktoreen soinuak puskatzen du mahastien lasaitasuna. Mahatsetik eta ardotik bizi den herriaren paradigma da Eskuernaga. Han dute egoitza ardogile sonadun askok: Luis Cañas, Izadi, Arabarte… bai eta beste upeltegi txiki ugarik ere. Mahastizaintzak bizi duen krisiaren berri ederki asko dakite han. Izan ere, Ebroko urak harro datoz aspaldion, are gehiago Errioxako Elkarte Interprofesionalak joan den martxoan mahatsari prezioa oraindik gehiago jaisteko ateak ireki zizkionetik.

“Nik emango diot bonbari eta zuk heldu goitik!”, “Tira tira!”. Cándido Besa upategian joan etorrian dabiltza bertakoak. “Orain mahatsa barruan daukagu eta bonbarekin ardoa homogeneizatzen dugu, badakizu, tenperatura, kolorea, legamiak…” dio Estibaliz Besak. 1940 inguruan sortu zuen bere aitak upategia eta egun ia bederatzi hektarea dituzte ardotarako, 60.000 botila produzitzeko adina. Upategi txikia baina dinamikoa da, ardoa zuzenean saltzen die bezeroei eta ardo ekologikoa eta autorekoa egiten dituzte.

“Interprofesionala urte askotako gure erreibindikazioa izan da –azaldu du Lorentzo Gorroñok– eta suposatzen da egin beharko lukeena dela gutxienez mahatsari prezio minimoa jarri, esan ‘mahatsaren produkzio kostua hau da’, hori gutxienekoa da”. Gaur egun, kalkulatzen da mahats kilo bakoitza ekoiztea 0’62 zentimo euro kosta dela, baina produktoreari 0’40 besterik ez zaio ordaintzen. “Hemen numeroak ez dira ateratzen eta lau edo bost urtean mahasti askok hondoa joko du. Lehen urte onak eta txarrak izaten ziren, baina orain konturatu gara luzerako direla txarrak”.

Ardogile handien eta Errioxako ardoa erregulatzen duten erakundeen jarrerak lortu du, mahastizaintzako sektore heterogeneoa kalera baturik ateratzea, eta manifestazio jendetsuak egin dira Logroñon, sindikatuek deituta. Besaren ustez, upategi handiak “krisiaren izenean aprobetxatu dira”, are gehiago lehenengo sektorea bezalako kolektibo ahul batekin: “Nekazal munduan indibidualismo handia dago. Oso gaizki gaude, baina ez gara elkartzen presioa egiteko, ez dago kultura hori, baina elkartu beharko ginateke mahatsari prezio duin bat jartzeko behintzat”.

Ardoaren biharamuna

Espainiako Ardoaren Merkatuko Behatokiaren arabera, ardoaren kontsumoak %10 egin du behera, baina Europar Batasunaren esanetan ardo ekoizpena gehiegizkoa da Espainiako Estatuan –38 milioi hektolitro– eta ekoizpen hori “arrazionalizatzeko” mahastiak kentzea bultzatzen ari dira. Urte luzetan, oso bestelako politika sustatu izan da ordea: “landatu eta landatu, hortara eraman gaituzte eta orain dator buelta” dio Gorroñok. Cándido Besa upategikoek ardoa elaboratzen dute sikiera, baina asko dira lehen ardogile izan eta lanbidea utzi zutenak mahatsa upategi handiei saltzeko, batez ere 2000. urtean kiloko prezioa 400 pezetan (2,4 euro) jarri zenean, izotzak jo zuelako: “Jendeak pentsatu zuen, ni hemen aberastu egin behar naiz”.

Errioxako Kontseilu Arautzaileko presidente Victor Pascualek garbi esan du esportazioaren beherakadari aurre egin eta merkatu zatiari eusteko “ardo onenak” aukeratu behar direla. Ildo horretan, Kontseilu Arautzaileak mahats kartilla edo errendimendua %10 jaitsi du, beste behin ere, eta azken hamarkadan %45 jaitsi da ekoiztu daitekeen mahats kopurua, mahastizainak are egoera larriagoan utziaz. “Errendimendua jaitsiko dute, baina jatorrizko deiturari atxurkada bat geratzen zaio”, Gorroñok ahobizarrik gabe hitz egiten du urte gutxi barru ardoaren sektorean gerta litekeen liberalizazioaz: “Liberalizatzen den mo­men­tuan, zer pasako da mamotreto guzti hauekin? Zer ari dira defendatzen, ekoizleek behera egin eta haiek mahastien jabe izatea? Oraingo upategi handiek ez dute ez mahastirik, ez traktorerik ez ezer. Hori da kontua”.

Baina ardoaren sektorearen ajeak urrunago doaz, eta adreiluaren krisiak burukominak ematen ari zaizkio. Eskuernagan, eraikin bat nabarmentzen da beste guztiengandik: Viura luxuzko hotela. Berrikitan ireki dute, lau milioi euro gastatu ondoren. Horrelako hotel, bodega-museo eta arkitektura obra ugari zabaldu izan dituzte urteotan Arabako Errioxan, eraikuntza enpresek ardogintzan begia jarri zutenez geroztik. Baina higiezinen krisiak estu utzi ditu horietako asko; batzuk salgai daude eta beste askok ordainketak eten dituzte. Noiz lehertuko da burbuila?

Mahats ekologikoa eta etiketarik behar ez lukeen ardoa

Nola egin diezaioke aurre produktore txikiak egoera horri? Zein da alternatiba? Lorentzo Gorroñoren hitzetan “egin dezakegun gauza bakarra da kalitate oneko ardoa egin eta gurearekin jarraitu, bezeroarekin harreman zuzena izaten”. Cándido Besa upategia ABRAko (Arabako Errioxako Upeltegien Elkartea) bazkide da; era berean, bezeroak dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan, eta Lurrama bezalako ferietan ere egiten dituzte salmenta zuzena lortzeko kontaktuak. Horri esker lortu dute orain arte irautea. Dena den, “gu ez gara marketinlariak” diote, “garbi dago bitartekariak kendu behar ditugula, baina horrek ez du esan nahi salbatuko gaituenik”. Hain zuzen, marka ekologikoaren merkatua helduleku aparta izan liteke, zabaltzen ari baita eta erantzuna behar du.

Upategiko komedorean ENEEK nekazaritza ekologikoaren kontseiluko enologo batzuk laginak hartzen ari dira hartzidura prozesuan dagoen mahats ekologikoz egindako muztiotik. “Ardo ona espero da, ematen du baremo guztiak ondo daudela –dio Estibaliz Besak–. Aurten mahatsa oso ondo zegoen, gogorra, usteldu gabea…”. Zazpi urte dira ardo ekologikoa egiten hasi zirela eta jadanik hektarea eta erdi modu horretan dute jarrita ofizialki, besteak beste Espinal mahastian. Lurrak lau urteko prozesua behar du kutsaduratik garbitzeko eta epe horretatik aurrera eraman dezake bertako mahatsarekin egindako ardoak ekologikoaren zigilua. Cándido Besa upategiko arduradunen ustez aurreiritzi asko dago ekologikoaren inguruan, esaterako, garestiagoa izan behar dela. Baina euren kasuan ez da horrela, Gorroñok azaldu duenez “mahats ekologikoa produzitzea ez da garestiagoa, garestiagoa edo merkeagoa izaten da kantitatearen arabera, etiketatzearen kostuengatik”.

Eskuernagan lau upategi hasi ziren ardo ekologikoa produzitzen, baina gaur egun bi besterik ez dira zigilu horren pean ateratzen. Dena den, badira upategiak, ofizialki ez bada ere, ardo ekologikoa produzitzen dutenak. Estibaliz Besa eta Lorentzo Gorroñoren ustez horretara jo behar da: “Ez litzateke ardo ekologikoa etiketatu behar, konbentzionala baizik” diote. Beraiek ardo ekologikoarekin hasi ziren ikusi zutelako produktu kimikoekin erabat ari zirela lurra kutsatzen: “Orain 40 urte ez zen horrelako ezer botatzen, gero, bat-batean sartu ziren ongarri kimikoak, eta lurra analizatzen baduzu desoreka pila bat ditu. Lurra hiltzen ari gara, eta zaindu egin behar dugu pixka bat. Gurea, hautu ideologikoa izan da”.
Mahats biltzaileak, piramidearen oinarrian
Maroko hegoaldetik omen dator. Melillatik pasa zen penintsulara eta kotxe bete trastez itzuliko da bere herrira, “Jainkoak nahi badu”. Ea kamerak argazkia paperean botatzen duen galdetu du, oroigarria poltsikoan sartzeko gogoz geratu da. Urtero etortzen da sasoi honetan, eta urtero ostatatzen dute etxe berean. Mahats biltzailea da.

“Aurreko urtean 11 pela ordaindu zieten somara, aurten berriz 7,5. Laster nor etorriko da mahatsa biltzera? Mafia pila bat dago, portugesak ekartzen dituzte europarrak direlako, baina mafioso baten pean egoten dira eta egunero bederatzi ordu lan egiteagatik 35 euro kobratzen dute”. Lorentzo Gorroñok garbi du mahastizaintza jasaten ari den krisiaren ondorioak zuzen zuzenean jasaten ari direla mahats biltzaileak. Negozio honetako talderik zapalduena dira, kasu askotan kontraturik gabe egiten dute lan, immigranteak izan ohi dira, handik hona dabiltzan jornaleroak.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia soziala
Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz

Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek.


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


2024-03-03 | Garazi Zabaleta
Azokoop
Pirinioetako Artzibarren lan eta bizi: hurbileko kontsumorako denda eta proiektua

Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]


Analisia
Agroekologia, alternatiba politiko bat

Gabonei buruz gaizki esaka behar baino gehiago jan eta edan, hondamendira garamatzan kontsumismoaren parte garela onartu eta gurutze hori eramangarria egiteko bidea aurkitu, etzidamu egunerokora itzuli arte. Askok egingo dugu hori, eta ez dut uste indibidualki eta etxean... [+]


Ertzeko bizitzen auto-eraketa sareak eta KoopFabrika

Niretzat Talaios kooperatibaren eta Olatukoopen bitartez kooperatibismoan eta ekonomia eraldatzailean jardutea zer den galdetzen didatenean, erantzuten dut izan dela lanaren eta kolektiboaren bitartez emantzipaziorako bideari ekiteko aukera. Eta bide horretan, oso garrantzitsua... [+]


Eguneraketa berriak daude