Hondarrezko kale a(sa)ldakorrak
Las calles de arena. Paco Roca.
Delcourt / Astiberri (2009).
102 orrialde, koloretan.
Zuei ere gertatuko zitzaizuen. Ustez ezagutzen zenituzten kaleetan bueltaka hasi eta desio zenuten lekura ezin iristea. Orientatzeko sena galdu samar daukazuenok sufrituko zenuten inoiz sentsazio deseroso hori: “Jatetxe horrek hemen beharko luke ba!”.
Paco Roca valentziarrak txiribuelta kafkianoa eman dio esperientzia horri. Komikiko protagonistak ezin du bere hiriko Auzo Zaharretik atera. Egunak eman ditu han, bide egokia aurkitu ezinean. Egoera berean daude ezagutuko dituen pertsonaia bereziak, hondarrezko kaleetan harrapatuta, surrealismoa eta absurdua nahasten diren istorioetan korapilaturik.
Komikiak ezinegona sortzen du. Ez soilik narrazioagatik. Eszenatoki, pertsonaia, sentipen bakoitzari kolore-tonu bat dagokio. Irudi sarri mutuek gidatzen dute kontakizunaren hotzberoa, bare batzuetan, itogarri besteetan.
Bada, ordea, esperantzarako tarterik, amets batek patua alda baitezake. Beldurrak beldur, irri egiten dute pertsonaiek, eta irri irakurleak. Irri mapak 1:1 eskalara egiten dituen gizon argentinarraren azalpenak entzutean. Irri, ispiluek bere irudia islatzen ez dutenez, bizarra mozten duen bakoitzean ebakitxo bat egiten duen kondearen ateraldiekin... Umoreak ezinegona arintzen laguntzen du, eta azal surrealista daukaten istorio absurduak humanizatu egiten ditu. Azken finean, edonori gerta dakiokeen istorioa duzue esku artean.